Non dago Somaliland?

2005eko argazkiak, soinean Somalilandeko koloreak daramatzaten neska gaztean hauteskunde kanpaina baten baitako ekitaldian./
2005eko argazkiak, soinean Somalilandeko koloreak daramatzaten neska gaztean hauteskunde kanpaina baten baitako ekitaldian.

Kataluniako 'procés' dela medio, independentziaren aldeko eta kontrako tirabira guztietan Andorra, Liechtenstein, Tuvalu, Krimea, Ipar Sudan edo Eslovenia agertzen dira, baina inor gutxi akordatzen da Somalilandekin

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Txikiak direlako edo independentzia lortu berri dutelako. Aldameneko herrialde handiagoaren futbol Ligan jokatzen dutelako edo burujabetasunaren kontra bozkatu direlako. Ala, alderantziz, inork onartu ez duen bozketaren batean baiezkoa eman dutelako. Edo burujabetasunaren desioz, espero desesperatuan daudelako. Kataluniaren inguruko kronika guztietan, zutabe eta irrati-telebista saio eta solasaldi denetan luze, franko, aise, erraz, erruz mintzatzen da Quebecez, Eskoziaz, Korsikaz, Krimeaz, Kosovoz. Edo Hegoaldeko Osetiaz. Edo NBEko hainbat kideren ustez, oraindik ere Moldaviako zati den Errepublika Moldava Pridnestroviana errebeldeaz.

Hamaika herri txiki, berri edo nazioarteko errekonozimendu eskasa jaso dutenak (Nagorno Karabaj Errepublika, esaterako, Hegoaldeko Osetiak, Abjasiak eta Transnitiak baino ez dute onartzen. Eta hiru horiek, Ukrania, Moldavia eta Errusiaren arteko muga direlarik, auzi armatuen ondorio politiko eta territorialak dira, izatez….

Bai, izen eta herrialde anitz gora eta behera 'procés'-ek aurrera/atzera/erdizka/geldi/ eta tira egiten dueneko garai hauetan. Baina inor ez da akordatzen Afrikako Aden golkoan den Somalilandherrialdeaz nahiz eta benetan merezi duen aipamena; akaso goraipamena ere bai.

Errekonozimendu bila

Somaliako Ipar-mendebaldean kokatua den lur zati hau 1991eko maiatzaren 18an banandu zen inork ez dakien noiztik gerrak, goseteak eta lehorteak osaturiko infernuan bizi (hil) den Somaliatik. 2017 honetako azaro honen 13an izan ziren hauteskundeak bertan. Bakean. Arazorik, apartekorik, gorabeherarik gabekoak. 700.000 lagunek eman zuten botoa eta boto horien ondorioz, Muuse Biihi Abdi izendatu dute bertako presidente berria. NBEko, Europako eta Liga Arabiarraren ordezkarien esanetan, hauteskunde horiek gardenak izan dira baina hiru hautagaietako batek ez ditu emaiatzak onartu eta kalean izan diren istiluetan, hiru lagun hil dira… Nazioarteko behatzaileek hautagai galtzaileei erregutu/aholkatu zieten erreklamazio guztiak hauteskunde lege barruan egiteko eta ez kaleetan. Alferrik.

Presidente berriaren eta 4 milioi biztanle ia guztien desio eta ahaleginak duela 26 urtekoen berberak dira: nazioarteko errekonozimendua lortzea. Izan ere, nahiz eta Somaliako egoerarekin konparatzen badugu Somaliland ia paradisua izan, nahiz eta merkataritza tratu ezin hobeak mantendu Saudi Arabiarekin (milaka tona haragi erosten dizkio Mekarako erromesaldiaren garaian), nahiz eta txanpon propioa eta konstituzioa izan, nahiz eta zerealetan eta mineraletan herri aberatsa izan, mundu osoko herrialde bakar baten ere ez du Somaliland errekonozitu. Eta ez da horrela izan kazetari batek 18 hilabeteko kartzela zigorra jaso duelako. Kazetariei tratu txarrak ematen dizkieten hamaika estatu ezagutzen ditugu eta horietako asko NBEko eserlekuetan daude eroso. Ez. Egia da paperezko hedabideetan zein digitaletan idazten duen Mohamen Adam Dirir kondenatu izan zenean beste dozenaka kazetarik Somalilandeko prentsa lege atzerakoia salatu zutela. Baina hori, tamalez, ez da egungo mundu gurean zio nahikoa beste nazioen errekonozimendua ez eskuratzeko

Inork ez daki zergatik Somalilandek ez duen inongo babesik, inoren laguntzarik edo konplizitate politikorik. Inork ez dio erreparatzen bastante lasai, bastante fin, bastante demokratiko bizi den herrialde txiki honi independentziaz eta burujbertasunaz hitz egiten denean. Eta bastante egokia litzateke kasu askotan. Britainia Handiko protektoratua izanda, Italiak konkistaturiko lur hau arazo ekonomikoak zirela tarte independizatu zen Somaliatik. Somaliland izango zen herrialdeko hainbat libratzaileak agudo konturatu ziren duela 26 urte Somalia osoak hondamendirako bidea hartua zuela eta alde egiteko deia egin zien iparmendebalde emankorrean bizi zirenei. Ondorioa, bandera, txanpona, ereserkia, ikurra dituen inork erekonozitzen duen herrialde kasik aberats hau da; ez NBEan ez beste nazioarteko elkarte ofizialetan ez dagoena.

Ba al du non eta norekin biltzerik, halabaina? Bai, UNPO izeneko erakundea. Ordezkaritza gabeko Herrialdeen eta Herrien Erakundea ditu izen-izana eta Estoniako, Tibeteko eta Mendebaldeko Turkestaneko buruzagiek sortua da. 1991ean. Non? Nazioarteko Justiziarentzako horren garrantzitsua den Haga hirian. Zeintzuk dira UNPOko partaideak? Balochistan, Barotseland, Ruandako Batwa herriaren ordezkaritza, Krimeako tartaroak, Irango eta Irakeko lurretan den Kurdistan mamu estatua, Kosovo eta joandako garietan estatu feudala izan zen Alpeetan den Saboia

Ez, inork ez dio erreparatu Somalilandi 'procés'-eko momenturik gorenetan. Baina Somaliland existitzen da. Bere buruaren jabe. Banderadun. Txanpondun. Hargesia du hiriburu eta 'Samo ku war' ('Gora pakean bizi dugun bizitza!') kantatzen dute harro biztanleek. Ez da ez geopolitika ez geoestrategia kontua, baina munduko herrialde batek ere ez du Somaliland errekonozitzen… Baina existitu, existitzen da. Kurioso. Burujabe bai, alta inoren onespenaz. Hona hemen koordenatu geografikoak: 9º33' 56'' Ipar. 44º03' 38'' M . A, zein hizkuntzatan dihardute bertakoek? Somaleraz, arabieraz eta ingelesez. Hiru horietan mintzatzen dira horren urrun, hain zaila den nazioarteko errekonozimenduaz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos