'Corpus', Sara Moranteren ibilbidea biltzen duen erakusketa

Sara Morante, artxiboko argazkian./USOZ
Sara Morante, artxiboko argazkian. / USOZ

Martxoan zehar izango da ikusgai UPV/EHUren Donostiako campuseko Andrestegi aretoan

Sara Morante ilustratzailea da, eta marrazkilaria, eta narratzailea... Beraxek orain dela urte batzuk egin zioten elkarrizketa batean esan bezala, "sormenezko lanak egiten dituen langile autonomoa da". 1976 urtean Torrelavegan jaioa, Artelekuko tailer ia mitikoetatik igarotakoa, aurreneko lanak 2011 urtean argitaratu eta segituan, 2012an, hain zuzen, ilustrazioko Euskadi Saria jaso zuen, Vsévolod Garshin-en 'La flor roja' libururako egindako lanagatik.

Harrezkeroztik sekulako ibilbidea egin du, eta narratzaile bezala ere nabarmendu da. Martxoaren 1etik 30era, sortzaile honen ibilbidea hobeto ezagutzeko aukera izango da Donostian. Zehazki, UPV/EHUren Ibaetako campuseko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, non 'Corpus' erakusketa zabalduko den, Gipuzkoako 'ehukultura' programaren barruan antolatu da.

UPV/EHUk ohar baten bidez zehaztu duenez, "'Corpus' obran Sara Morantek literatura ilustrazioan 2011tik (debutetik) orain arte egindako lanak biltzen dira. Erakusketan bere iruditeria pertsonala ondoen definitzen duten obrak eta argitalpenetan nabarmenenak izan direnak jasotzen dira: marrazki pertsonaletatik hasi eta liburu ilustratuetarako edo liburu azaletarako ilustrazioetara arte. Beti izan du presente giza irudia, eta emakumeak garrantzi berezia du protagonista gisa bere marrazki eta ilustrazioetan: begirada hieratiko eta sarkorra duten emakumeak sutan, kaioletan edo arantza koroetan harrapatuta, geziak kendu baino lehenagoko San Sebastianak, eta tragedia mespretxuz edo ikaraz begiratzen duten emakume heroiak. Haren obran, ohiko baliabideak dira anatomia femeninoa eta sexualitatea, ezkutatzen dituzten maskarak, eta barne indar handia duten emakumeak. Halaber, leku berezi bat dago idazle hauen erretratuentzat: Virginia Woolf, Santa Teresa de Jesús eta Carson McCullers besteak beste".

Erakusketa 09:00etatik 20:30era ikus daiteke astelehenetik ostiralera, eta 09:00etatik 14:00etara larunbatetan. Sarrera librea eta doakoa da, eta erakusketarekin batera, Sara Morantek eta Luisa Etxenikek bisita gidatu bat egingo diote erakusketari, martxoaren 20an, asteartea, 12:00tik 13:00tara, eta bertaratukoekin mintzatuko dira emakumeak, artea eta literatura gaiaz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos