Leo da Vinci eta Mona Lisaren abenturak

Leo da Vinci eta Mona Lisaren abenturak

Errenazimentuko artista handiaren bizitzan inspiratutako animaziozko film italiar bat dakar oraingoan 'Zinema Euskaraz' egitasmoak

'Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa' animaziozko film italiarra euskaraz estreinatuko du Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait zinema aretotan ostiral honetan, apirilaren 13an, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadi plataformaren bidez kudeatzen duen 'Zinema Euskaraz' programaren bitartez.

Film honetan, Leo Da Vinci pintore eta buruan ideia ugari duen asmatzaile gaztea da, eta Mona Lisa sute baten ondorioz etxea galdu duen neskarekin erabat maiteminduko da. Leok lagundu egin nahi dio eta egoera konpon dezakeen abentura zoro eta zirraragarria planeatu du. Sergio Manfiok zuzendu du Errenazimentuan Florentzian jaio zen artista eta asmatzailearen bizitzan inspiratuta dagoen filma.

Datorren maiatzean, bestalde, 'Grufaloa' filma euskaraz estreinatuko da zinema aretoetan. Julia Donaldsonen best-seller liburuan oinarrituta dago, eta mundu osoan hamar milioi ikuslek baino gehiagok ikusi dute jada.

'Zinema Euskaraz' programaren helburua da «euskararen erabilera bultzatzea komunikazio kulturalerako bitarteko gisa», eta, horretarako, aurten, herritarren esku jarri ditu 'Oihaneko Kuadrila', 'Harpetarra' eta 'Maya Erlea: Eztiaren Jolasak' filmak. Leo da Vinci: Mona Lisa Misioa' da egitasmoak aurten estreinatuko duen laugarren filma.

Orain arte estreinatutako film guztiak publiko guztientzat izan dira eta, antolatzaileek ohar baten bidez txikienei balio garrantzitsuak helaraztea izan dute helburu, hala nola elkartasuna, adiskidetasuna eta taldearen indarra. Dena den, programaren helburu nagusia zinemaz familiarekin edo lagunen artean gozatzeko aisialdirako proposamen dibertigarriak eta entretenigarriak eskaintzea da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos