Gailurrak eta mugak gainditu dituzten emakume mendizaleak

Josune Bereziartu, 2008ko argazkian./DV
Josune Bereziartu, 2008ko argazkian. / DV

Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Catherine Destivelle, Lynn Hill eta beste elkartuko dira Bilboko Mendi Film jaialdiaren 10. edizioan

Kirola tartean denean, emakumeak protagonista izatea ez da gauza erraza; ez behintzat ohikoa. Abenduaren 8tik 17ra bitartean Bilbon egingo den Bilbao Mendi Film Festival zinemaldiaren 10. edizioko egitaraua datorren astelehenean, azaroaren 27an, aurkeztuko da, baina aurretik esan daiteke mota horretako, eta beste mota batzuetako, ekitaldi askok baino leku zabalagoa emango diela emakumeei.

Hala, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Bernadette McDonald, Katie Ives eta beste emakume batzuk indar berezia izango dute 10. edizioan. Beste hainbaten artean, eskalatzaile, alpinista, idazle eta editore horiek nabarmenduko dira jaialdiaren lehen egunetan, mahai inguruak eta banakako hitzaldiak emanaz.

Josune Bereziartu eta Edurne Pasaban mundu mailako marken jabe dira, eskaladan eta himalayismoan itzal handikoak, eta 'etxeko' aitotza jasoko dute Mendi Film Festivalean. Bereziartu 9. zailtasun graduan sartu zen lehen emakumea da, bere obra gorena 9a/a+ zailtasuneko Bimbaluna bidea izan zen (Suitza, Sant Loop, 2005). Hartara iristeko, haitz eskaladan emakumezkoen hainbat marka ezarri zituen, maiz gizonezkoen pare: 8c (Honky Tonky, 1998), 8c+ (Honky Mix, 2000), 9a (Bain de Sang, 2002/Logical Progression, 2004), eta bistaz 8b+ (Hidrofobia, 2006), osatzen lehen emakumea izan zen. Edurne Pasaban, berriz, 14 zortzimilakoak osatzen lehen emakumea da, balentria hori lortu duen 21. pertsona, orokorrean. Ia hamarkada oso bat eman zion 2001ean Everesten hasi eta 2010ean Shisha Pangman amaitu zen abenturari.

Lynn Hill eta Catherine Destivelle eskatzaileen ibilbidea ere ikaragarria da. Hill 80ko hamarkadako amaierako munduko kirol eskalatzailerik onena izan zen, Destivellerekin lehian maiz. 1993an Yosemiteko El Capitan hormaren The Nose bidea era askean osatu zuen lehen eskalatzailea izan zen, eta urtebete beranduago egunean bertan era askean eskalatu zuen lehena ere.Beste horrenbeste esan daiteke Destivelleri buruz. Hainbat urtez Hillekin lehian ibili ostean, 90eko hamarkadan Alpeetako hiru hormatzar ezagunenak (Eiger, Grandes Jorasses eta Matterhorn/Cervino) neguan bakarka eskalatu zituen. Garai batean lehiakide sutsuak izanagatik, Destivelle eta Hill lagun onak dira oso. Gaur egun oraindik sekulako miresmena sortzen duten jarduerak egin zituzten, berdin eskaladan nahiz alpinismoan, gizonezkoen pare jarriz eta baita haien gaindi ere. Horren guztiaren berri gogoratzeko aukera izango dute batzuek Bilbon, eta deskubritzekoa beste batzuek, sekulakoak izan arren emakumeen lorpenak errazago igarotzen baitira oharkabean gizonezkoenak baino.

Haiekin batera arituko dira Bernadette McDonald eta Katie Ives idazleak. McDonald mendi literaturgintzako egilerik sarituenetako bat da, oparoa da oso bere obra, eta Mendi Film Festivala ondo ezagutzen du behin baino gehiagotan izan baita bertan -tartean Freedom Climbers liburua aurkeztuz-. Ives, Alpinist Magazine mendiko gaien inguruko aldizkari entzutetsuko editore nagusia da, munduan erreferente den aldizkaria, Bilbao Mendi Film Festivalaren nazioarteko media partnerra azken edizioetan.

Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde eta Euskal Mendi Federakundearekin elkarlanean antolatu dira emakumeok protagonista izango direneko ekitaldiak Bilbao Mendi Film Festivalean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos