Diario Vasco

Abbadia Saria eman diote Moriarti Produkzioak etxeari

vídeo

Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 'Loreak' filmean lan egindakoak

  • Euskararen alorrean egindako lanagatik banatzen den aitorpen saria da

Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia Saria, ikus-entzunezkoen esparruan euskarari "ekarpen handia eta jarraitua" egiteagatik, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez.

Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Iaz Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) soziologo eta aurkezle ezagunari eman zitzaion.

Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Abbadia sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du. Sariak giza alorrean egindako ahalegin isila onestea bilatzen du.

Moriarti Produkzioak Jon Garaño, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Jorge Gil Munarrizek osatzen dute. '80 egunean', eta 'Loreak' filmak ekoiztu dituzte, baita heltzear den 'Aundiya' edota Kimuak zirkuitura aurkeztutako film laburrak.

Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez, 'Loreak' Oscar sarietarako hautagaitzarako lehian izan zela eta, ikus-entzunezkoei nazioarteko bidea egitea ere saritu nahi izan dute, "ikus-entzunezko produktu duin eta lehiakorrak euskaraz egin daitezkeela" erakutsi baitute.

Aurten zinemaren alorrera joango da saria beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan abenduaren lehenean egingo duten ekitaldian. Izaskun Alvarez artista oiartzuarrak egindako artelana jasoko dute sarituek.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate