Chongqing, Txinaren metafora

Hogei urteren buruan, 30 milioi biztanleko hiri bilakatu da Chongqing./
Hogei urteren buruan, 30 milioi biztanleko hiri bilakatu da Chongqing.

Andres Iniesta futbolari fin-finak adio esan dio Barça taldeari. Oraindik ez du erabaki non biziko dituen bere futbolari azken egun urrezkoak, baina askoren ustez Chongqing hirian izango da

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Txineraz, mandarin dialektoan, Chongqing izenak 'Zorion bikoitza' esan nahi du. Edo 'etengabe berritzen den zoriona'. Txina sakoneko hiri hau ezin da, diotenez, konparatu ez Pekinekin ez Shanghairekin. Ez omen du bataren hanpatasun inperiala, ezta bestearen xarma kosmopolita ere. Baina bada gaur egungo Txinaren metafora primerakoa. Ez da milaka urteko hiria, bastante berria baizik. Izan ere, 1997ko martxoaren 13an sortu zuen Gobernuak.

Zertarako sortzen da hiri berri bat? Zein asmotan? Zein xedez? Kasu honi dagokiola, alde batetik, Txinako agintariek herrialdeko Erdialde eta Hegoko garapen ekonomikoa sustatu nahi zutelako. Bestalde, egun munduan parekorik ez duen Hiru Eztarrien Presaren eraikitze prozesu erraldoia nola edo hala kontrolatzeko, bermatzeko, gune urbano baten behar ezinbestekoa azaldu zutelako ingeniariek.

Presa horrek zientoka herri, herrixka, hiriren desagerpena eragin du. Baina Chongqing ez litzateke existituko ibai askoren urak bahetuko dituzten Hiru Eztarri itzel horiek gabe. Sortu berria den metropolia garapen ibilbide betean da. Nazioarteko txosten ekonomiko askoren arabera, 13 dira abiadura sinesgaitzaz gorantz doazen hiri txinatarrak. Horien artean aipatzen dute denek Chongqing. Bertigoa eragiten duten etxe orratzetan bizi diren 30 milioi biztanle ditu (Venezuelako populazioa, kasu, 32 milioikoa da) eta ia Austriako azalera bera: 82.400 kilometro karratu.

Ikatz-meatzeak. Industria metalurgikoa. Petrokimikoa. Botika industria. Teknologia. Horiexek Chongqingeko altxorrak. Gehi tabakoa, zerealak, zitrikoak. Eta zeta-harrak.

Gustuko dituzte bertakoek janari minak. Bero itogarria egiten du udan. Izan ere, Txinako 'Hiru Labe'-etako bat da hiria, beste biak Nankin eta Wuhan direla. Euritsuak izaten dira neguak. Gaixoak hiltzen ditu kutsadurak. Bai, Chongqing egungo Txinaren metafora, isla, ispilu moduan ikus dezakegu Mendebaldean.

Chongqing ez dago itsas ondoan, Yantze ibaiaren ertzean baizik baina, handik urruti gero eta itzelagoa da Txinako ontzi enpresen indarra. Indarra eta presentzia ozeanoetan. Tainjingo portutik milioika itsasoratzen dira merkantziaz betetako kontainer-ontziak. Valentziakoa bada Mediterraneo osoko handiena trafiko horretan, Tianjingoak hiru halako egiten du.

Ez, Chongqing ez dago itsaso aldean, baina, mugarik ez duen portu hori eta Iniestaren ustezko bizileku berria mundua konkistatzear den Txinaren isla ezinhobeak dira.

Andres Iniestak ez du oraindik erabaki non emango dituen bere futbolari-ibilbideko azken urteak. Chongqing Dangdai Lifan taldea hautagai sendoa da.
Andres Iniestak ez du oraindik erabaki non emango dituen bere futbolari-ibilbideko azken urteak. Chongqing Dangdai Lifan taldea hautagai sendoa da. / ALEJANDRO GARCÍA/EFE

Mundua konkistatu…futbolaren bitartez? Zergatik ez? Asmo horretan dihardu, dudarik gabe, Chongqing Dangdai Lifan taldearen jabeak, 36 urteko Jiang Lizhang enpresa-gizonak. Granada taldea ere berea da. Bere ditu ere Minnesota Timberwolves eta Parma Calcio. Beraz, Espainia, Estatu Batuak eta Italiako futbol moduak nolakoak ederki asko ari da ikasten Jiang Lizhang jauna. Ziztu bizian menperatuko dituen manerak.

Zer egiten du bere enpresak? Motorrak, autoak, kamioiak. Pekingo gobernuaren babes osoa du Lizhangek, 13.000 langile eta 58.680 ikuslerentzako futbol estadioa. Ez du sekula Txinako Liga irabazi bere taldeak. Baina milioidunak ez du presarik. Ekinean, ekin. Lasai asko. Ez du entrenatzaile txarra: Paulo Bento. Portugalekoa. Eta baditu sosak . Andres Iniestaren aitak Albaceteko Fuentalbilla herrian sortzen duen ardo oro erosteko adina. Gura badu. Edo salerosketa hori kontratuaren baldintzetako bat izanez gero.

Oraindik inork ez daki harantz ba ote doan futbolaria. Urrezko erretiroa litzateke. Birjaiotzen ari den mundu estrainio, erraldoi, aseezin eta geldi ezinezko batean izango litzateke baloiaren errege eta denen estimu jasoko luke. Beti eta beti.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos