Casablancan sonbrerorik gabe

Humphrey Bogart eta Dooley Wilson, 'Casablanca' filmeko eszena batean/
Humphrey Bogart eta Dooley Wilson, 'Casablanca' filmeko eszena batean

Bukatu berri den urtean elegante elegante eta pasatako denboraren malenkoniaz Casablanca filmaren 75 urte ospatu genituen. Esan beharreko oro idatzia zela uste genuen, baina urte jaio berri honetan bi notiziak harritu, poztu eta tristatu gaituzte

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

75 urte eta gero Casablanca Casablancan estreinatu da. Estreinakoz estreinatu. Orain. 75 urte eta bi hilabete eta gero. Mohammed V Zumardiaren 39an den ABC zinematokian. Distiratsua suertatu zen gaua. Maila goreneko gonbidatuak agertu ziren aretoan. Legenda handia den filmean parte hartu zuten guztien artean inor ez da egun bizirik, baina bai mitoaren oroimena fineziaz eta grina gozoaz gorde izan duten ondorengoak. Esaterako Paul, Henreid eta Claude Rains aktoreen alabak, Monika eta Jessica. Akordatzen bazarete (seguru baietz), Paulek Viktor Laszlorena egiten zuen. Filmean, Viktor Ingrid Bergmanen senarra zen. Eta libertatearen aldeko borrokalari prestua. Claudek, berriz, horren majoa, horren jatorra eta nahiz eta horren ustela izan ere horren lagun eta gizaki leiala zen Louis Renault komisarioarena jokatzen zuen.

Monika aktorea da. Ez du gauza handirik burutu zineman, baina Bette Davisekin egin zuen lan aitak zuzenduriko Su propia víctima filmean. Baita Charlton Hestonekin El último hombre vivon ere. Eta Jeff Bridgesekin 1972ko Pistoleros en el infiernon. Paul Henreid: Beyond Viktor Laszlo aitaren inguruko dokumentala zuzendu berri du crowfunding zabal eta nazioarteko baten bitartez. Bertan ume ikusten dugu Monika Orson Wellesen besoetan eta aurkitu Paulek 300 telebista saio zuzendu zituela telebista etxeetan mirari sartu berria zeneko garaietan.

Bere aldetik, Jessica Rains aktorea da ere, idazlea, ekoizlea eta zinema zuzendaria. Aita, Renault komisarioa izan baina zortzi urte lehenago Gizon ikusezina izan zen egun fantasiazko zinemaren zutabetzat dugun filmean. Jessica Pensilvaniako baserri hazi zen baina behin batean Joan Crawford aktore ezinhobea eta gizaki piztiak tratu ezin txarragoa eman zion Hollywooden, adoptatu izan zuen alabaren urtemugako festan. Jessicak ez du oraindino ahaztu. Ezta barkatu ere.

Casablancan estreinatu dute, bai, Casablanca. Estatu Batuetako enbaxadaren laguntzaz eta babesaz. Zer dela eta? Ba justu beste urteurren garrantzitsu bat ospatzen delako orain. Duela 75 urte armada aliatuek Zuzia izeneko operazio militarra burutu zuten Magreb aldean eta Afrikako Iparra kendu zieten Hitlerri eta pareko gutxi zuen Rommel jeneralari. Bestalde, egun Estatu Batuak Marokorekin dituen harreman geopolitiko eta estrategiko onak landu, bermatu eta indartu nahi ditu. Ondorioz, behin baino gehiagotan estreinu honen bezalako opariak egiten dizkiete estatu batuarrek marokoarrei.

Era berean egun batzuk beranduago filma estreinatu zen Casablanca-rako inspirazioa izan zen hiri berdingabean, aro hartan hain kosmopolita, hain libre, hain odol eta pentsamolde nahastua izan zen Tangerren. Bertako Cinémathèque finean eman zen ikustera emozioz beterik hurbildu ziren dozenaka Tangerreko biztanleak plazan den aretora. Txalotu zuten abesti famatua eta Bogart eta Ingrid aerodromoan elkarrengandik betiko banatzen direnean malko gozo batzuk ikusi ziren hainbesteren masailetan.

Eszena gogoratzen baduzue (ez dut dudarik, Zinemaren ikusienetarikoa baita) seguru hegazkinaz eta Humphreyen gabardinaz gain, biek janzten zituzten kapelekin akordatuko zaretela. Hain ziren klasikoak, zinematografikoak, dotoreak, ahaztezinak. Sonbreiru horiek zuten izena gogoan duzue oraindik? Nola ez? Borsalino. Egia esateko, ez da izena, marka baizik. Baina askotan gertatzen den bezala, marka definizioa bilakatu zen denbora, moda eta jendearen gustu eta gogoaren poderioz. Hasiera hasieran, istorio honen hastapenetan Borsalino abizen italiar bat genuen, besterik gabe. Kapela horiek sortu zituenaren deitura. Bera Giuseppe Borsalino zen eta Italiako Alessandria hiri Piamontekoan kapelutegia fundatu zuen orain 160 urte. Lehenengo Gerratearen aurretik 2miloi kapela egiten ziren urtero lantegian. Baina nolakoa Bogartek, Ingridek, Fred Astairek, Belmondok, Alain Delonek, Winston Churchillek, Orson Wellesek, Juan XXIIIk eta Sorrentinoren La grande bellezza filmeko Jep Gambardella pertsonaiak jantzi izan duten dotorezi ikur hori?

Untxiaren larruaz eginiko feltrozkoa da. Gris edo beltza. Ezker aldean badauka zinta ederra. Fedora ere deitzen zaio Borsalinoari. Hitz biek kapela klasikoa irudikatzen dute denon begi aurrean. Eta ametsetan.

Piamonte eskualdeko ekonomiaren loraldia ekarri zuten borsalinoek. 2.500 langile eta saltzaile zeuden bertan. Emakumeek eta gaztetxoek untxien hazkuntzaren ardura zuten. Urteak joan, urteak etorri. Borsalinoak bilakatu ziren Italiako ondo, zentzuz, artisau erara eginiko modaren sinbolo, estandarte. Zineman, telesailetan, Nizako, Canneseko, Hollywodeko kaleetan, Parisko jauregitan. Leku guztietan ikusten ziren sonbreiru horiek. Baina, baina, baina eta hortxe Casablanca-ren urtemugarekin batera jaso dugun albiste tristea, 2017ko azken egunotan Borsalino etxeak ordainketa-etendura egin beharko zuela azaldu zuen. Suitzako industria gizon batek salbatzeko egitasmoa aurkeztu zuen segituan. Alta, Piamonteko epaitegiak bere proposamena bideragarria ez zela argudiatuz, bertan behera utzi zuen proiektua. Sindikatuek berriz, kontrakoa diote. Haien esanetan, lantegiak baditu milaka eskari eta Borsalino etxeak etorkizun oparoa izan dezake. Arazo handirik gabe.

Eskandalua izan da notizia Italia osoan. Dotoreziaren ikur handienetan handienetarikoa galtzeko ez daude prest horren sofistikatua den herrialde honetan. Alessandriako biztanleak manifestazioetan dabiltza eta sare sozialetan Salba dezagun Borsalinoa oihua 'trending topic' bihurtu da.

Beti izango dugu Paris.

Beti izango dugu 'Casablanca'.

Izango ote dugu beti Borsalinoa?

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos