Clara Serena Rubensen preziorik gabeko begirada

'Artistaren alabareb erretratua. Clara Serena Rubens'. /CHRISTIE'S-EK ZABALDUTAKO IRUDIA
'Artistaren alabareb erretratua. Clara Serena Rubens'. / CHRISTIE'S-EK ZABALDUTAKO IRUDIA

Margolari handiak 12 urte zituela hil zitzaion alabari egin zion erretratuak mendeak igaro ditu ia oharkabean. Enkantean ipiniko du Christie's etxeak uztailaren 5ean Londresen

M. IMAZ

Uztailaren erdialdera arte erakusketa bitxi bat dago ikusgai Bruselan. 'Promesses d'un visage' (aurpegi baten promesak) izenburupean, erretratuen bidez ematen du azken sei mendeetako artearen historiaren berri. Belgikako Errege-museoen bildumetatik irten diren 160 artelanetan denetarik dago: pinturak, eskulturak, argazkiak. Garai guztietakoak, XV. mendean hasi eta XXI.ean bukatu. Izen handi-handien ondoan (Van Dyck, Gauguin, Chagall, Bacon...), publiko zabalak ezagutzen ez dituen artista gazteak. Hasi aurreneko maisu flandestarrekin, eta amaitu gure garaiotako selfiekin, protagonista erretratua da, erakusketako komisario Jean-Philippe Theyskens-en hitzetan «bat-bateko argazkigintzaren eta pixelen menpe gauden honetan, desagertze arriskuan» den generoa.

Peter Paul Rubens (1577-1640) ere hartu dute aintzat erakusketan, jakina, Espainiako Felipe IV.aren kutuna izandako margolariak erretratu ugari egin baitzituen. Eskala handiko produkzioa ahalbidetu zuen bere tailerreko margolariek ere erruz egin zituzten erretratuak. Hain zuzen ere, Bruselako erakusketan dagoenetako bat, Rubensen bigarren emaztea erakusten duen 'Portrait d'Hélène Fourment', bere tailerreko margolari batena da, ez berea.

'Portrait d'Hélène Fourment''. Rubensen emaztearen potreta, bete tailerreko margilari batek egina.
'Portrait d'Hélène Fourment''. Rubensen emaztearen potreta, bete tailerreko margilari batek egina.

Rubensek berak gehien erabili zuen modeloetako bat izan zen Fourment eta, horrenbestez, haren aurpegia margolariaren lanik ezagunenetan aurki daiteke. Besteak beste, 'Hiru Graziak' delakoan. VXI. mendean sekulako fama izan zuen Fourment-ek. Gaur ahaztuta dago erabat. Argazkia Bruselako kaleetan egin zioten etorkin gazte baten irudia jarri diote ondoan. Erakusketa zabaldu arte ez zuen inork ezagutzen neska gaztea; gaur egun famatua da. Horretaz doa erakusketa. Testu hau ere bai, neurri batean. Ezezagun bilakatzen den ezaguna; ezagun egiten den ezezaguna.

Clara Serenaren erretratua

Hurrengo asteetan hizpidea emango du seguruenik Rubensen beste erretratu batek, Clara Serena alabari egin zionak. Rubensek eta bere aurreneko emazte Isabella Brantek izan zuten ume bakarra izan zen Clara Serena. Beste bost seme-alaba izan zituen Hélène Fourmentekin (bide batez, aurrenekoari Clara izena jarri zioten), eta guztiei egin zizkien erretratu ugari. Erretratu intimoak, xumeak, estudio edo bozetoak kasik, gorteko margolariaren lan arranditsuekin alderatzen badira.

Margolan xalo eta orain dela gutxira arte ia ezezagun horren truke milioiak ordainduko dira, okerrik ez bada, datorren uztailaren 5ean Christie's etxeak Londresen egingo duen enkantean. Maisu zaharren hainbat lan eskainiko ditu, baina artistaren alabaren erretratua da izar tratamendua jasotzen ari den bakarretakoa. Eta, izar bati dagokion bezala, biran da, giroa berotzeko eta erosle potentzialek izan dezaten merkantzia bertatik bertara ikusteko aukera. Ondo aukeratu dituzte, jakina, Clara Serenaren biraren geltokiak. Aurrena New Yorken egon da, Hong Kongen bukatuko du maiatza, eta gero Londresen izango da ikusgai.Gauzak dauden moduan, Clara Serenaren begirada tristeak ez du preziorik. 3-5 milioi libratan esleitu daitekeela aurreikusten dute baina, behin eta berriro frogatu denez, erosteko ahalmen mugagabea duten fortuna berrien diruak ureztatzen duen artearen merkatuan edozer gauza gerta daiteke.

Kasu honetan, irrifarrea osatzera iristen ez den neskatxaren erretratuaren kalitatea baino erakargarriagoa izan daiteke, gainera, koadroaren historia. Azken batean, Rubens 'berri' bati buruz ari gara, 2015ean aitortu baitzioten lanaren aitatasuna Barrokoko margolari handienetako bat izandakoari.

Cara Serenaren historia tristea da. 12 urte bete berritan hil zen, eta hil baino pixka bat lehenago egin zion aitak erretratua, 1623 inguruan. Beste bat ere badu, 5 urte zituenean egindakoa. Kritikariek beti esan izan dute Rubensek etxekoei egin zizkien erretratuak, bezeroek eskatzen zizkiotenak baino askoz ere askeagoak, haren lanik ederrenetakoak direla. Eta 12 urteko Clara Serenaren hau dela guztietan intimoena eta hunkigarriena.

Orain dena da laudorio, baina bi hilabete barru Rubensen izenpean merkatura lehen aldiz iritsiko den margolanari duela urte gutxi aitortu diote egiletza zuzena, zenbait gorabeheraren ondoren. Ordura arte, mordoiloko erretratu bat zen. Baten bat egongo da amorratzen New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-en, Met famatuak lehendik ere bildumako toki oso diskretoan zeukan koadroa gainetik kentzea eta enkantean jartzea erabaki baitzuen 2013an, Rubensen jarraitzaile batena zelakoan. Bildumazale pribatu batek erosi zuen, eta pintura garbitzeari eta lehengoratzeari ekin ziotenean ikusi zuten Rubens bera zela egilea, eta ez haren itzalean gelditutako margolari ugarietako bat.

Balio artistikoak lehengoa izaten jarraitu bazuen ere, segundo batean izugarri handitu zen balio ekonomikoa, eta 2015az geroztik hazi baino ez da egin. Izan ere, 2015ean Rubenshuis museoak antolatutako 'Rubens in Private' erakusketako zati izan zen, museo horren esku utzia baitzuen koadroa jabeak, mailegu gisa. Iazko azarotik aurtengo urtarrilera arte, Clara Serena izan da erabateko protagonista Edinburgoko Scottish National Gallery museoan erretratu hori bera gai ia bakar hartuta antolatu duten erakusketan.

Uztailaren 5etik aurrera, ezusteko handirik ez bada, esku pribatuetara itzuliko da, auskalo ze preziotan, bizitza labur eta ibilbide luzeko Clara Serena txikiaren begirada tristea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos