«Booktegi euskarazko irakurketa eta sormena bultzatzeko asmoarekin sortu genuen»

Aritz Branton, Booktegi-ko sortzaileetarikoa, eta plataformaren kudeatzaile nagusia./LUSA
Aritz Branton, Booktegi-ko sortzaileetarikoa, eta plataformaren kudeatzaile nagusia. / LUSA

Euskal liburu elektronikoak doan eskaintzen dituen plataformak 600 harpidedun dauzka eta, bi urte bete gabe, 16.500dik gora deskarga izan ditu

NEREA AZURMENDI

Booktegi ez da argitaletxe bat. Ez da denda bat, ez baitago salerosketarik, ezta inolako diru-trukerik ere. Liburutegi bat ere ez da. Hala ere, liburuak argitaratzen ditu, eta liburuak eskuratu daitezke bertan, formatu digitalean.

Ekimenaren sortzaileetariko bat eta horren kudeatzaile nagusia den Aritz Brantonek 'plataforma' hitza darabil orain dela 18 hilabete sortu zen eta erabat interneten oinarrituta dagoen proiektua definitizeko. Euskal Herrian 12 urte daramatzan ingeles honek Filologia eta Historia ikasi zituen, eta betidanik izan du hizkuntzen inguruko interes bizia, baita literaturaren gainekoa ere. Ogibidez itzultzailea da, Booktegi-ren sorreran dagoen 11itzulpen enpresaren sortzaileetarikoa. Besteak beste, berak eraman zuen ingelesera Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene'. Argia aldizkaria ere bidelagun dute abentura honetan.

Brantonek onartzen du ez dela erraza pareko askorik ez daukan ekimena zer den azaltzea. Nolabait adierazteko, esan daiteke Booktegi.eus dela euskal li­teraturgin­tza eta liburugintzaren inguruko sisteman an­tzeman dituzten zenbait hutsune eta zirrikitu betetzeko sortu duten baliabidea, euskal liburu elektronikoaren pizgarri ere izan nahi duena. Horietako bi hutsune kokatzen ditu hain zuzen proiektuaren jatorrian: «Harritu gintuen ikusteak zein garapen txikia duen euskal liburu elektronikoak eta, bestetik, ikusi genuen liburu on asko hor gelditu direla, ahaztuta».

Siadeco Ikerketa Elkarteak Elkar Fundazioarentzat berriki egin duen ikerketak berretsi egin ditu liburu digitalaren hedapenaren inguruko kezkak. Izan ere, 10 herritarretik bakar batek erosi du azken urtean gutxienez liburu digital bat. %5,1ek, bost baino gehiago. Maileguan %3,5ek hartu dute azken urtean liburu digitalen bat. Doan eskuratu dutenak %8,9 dira. Gutxi, alegia.

Hiru zutabe

Irakurzaletasunari buruzko datu orokorrak ere ez ziren pozteko modukoak. Booktegik ez du konponduko arazoa, baina egin nahi du bere ekarpentxoa, irakurzaletasuna bul­tza­tzea baita proiektuaren hiru zutabeetako bat. Beste biak dira, Brantonen hitzetan, «sormena susta­tzea eta euskara eta euskal kultura Euskal Herritik kanpo ezagutzera ematea».

Irakurzaletasuna sustatu, esate baterako, bestela aurkitzen zailak edo ezinezkoak diren lanak proposatuz. Besteak beste, Anjel Lertxundik 1970ean Kriselun plazaratu zuen 'Hunik arrats artean' aspaldi agortua argitaratzeko asmoa dute. Ez omen da izango tankera horretako bakarra, bigarren bizialdi bat merezi duten lanak berreskuratzeko formatu guztiz egokia izan baitaiteke liburu elektronikoa.

Une honetan duten eskaintza 75 bat izenburukoa da. Zazpi ataletan eskaintzen dituzte lanak: fikzioa, saiakera, drama, poesia, gazte literatura eta 'english' delakoa non, beste lan batzuen artean, Karmele Jaioren 'Kristalezko ontziak'-en ingelesezko itzulpena eskura daitekeen.

Idazle ezagun askoren lanak aurki daitezke Booktegi-ren katalogoan. Argitaletxe ezagunetan argitaratutako liburuak ere bai. Hasiera-hasieratik liburu elektronikoaren aldeko apustua egin zuen Susarenak, adibidez. Edo Elkar-en argitaratuak.

Brantonek nabarmentzen du Booktegi ez dela sortu inoren konpetentzia izateko edo inori aurka egiteko. «Ezta gutxiago ere. Uste dugu justu kontrakoa gerta daitekeela, jendeak eskuratuko dituela liburuak gurean, joango dela zaletzen, eta animatuko dela liburuak erostera». Orain arte, eskuzabaltasunez jokatu dute argitaletxeek liburu edo testuren baten bila joan direnean. «Ez digute inolako eragozpenik jarri aurretik beraiek argitaratutako lanak, zenbait kasutan liburu osoak, eskuratu eta eskaintzeko», dio.

Idazleen inplikazioa ere aipatzen eta eskertzen du, Booktegik egiten duen eskaintza ez baita testuetara mugatzen. Idazlearekiko hurbilketa osoa proposatzen du, ingelesez azpititulatutako elkarrizketa eta egileak berak egindako bere testuaren irakurketa barne. Hartara, idazleak ez dira mugatzen testu batzuk laga­tzera, baizik eta proiektuaren zati bilaka­tzen dira. Horrek laguntzen du, Brantonen ustez, «irakurlea motibatzen eta idazlea goraipatzen».

Balioa bai, preziorik ez

«Balioa eranstea» da etxeko marka. Testuak baino gehiago eskaintzea, argitaletxe konbentzionalen ohiko formatuetara egoki­tzen ez diren lanei bide ematea, ezustekoak proposatzea... Sorpresa eder eta interesgarri bat baino gehiago ari dira presta­tzen hurrengo asteetarako, idazleen konplizitatearekin betiere.

Hori guztia doan eskura dezake irakurleak. Idazleak ere ez du dirurik jasotzen. Booktegik badu jardunari eustea ahalbidetzen dion diru-laguntza bat, baina «borondatezko proiektua da, elkarren arteko lagun­tzan oinarritua».

Idazleentzako plaza ere bada Booktegi. 'Printzipioz, edozein motatako liburuak argitara daitezke booktegi.eus-en, baldin eta euskaraz ida­tzita badaude, eta gure kalitate-irizpideak betetzen badituzte', irakur daiteke webgunean. «Harro nago ikustean badaudela ia irakurleengana gure bidez iritsi diren liburu bikainak», esan du Aritz Brantonek. Laster handituko da zerrenda.

Pozgarriena, baina, irakurle horiexen erantzuna ari da izaten. Bi urte bete gabe, 600 harpidedun ditu, eta hori ez da kopuru txikia euskal literaturaren zenbakiak kontuan hartuta. Ez da txantxetakoa, halaber, 16.500 deskargara heltzeaeta, horrenbestez, milaka irakurraldi ahalbidetu izana. Bitxikeria bat. Badakizue zein den deskarga gehien izan dituen liburua? Asier Altunaren 'Amama', 866 bider jaitsia (maiatzaren 10eko datua).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos