Bonaparte printzeak Nafarroan bildutako eskuizkribuak, eskura

Erlijioari buruzkoak dira ia gehienak: ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak/ARTXIBO IREKIA
Erlijioari buruzkoak dira ia gehienak: ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak / ARTXIBO IREKIA

Nafarroako Artxibo Nagusiak euskarari eta beste hizkuntza batzuei buruzko eskuizkribuen bilduma argitaratu du internet bidez. Guztira 134 dokumentu sartu dira, horietatik 118 euskaraz

Luis Luziano Bonaparte (Thorngrowe, Ingalaterra, 1813 - Fano, Italia, 1891) hizkuntzalaritzan eta dialektologian espezializatutako filologo ospetsua izan zen. Frantziako garai hartako familiarik garrantzitsuenetako batean sortua, haren aita (Luziano Bonaparte hura ere) Napoleon Bonaparte enperadorearen bigarren anaia baitzen. Bigarren Inperioaren garaian, 1850ean, haren lehengusu Napoleon III.ak printze titulua eta ohoreak eman zizkion, eta jarleku bat senatuan ere bai. 1860an, Frantziak Ohorezko Legioaren Gurutze Handia eman zion, eta 1883an, Britainia Handiko gobernuak urteroko pentsio bat esleitu zion Ingalaterrako patois eta dialektoei buruz egin zituen lanengatik.

Izan ere, hizkuntzak ziren bere pasioa, euskara barne. Prestakuntza zientifikoa zuen, haren anaia Charles Bonaparte naturalista eta ornitologo ospetsuak bezalaxe. Hastapenetan kimikan eta mineralogian jardun zuen arren, bizitza osoa eman zion linguistika eta dialektologia ikasteari, euskararekiko jakinmin berezia azalduz. Hainbat bidaia egin zituen eta Nafarroa hiru aldiz bisitatu zuen, 1857an, 1866an eta 1867an. "Haren lan eta ahaleginen emaitza dugu euskal hizkuntzalaritzari buruzko hogeita hamahiru obraren argitalpena; horien artean, 'Le verbe basque en tableaux' (Londres, 1869) eta euskarari identifikatu zizkion zortzi euskalkiak biltzen dituen 'Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actualle de l'euscara et sa division en dialectes et sous-dialectes et varietés' (Londres, 1863) delakoa nabarmen daitezke.

Mapa ezagun honetan bildu zuen euskalkien hedapena. Londresen inprimatu zen, 1863an..
Mapa ezagun honetan bildu zuen euskalkien hedapena. Londresen inprimatu zen, 1863an..

Bonaparte hil ondoren, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek haren eskuizkribuak erosi eta hiru lurraldeen artean banatu zituzten, lanen jatorriaren arabera. Banaketa haren ondorioz, funtsa 1904az geroztik babesten duten hiru erakundeen artean banatuta dago: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Iruñean, Foru Agiritegi Historikoa Bilbon eta Koldo Mitxelena Kulturunea Donostian. Gainera, Bonaparteren liburutegi pertsonala Chicagoko Newberry Library-k erosi zuen 1901ean, eta bertan kontserbatzen geroztik. Gaur egun, bilduma hau funtsezko tresna bilakatu da euskara eta euskalkiei buruzko edozein ikerketari ekin ahal izateko.

Orain, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Luis Luziano Bonaparte printzeak XIX. mendearen erdialdean euskarari nahiz euskalkiei buruz bildu zituen eskuizkribuen bilduma argitaratu du Nafarroako Gobernuaren atari instituzionaleko "Artxibo Irekia" web-bilatzailean. Guztira, 134 eskuizkribu sartu dira, horietatik 118 euskaraz, eta gainerakoak frantsesez, gaztelaniaz, latinez, proventzeraz edota patois eta poitevin hizkuntzetan idatzitakoak. Horiek guztiak orrialde osoz kontsulta daitezke Artxibo Irekian.

Ekimenaren berri emateko zabaldu duten oharrean diotenez, "nafar funtsa Resurreccion Maria de Azkuek, Carmelo Etxegaraik eta Arturo Campionek agirietan aipatutako euskalkien kokapen geografikoaren arabera bereizi eta Nafarroako Foru Aldundi Probintzialari emandako agiriek osatzen dute. Irizpide berbera erabili zen Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiei emandako zatiak bereizterakoan. Eskuizkribuak ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak dira, den-denak XVIII. eta XIX. mendeetakoak eta euskaraz –bereziki Nafarroako euskalkietan– idatzitakoak. Euskara eta gaztelaniazko hiztegiak ere badira".

Ekarpen nagusia

Landa-lanetarako, Bonapartek bertako pertsona garrantzitsuak izan zituen lagun; adibidez, Arturo Campion, Bruno Echenique, Jaurrieta, Bidankoze, Aria, Irurozqui eta Aspurz herrietako erretoreak, maisuak eta Nafarroaren iparraldeko beste pertsona ospetsu batzuk. Kasu batzuetan, antzinako eskuizkribuak bildu zituzten, eta beste batzuetan, testuak osatu zituzten tokian tokiko euskalkiaren arabera, askotan obra erlijiosoak itzuliz.

Landa-lanerako, Bonaparte printzeak ezinbestekoa izan zuen tokian tokiko zenbait pertsonaren laguntza.
Landa-lanerako, Bonaparte printzeak ezinbestekoa izan zuen tokian tokiko zenbait pertsonaren laguntza.

Informazio hori guztia oinarrizkoa izan zen Bonaparte printzeak ikerketa-lanetan aurrera egin zezan. "Lan guztien artean, euskararen dialektoak irudikatzen dituen mapa nabarmendu behar da, euskalkien banaketaren funtsa izan baita oraintsu arte. Bonapartek zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, Iparraldeko goinafarrera, Hegoaldeko goinafarrera, mendebaldeko behenafarrera, ekialdeko behenafarrera, lapurtera eta zuberera. 'Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actualle de l'euscara et sa division en dialectes et sous-dialectes et varietés' izenburua daraman mapa ezagun hau Stanford´s Geographical Stablishment-ek argitaratu zuen Londresen 1863an. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak mapa honen ale batzuk dauzka, eta azken urteotan Artxibo Irekia web-bilatzailearen bitartez eskura daitezke.

Irekia eta eskuragarria

Nabarmendu dutenez, "bilatzailean sartu diren funts dokumental bereko beste eskuizkribu batzuen bitartez, argi gelditu da Luis Luziano Bonapartek linguistikarekiko zuen jakinmina euskaratik harantzagokoa dela, beste hainbat hizkuntzaran idatzitako testuak bildu baitira. Ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, latinez eta proventzera, patois eta poitevin bezalako hizkuntzetan idatzitako eskuizkribuak dira, eta horien artean, finlandierari buruz frantsesez landutako ikerketa bat ere aurki daiteke. Horren harira, Igandeko Otoitza berrogeita hamar hizkuntzatan eta horiei dagozkien grafietan idatzita biltzen dituen eskuz idatzitako liburuxka bat da bildumako testurik garrantzitsuenetakoa.

Bonaparte funtsaren eskuizkribu guztiak maneiatzeko, ikertzaileak hainbat inbentario eta katalogoz baliatu dira; adibidez, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariak 1913an plazaratutako aurkibidea, Carlos Gonzalez Echegaray-k 1979an eta 1989an argitaratu zuen katalogo osoa, edota Rosa Miren Pagolaren lantaldeak 1992 eta 1999 urteen artean landu zuen bilduma, 26 liburukiz osatutakoa.

Luis Luziano Bonaparte printzearen funts dokumentalari atxikitako eskuizkribu linguistiko guztiak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeta daudenak, behar bezala deskribatu eta digitalizatu dira interesdunen eskura jarri ahal izateko. Webguneko bilatzailean argitaratu direnez gero, deskribapenak nahiz irudiak zuzen-zuzenean kontsultatu eta bistara daitezke, funts dokumentalak interesdun guztiei helaraziz.

Horrela,"Artxibo Irekia bilatzailea Nafarroako artxiboetako jatorrizko informazio-iturrietara jotzeko baliabide nagusia bilakatu da. Horren harira, Bonaparte printzearen agiriak, bilatzaile berean argitaratutako beste hainbat agiriri gaineratu zaizkie. Horien artekoak ditugu Renaren dokumentazioa, Gerra Zibilari buruzko Nafarroako agiriak edota kartografia eta ikonografia historikoaren errepertorio ezagunak biltzen dituzten irudi-dokumentuen bilduma.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos