'Blade Runner' berriko flamenko dantzaria

'Blade Runner 2049' filmeko irudi bat./Stephen Vaughan
'Blade Runner 2049' filmeko irudi bat. / Stephen Vaughan

Ezin adiskidetuzko bi taldetan gaude erroldaturik, engaiaturik. 'Blade Runner 2049' filmaren aldeko sutsuok batean. Bestean, zientoka, etsai amorratuak. Baina gure gaurko pertsonaiak bi bandoak elkartuko ditu, ustekaberik ederrenean

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Hampton Francher. Zinezale/jale guztiok, zineak jota erotu diren denek ezaguturiko izena. Berak egokitu zuen zinemarako Philip K. Dicken 'Do Androids Dream of Electric Sheep?' nobela. Atrebentzia osoz bihurtu zituen paperezko hitzak zeluloidezko hizki. Atrebentziaz, balentriaz eta emaitza legendakoaz.

'Blade Runner 2049' egundoko honetan, non gizakiak bere buruari behin eta berriro egindako galderak agertzen diren (erantzunik gabe, jakina. Nola dakigu gizatiarrok gizatiak garela? esaterako…), Hampton aurkitzen dugu berriro. Gidoigile. 'Logan' eta 'Alien: Convenant' filmak idatzi zituen Michael Greeenekin batera.

Bale. Ondo. Ados. Baina, posible al da da gidoigile baten portretak etsai amorratuak, mirespenak jota, elkartu ahal izatea? Kasu honetan, seguru baietz. Zin dagizuet ahoa bete hortz, harri eta zur izango direla bi alderdietakoak jakiterakoan Bartzelonan Hampton Francher Mario Montejo izenpean ezagutzen zutela joandako garaietan.

Egia esateko, zaharrak berri informazio xelebre horretan. Wikipedian ere azaltzen dute orain New Yorkeko Brooklyn Heights auzoan bizi den idazlearen bizitza, ederki aldrebestua. Alta, inork ez zion erreparatu notiziari, biografiari. Duela gutxi arte. Eta erreparatu zion aurrenekoa ez zen edonor. Ezta pentsatu ere. Michael Almereyda dugu istorioa berpiztu duena. Esan dezagun, esan dezakegu harro, Michael, Hampton bezain kreatura estrainio, libertario, bitxia, nabarmena dela. Zinema eta Literatura aldizkari zaharretan 'Espazio Infinituaren Errege' izendatu zuten. Berak filmaturiko dokumentalak museoetan dira ikusgai. Esaterako, 'Another Girl', 'Another Planet', 'Trance'...

Eta erresumarik gabeko monarka honek ezaguturiko munduetan lekurik ez duen pertsonaia horren berri izan zuen. Eta bere bitzitza eta pentsakerak zinemaratzea otu zitzaion. Baina beste estralurtar fin batzuen laguntza behar zuen horretarako, erresumarik gabeko erregeek ez baitute inoiz dirua sobran. Ezta poterea ere. Dei egin zien beraz bere espezie eta leinu kideei. Dei. Orru. Oihu. Eta arrimatu zitzaizkion pare bat. Horietako bat, Wes Anderson, 'Grand Hotel Budapest'-eko Enperadorea. Koroarik, tronurik ez du honek ere ez baina 'Moonrise Kingdom' eta 'Fantastic Mr Fox' bezalako harribitxiak sortzeko abilezia erakutsi du Anderson jaunak

Wesen laguntzaz, Michaelek 'Escapes' filma burutu du. Bertan kontatzen denak sinesgaitza dirudien arren, benetakoa da zinez. Hamptonen ama erdi mexikarra, erdi daniar jatorrikoa zen. 13 urte zituela, Francherrek Cecil B. De Mille zuzendari ospe handi handikoa ('Hamar Aginduak' filmatu zituen berak, bertsio guztietan erraldoiena) ezagutu nahi zuela erabaki zuen. Inori baimena edo aholkua eskatu gabe, Hollywoodeko zine estudioetan sartu eta harekin topo egin zuen! Eta Cecil mutil hari mintzo. Aktorea izan nahi bazuen, Arte Dramatikoa ikasteko gomendioa eman zion eta ikasketak burutzerakoan berarengana berriro jotzeko. Hampton aktorea izan da, bai horixe. Baina ez zuen Arte Dramatikoa ikasi. Eta Alemanian egindako filme zatar hainbatetan irabazitako sosak kobratu orduko, xahutu... Baina hori geroko istoriak dira. 15 urte zituela, etxetik alde egin , ezkutuko bidaiari gisa itsasontzi batean sartu eta Bartzelonara iritsi zen. Bertan, flamenko dantza ikasi (argazkiak badira…) eta Niño Montejo izengoitiaz dantzatu zuen tabladuetan.

'Escapes' filmaren trailerretik hartutako irudian, Hampton 'Niño Montejo' bilakatuta.
'Escapes' filmaren trailerretik hartutako irudian, Hampton 'Niño Montejo' bilakatuta. / GRASSHOPPER FILM

Boxeolari, aktore, ipuin kontalari Europan zehar… Estatu Batuetara itzuli bezain pronto Kubricken 'Lolita' filmean Lolita bera zen Sue Lyonekin ezkondu… Horrelakoxea da 'Do Androids Dream of Electric Sheep?' nobelatik 'Blade Runner' filma izkribitu zuen gizonaren bizitza. Ez, ez da bizitza petrala izan Denis Villeneuve eta Michael Greenekin batera gaurko '2049' miragarriaren nondik norakoaren sortzailearena. Askotan malamentean eta beste batzuetan jainkoen atseginez, bete izan ditu Hamptonek bere egunak menturaz.

'Escapes' ikusi nahi izanez gero, sartu Grashopper ekoiztetxearen webean eta erosi. Edo alokatu. Dolarretan. Ez, ez da Francherren iruzur berria. Ez. Ikusgai da. Salgai. Alokagai. Benetan

Philip K. Dick euskaraz irakurtzeko grinaz bazarete, 2015ean Aritz Gorrotxategik hamaika kontakizun euskeratu zituen eta Meettok etxeak argitaratu, 'Ordaina' izenarekin. Eta ez ahaztu Blade Runner 2049 ikusi behar duzuela erabakitzeko zein bandotan zaudeten. Ez, hemen akordiorik ez. Tregoarik ez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos