Bilbon aurkeztuko du irailean bere azken liburua Paul Austerrek

Artxiboko argazkian, Paul Auster bere Brooklyngo etxean./EFE
Artxiboko argazkian, Paul Auster bere Brooklyngo etxean. / EFE

Azken zazpi urteotan idatzi duen lehen eleberria da '4 3 2 1'

M. IMAZ

Zazpi urte daramatza Paul Austerrek (New Jersey, AEBak, 1947) eleberririk argitaratu gabe. 2010eko 'Sunset Park' izan zen azkena, urte hartan bertan Oskar Aranak Alberdaniaren eskutik euskarara ekarria. Geroztik memoriak landu ditu bait bat, 'Winter Journal' (2012) eta 'Report from the Interior' (2013) argitaratuz. 'Neguko egunerokoa' da hain zuzen euskaratutako azken lana. Itzulpena, aurreko ia denak bezala, Oskar Aranak egin zuen, eta Txalapartak argitaratu 2015 urtean. Badirudi, edonola ere, Alberdania desagertzearekin batera amaitu zirela Austerren lan berriak gaztelaniaz eta euskaraz aldi berean iristen zitzaizkigun garaiak.

Oraingo lan berri honekin, baina, Auster bera iritsiko da Euskal Herrian, Europan barrena egingo duen aurkezpen birako geltokietako bat Bilbo izango baita, non '4 3 2 1' aurkeztuko duen irailean. Ekitaldia Azkuna Aretoko auditorioan izango da irailaren 6an, eta sarrerak honezkero eskuragarri daude aretoko informazio puntuan nahiz webgunean. Zentroko txartela izanez gero 2 euroko prezioa dute; bestela, 3koa.

Gaztelaniara itzulitako bertsioa irakurri nahi dutenek ere aldaketa handi bat igarriko dute, Anagramatik alde egin baitu etxe horretako izarretako bat izandako Paul Austerrek (bere emazte Siri Hustvedtek ere bai, bide batez). Azken eleberri hau izango da hain zuzen 70.eko hamarkadan haren lanak gaztelaniara ekartzen hasi zirenetik Anagrama etxetik kanpo kaleratuko den aurrena.

'4 3 2 1', alegia, abuztuaren 29an merkaturatuko da gaztelaniaz, azken urteetan Austerren liburuak poltsikoko edizioan argitaratzen zituen Planeta taldeko Seix Barral argitaletxeko 'Biblioteca Formentor' bilduman.

Lau bizitza, bakar batean

Paul Auster jaio zen herri eta urte berean -Newarken, 1947an- jaioa da '4 3 2 1' eleberriko protagonista, Ferguson izena duena. Seme bakarra izango da, baina lau bizitza paralelo izango ditu; hau da, lau Fergusonen bizitzak kontatu ditu Austerren AEBetan XX. mendearen bigarren erdialdea nolakoa izan zen azaltzeko.

Istorioak, istorioek, maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politika eta heriotza uztartzen ditu/dituzte, eta erabakiek eta zoriak duten eragina azaleratzen, "gertatutako guztiak ate batzuk zabaldu eta beste batzuk, berriz, itxi egiten baititu".

"Nire bizitza eta ibilbide osoaren ondorio da liburua", adierazi zuen idazleak Wim Wenders zinemagilearekin izandako elkarrizketa batean. Hedabideek ("Harper's Magazine"), ordea, "Austerren idazkirik onena" dela esan dute.

AEBetako gaur egungo idazlerik handienetakoa da Paul Auster eta oso lan ezagunak egin ditu, tartean New Yorkeko trilogia. Columbian egin zituen ikasketak, eta, literaturan lizentziatu ondoren, Parisera bizitzera joan zen. Itzultzaile lana egin zuen bertan, 1974an AEBetara itzuli zen arte. Ordutik Brooklynen bizi da, eta literaturan jardun du, "City of Glass', 'Ghosts' eta 'The Locked Room' eleberriekin lortutako arrakasta ikusi ondoren.

Bere lanetan, Austerrek filosofiatik eta existentzialismotik hurbil dauden gaiak nahasten ditu, maiz errealismo magikora hurbiltzen diren bilbeekin, eta emaitza 'oso arrakastatsua' izan da, adibidez, 'In the Country of Last Things', 'Moon Palace' eta 'Leviathan' lanak. Gainera, zinemaren zale amorratua izan da beti, eta zenbait gidoi idatzi ditu: 'The Music of Chance', 'Smoke', 'Blue in the Face', 'Lulu on the Bridge' eta 'The Inner Life of Martin Frost'. Baten bat zuzendu ere egin du. Azken urteetan antologia batzuk atera dira, bere poesia onenarekin.

Literatur ibilbidean sari ugari lortu ditu Austerrek, besteak beste, Medicis, Frantziako Arteen eta Letren Ordena eta Letretako Asturiasko Printzea Saria. 30 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dituzte bere lanak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos