Bilbao Mendi Film Festivalek 10.371 ikusle bildu ditu aurtengo edizioan

Aurtengo jaialdiko irudia/Tejido
Aurtengo jaialdiko irudia / Tejido

Datorren urtean abenduaren 7tik 16ra egingo da jaialdia, eta "orain arte bezala, gorantz jarraitzeko joerari eutsi eta ikusle zabalago batengana iristeko xedez" lan egingo dute

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak amaitu berri den hamargarren edizioaren balantze "bikaina" egin du, urtetik urtera eman den ikusle gorakadak goia jo baitu beste behin. Guztira, 10.371 ikusle bildu dira antolatu diren 37 saioetara, eta urterik emankorrena izan da kopuruari dagokionez, iazko datua %12 handituz, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Horrela, urtetik urtera gora egiten jarraitzen du ikusle kopuruak: 2012an 4.772, 2013an 5.669, 2014an 7.371, 2015ean 8.710 eta iaz 9.117. BBK Aretoa, Golem Alhondegia zinema aretoak, Euskalduna Jauregia eta Bizkaiko Abokatuen Bazkuna izan dira proiekzio, hitzaldi eta aurkezpenetarako egoitza nagusiak. Igandean amaitu zen jaialdiaren hamargarren edizioa, saritutako filmen proiekzioekin, BBK Aretoan.

Sarrerak saio askotan agortu dira, zenbaitetan saio eguna baino bizpahiru egun lehenago. Hala izan zen Euskalduna Jauregian egin zen hasiera ekitaldian, antolakuntzak zaleen eskaerei erantzunez egindako apustuan Auditoriumean 1.000 pertsona baino gehiago bilduz. Lehen asteburuan ere, larunbat eta igande arratsaldeko saioetako sarrerak agortu egin ziren BBK Aretoan. Astean zehar, Alhondegiko Golem zinema aretoetan ohikoa izan da sarrerak agortu izana, eta berdin gertatu zen joan den larunbateko Peter Habelerren omenaldi saioan eta azken eguneko arratsaldeko bi saioetan.

Halaber, jaialdiaren beraren hamar egunei, urte osoan zehar Mendi Tour eskaintzak bildutako datuak gehitzen zaizkie: 10.000 ikusletik gora hartu ditu Mendi Film Festivaleko ale onenak eskaintzen dituen erakusketa ibiltariak, 40 agertoki desberdinetara iritsiz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian, Kantabrian, Madrilen, Valentzian eta Mexikon. 2018an gora egingo du eskaintza honek, nazioarte mailako albiste eta estreinaldiak erakarriz.

Mendi munduko erreferentzia

Bestalde, ikusle eta zaleen erantzunaz batera, nazioarte mailan mendiko zinemagintzaren industriak jaialdiari egiten diok aitortzak bultzada handia eman dio antolakuntzari.

"Edizio berezia izan da, Sail Ofizialak puntako maila izan du, eta etorri diren gonbidatuen hitzaldiek eta mahai inguruek ere maila bikaina izan dute, maiz ikusleekin konexio aberatsa lortuz. Protagonista izan diren gonbidatuek beraiek harrera hori azpimarratu dute. Bilbo, mendi munduko erreferentzia nagusietako bat da gaur egun", esan du Jabier Baraiazarra zuzendariak.

Aurtengo alpinista omendua izan den Peter Habeler, historiako eskalatzailerik onenak diren Lynn Hill, Catherine Destivelle edo Josune Bereziartu, Bernadette McDonald, Jack Tackle, Edurne Pasaban, Kinga Ociepka eta Pou anaiak, edota Phillip Baribeau, Dave O'Leske, Jochen Schmoll, Natalie Halla, Sebastien Devrient eta Jordi Canyigueral moduko zinemagileak izan dira gonbidatuen artean.

Datorren urteko edizioak jada baditu datak: 2018ko Bilbao Mendi Film Festival abenduaren 7tik 16ra egingo da, eta, "orain arte bezala, gorantz jarraitzeko joerari eutsi eta ikusle zabalago batengana iristeko xedez lan egingo dugu, mendiko zinemagintza eta kultura oinarri hartuta".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos