Bideo Joko Independenteen Nazioarteko Jaialdiak 432 lan jasoko ditu

AFP

Herrialdeen parte hartzea igo egin da aurten, 47 izatetik 63 izatera igaro baitira. AzPlay jaialdia azaroaren 29tik abenduaren 3ra izango da

AzPlay Bideo Joko Independenteen Nazioarteko Jaialdiaren zortzigarren edizioak 63 herrialdetako 432 lan jaso ditu, aurreko edizioan baino 182 gehiago, hau da, %72,8 gehiago. Herrialdeen parte hartzea ere igo egin da aurten, 47 izatetik 63 izatera igaro baitira. AzPlay jaialdia azaroaren 29tik abenduaren 3ra izango da, Bilboko Azkuna Zentroan.

Zentro bilbotarreko arduradunek ziurtatu dutenez, AzPlay "erreferentzia saihestezina" da bideo jokoen sektore independenteko profesionalentzat, mundu zabaleko zaleentzat eta hitzordu honetan euren lanak agerian jarri eta nabarmentzen dituzten tokian tokiko enpresentzat.

Espainia izan da bideo joko gehien aurkeztu dituen herrialdea, 78rekin; bigarrena Iran izan da, 35 bideo jokorekin, eta hirugarrena eta laugarrena, AEB (30) eta Erresuma Batua (29), hurrenez hurren. Euskal Herrian egindako bederatzi bideo joko aurkeztu dira.

Bideo joko Independenteen Nazioarteko Lehiaketaren zortzigarren edizioa da aurtengoa. Aurreko zazpi urteetan 40.000 parte hartzailek baino gehiagok izena eman dute eta bost kontinenteetako 1.200 bideo joko inguru aurkeztu dira.

Urriaren 10ean epaimahaiak aukeratutako lanak aurkeztuko dira. AzPlay jaialdiko epaimahaia bideo jokoen arloan merezitako aitortza duten profesionalek osatuko dute, hala nola sortzaileek, banatzaileek, editoreek eta jokalariek. Saria eskura dezaketen bideo jokoak hautatzeko garaian, beste ezer baino lehen, sormen izaeraren bidez balio positiboak helarazten dituztenak eta mota guztietako erasoen eta bazterkeriaren aurkakoak direnak izango ditu aintzat Azkuna Zentroak.

Sari banaketarako bost kategoria finkatu dira: Ideia originalik onenaren saria, Arte bisual onenaren saria, Soinu musika onenaren saria, Jolas aukera onenaren saria eta Euskal bideo joko onenaren saria. Bakoitzak 5.000 euroko diru saria izango du. Gainera, bideo joko finalisten artean bi hautatuko dira 2018ko Nordic Game Discovery Contest lehiaketan parte hartzeko.

"AzPlay 2017 tokian tokiko nahiz atzerriko enpresen arteko elkargunea izango da, jakintza trukatzeko orduan. Horrez gain, behar den moduko lekua ere izango da, bideo joko sortzaileenen bidezko saiakuntzak egiteko", azaldu dute antolatzaileek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos