Uda bete-betea Alkizako Urmara museoan

Koldobika Jauregi Urmaran, Thoreauri eskainitako etxetxorako bidean. / Lobo Altuna

Hainbat ekitaldi prestatu dituzte asteburutik aurrera Grap-hik! 2017 topaketen laugarren edizioaren baitan

Koldobika Jauregi eskultoreak Alkizan sortutako Urmara eremuan bat egiten dute naturak eta sormenak, eta ekitaldi ugari antolatzen dira bertan, bi aldagai horiek uztarturik ikasteko eta gozatzeko. Hurrengo asteetan, esate baterako, Grap-hik! 2017 IV Topaketak egingo dira. Papera, lan grafikoa eta artista liburuei buruzko topaketa honen inguruan egitarau zabal eta interesgarria antolatu da, datorren igandean, uztailak 30, zeltiar musika kontzertu batekin hasiko dena. Tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, musika saioak eta beste antolatu dituzte irailaren 16ra bitartean.

Esan bezala, igandean emango zaie hasiera topaketei, zeltiar musika kontzertu batekin. Oihane Igerabide harpa- jotzailea, Iñaki Telleria perkusionista eta Martí Varela biola-jotzailea ariko dira 12:00etan hasiko den eta guztientzat irekia izango den kontzertuan. Nahi izanez gero, bazkaltzera gelditzea ere badago. Lekua mugatua denez, geratu nahi dutenek 609 465 942 telefono zenbakira deituz edo mail@urmara.com helbidera mezua bidaliz eman behar dute izena. Mahaian, oilaskoa eta barazkiak brasan, postrea, edaria eta kafea, 10 euroren truke. Menu begetarianoa ere badago nahi izanez gero.

Topaketen xedearekin bat eginik, xilografia tailerra antolatu da abuztuaren 1etik 5era. Hasiberri zein profesionalei zuzendua dago eta bertan gaur egungo grabatuak aztertu eta egingo dituzte. Abuztuaren 5erako, larunbatarakin, beste tailer bat prestatu dute: 'Komikien sorkuntza gaur egun', Felix Aizpuruaren eskutik. Komikien inguruko tailer praktikoa izango da, teknika ezberdinen erakusketa eta bideo emanaldiarekin. Bi saio izango dira, 12:30ean eta 16:00etan. Tailerrean parte hartzeko ere aurretik eman behar da izena (609 465 942/mail@urmara.com).

Abuztuaren 11n, ostiralean, 'Xendrak' izenburuko greziar musika kontzertua izango da. Itziar Navarro gitarra-jotzaileak eta Laura Freire biolin-jotzaileak eskainiko dute emanaldia. Kontzertua 18:30ean hasiko da eta 20:00etan Carmen Ortiz, Pi Ortiz eta Sara Prieto ilustratzaileen erakusketa irekiko da Art negutegian. Abuztuaren 26an, berriz, 'Lamiaren zubia' emanaldia eskainiko dute Susana Cencillo akordeoi-jotzailea, Nekane Mendizabal dantzariak eta Koldobika Jauregi artistak. Ikuskizuna iluntzeko 21:00etan hasiko da eta musika, dantza eta grafika iragankorra uztartuko ditu, ikusentzunezko proiekzio batekin.

Uda parteko azken ekitaldia irailaren 16an izango da. Arratsaldeko 17:30ean 'Una casa en Walden' liburuaren aurkezpena egingo dute Pepitas de Calabaza argitaletxeko kideek. Liburua Henry David Thoureau idazlearen jaiotzaren 200 urteurrena ospatzeko argitaratu da. Aurkezpenarekin batera, Urmarako Thoureu espazioa eraberritua inauguratuko da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos