Bertsolari pikaroa

'Bertzo berriyak. Miguel Astiasuk jarriak' izenburua daukan kanta-papera, Antonio Zavalaren artxibokoa. / F. I.
'Bertzo berriyak. Miguel Astiasuk jarriak' izenburua daukan kanta-papera, Antonio Zavalaren artxibokoa. / F. I.

Ez da historia liburuetara pasa, baina bere garaian estimazio handikoa izan zen 'Asteasu'. Bazekien zer egin bertso-paper asko saltzeko |

FELIX IBARGUTXI

Batzuek ezaguna izango duzue kontua, beste batzuek ez. Gauza jakina da badagoela Txirritaren disko bat aspaldikoa, ezagutzen den bertso-diskorik zaharrena, alegia. 'Bertso berriak. Por Asteasu y Txirrita' du izenburu diskoak eta aspaldiko ustea zen 'Asteasu' goitizeneko hori Pello Errota zela, publikoaren artetik halako batean norbaitek «bota, Pello!» oihu egiten baitu.

Orain Joxan Goikoetxea hernaniar musikariak ikerketa sakona egin du eta hona emaitza: diskoan kantuan ageri den 'Asteasu' hori beste bertsolari asteasuar bat omen da: Jose Migel Vitoria Agote 'Aranburu-berri'. Gaitzizen hori, berriz, baserriaren izena da; eta 'Anbuerri' eta 'Amuerri' ere esaten zioten.

Diskoa 1926koa da, Goikoetxeak argitu duenez. Beraz, Txirritarekin kantuan ari zena ezin Pello Errota izan, hura 1919an hil baitzen. Bestalde, datorren urtean otsailean betetzen dira 100 urte, eta asteasuarrek handikiro ospatu nahi dute.

Bueltatu gaitezen Jose Migelengana. Bere garaian oso-oso ezaguna izan zen gure protagonista. Uztapidek ere aipatzen du bere oroitzapen-liburuan, baina gero, bertsolaritzaren historia idazteko garaian, oso bigarren planoan gelditu zen.

Gaurko egunez, 1887ko maiatzaren 6an jaio zen Jose Migel, eta 1931ko abenduaren 17an hil, 44 urte besterik ez zituela. Baserriaren izenez ere ezagutzen zuten, baina 'Asteasu' edo 'Astiasu' goitizenak ere ibiltzen zituen, eta bada bertsopaperik era horretara sinatutakorik ere.

Nolako gizona izan zen jakiteko, lehen esan bezala, iturrietako bat Manuel Olaizola 'Uztapide' dugu. Plazatik 1972an erretiratu zen Uztapide, eta Antonio Zavalak lanean ipini zuen orduan. Hartu boligrafoa eta koadernoa, eta bere bizitza kontatzeko esan zion Tolosako jesuitak, eta esana ondo baino hobeto egin zuen azkenean. 1974an 'Lengo egunak gogoan' oroitzapen-liburua plazaratu zuen Uztapidek eta, hasierako orrialdeetan, nola bertsozaletu zen kontatzen duenean, honela dio: «Asteasuko Aranburu-berri kanta-paperak saltzen ibiltzen zen. Hura gizon lodia zen. Ehun bat kilo igual izango zen hura; gizon patxadazkoa. Hark bertso berdeak izaten zituen. Guk huraxe nahi. Bestela erosiko ez bagenituen ere, berdeak baldin baziren segituan erosiko genituen, eta bai ikasi ere. Batean, Zestoara feriara etorri zen kanta-paperak saltzera. Hasi zen kantatzen, eta orduan ere berdeak hark. Berehalaxe mikeleteak arrimatu zitzaizkion, eta ez kantatzeko, formalidade gutxiko bertsoak zirela eta.

Orduan zera egin zuen Asteasuk, Uztapidek kontatzen duenez: aulkia hartu eta tabernara joan, eta han hasi kantuan. Bazuen zeinek erosia. «Hango tira beharra eta hango bultza beharra! Mikeleteek mesede ederra egin zioten hari. Bestela erosiko ez zutenek, orduan erosten zuten papera. Mikeleteak kantatzea galarazia zela jakitea nahikoa zen papera erosteko. Hamar xentimo izaten zen paper bakoitza, baina hark diru mordoa bildu orduan ere. Holaxe manejatzen zen hura».

J.M. Vitoria 'Asteasu'.
J.M. Vitoria 'Asteasu'.

Zer nahi zuen esan Uztapidek? 'Asteasu'-k diru asko egiten zuela? Herrian gelditu zen oroitzapena da sosa asko irabazten zuela bertsoei esker, eta hiltzean 13.000 pezeta agertu zirela bere gelan.

Mutilzahar hil zen eta mutilzahar bizimodua eraman zuen. Uztapidek bere liburuan kontatzen du nola behin Jose Migel eta Arozpide bildu ziren Zestoako ferian. Ez zuten elkar ezagutzen, eta Arozpide bestea toreatzen hasi zen, bertsoa bota ziolarik honela bukatzen zena:

Gu baño ume eskasagorik

ez du egin amak,

andre bana mantentzeko

kapaz ez geranak.

Eta orduan Jose Migelek:

Aizazu, Arozpide,

zure izaera

kalkulatuta daukat

gutxi gora-bera;

beriala ementxen det

esateko era:

oriñelak garbitzeko

aproposa zera.

Hara hor orduko bertsogintza pikaresko haren adibidea. Duela gutxi Bernardo Atxagak Asteasuko hitzaldian esan zuena: XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, lehenengo karlistek eman zieten bizkarra bertsolariei, pikareskoak zirelako; eta gero EAJko nazionalistek, hizkuntza aldetik batere purista ez zirelako.

Bada beste kontu jakingarri bat. Antonio Zavalaren artxiboan bertsolari honi buruz dauden karpetetan, ikusten da jesuitak emakume batzuei egindako elkarrizketaren transkripzioa. Hitz egiten duenetako bat Mikela da -Mikela Elizegi, Pello Errotaren alaba-, eta besteak «lehenengo alaba» eta «bigarren alaba». Gure Jose Migeli buruz ari dira, eta halako batean hau dio lehenengo alaba horrek: «Bertsoak ateratzen hasi zen, eta gu... (pixka bat?) izan atereak zakurrari, katuari eta hori. Neska-mutilenak ere dena gezurra jartzen zuen, sumatu eta kantatu». Eta bigarren alabak hau eransten du: «Gezurra berak sortu, eta esan eta gero kantak saldu, hartatik bizi zen».

Badakigu Antonio Zavala behin baino gehiagotan bildu zela Mikela Elizegirengana, eta handik liburua ondu zuela 1963an: 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua'. Pentsatzekoa da beste paper horietan agertzen diren bi alaba horiek Mikelaren alabak izango zirela.

Beraz, badirudi, gure Asteasuk asmatu egiten zituela neska eta mutilen arteko sesio eta haserreak, eta haiek bertsotan kontatuz diru dezente biltzen zuela.

Hona aldatuko dugu Zavalaren artxiboan -Koldo Mitxelena Kulturunean- dagoen 'Neskatxa batek nobio izanari jarriyak' papereko bertsoetako bat, bere horretantxe, batere ukitu edo gaurkotu gabe, ikusteko 1910-1920ko hamarkadetako grafia:

Esposatuko giña lakuan

Pozak burutik naztuta

Akerra souan gisha kalian

Larrera biria astuta

Goiko Tabernan baso arduak

Asko zarritan ustuta

Ordaindu gabe igezi juan

Batere lotzarik estuta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos