Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu eta Izaro bakarlaria, aurrez aurre

Izaro, 'Om' diskoaren azalean.

Oñatin eta Donostian ariko dira solasean ostegunean eta ostiralean, hurrenez hurren, MondragonLinguaren TOPAKEtalk programaren barruan

Berri Txarrak taldearen sortzaile den Gorka Urbizu eta Izaro bakarlaria izango dira ROCKOMUNIKAZIOA (Artea, hizkuntzak & rock and rolla) jardunaldiaren protagonista. Ekitaldi hori MondragonLinguaren TOPAKEtalk programaren baitan sartzen da, eta komunikazioak, sorkuntza artistikoak eta hizkuntzek duten harremana jorratuko dute ikuspegi emozional batetik.

Oñatin, Donostian eta Gasteizen egingo dira Urbizuren eta Izaroren arteko topaketa hauek. Oñatiko Kultur Etxean abiatuko dira ostegunea, urriak 5, eta Donostiakoa hilaren 6an egingo da, ostiralean, Koldo Mitxelena Kulturgunean. Gasteizkoa, berriz, Artium Museoan egingo da, urriaren 10ean. Saio denak 19:00etan hasiko dira.

Berri Txarrak taldeko gitarra-jole eta abeslariak eta karreraren hastapenetan den Mallabiako artistak elkarrizketa lasai bat izango dute, bien esperientziak aurrez aurre jartzeko. Izarok elkarrizketa egingo dio Gorkari eta rock and rolleko musikari baten bizitza inguratzen duten gaiei buruz galdetuko dio: musikaren industria, mundu horretan dagoen sexismoa, lan-prekarietatea, errepidea, sorkuntza-prozesua… Beren bizitza artistikoa inguratzen duten hizkuntzekin duten harremanaz ere hitz egingo dute, bai abestien letrak idaztean, bai beren biretan komunikatzeko ere.

Amaiera gisa, artista bakoitzak beste artistak sortutako abesti bat joko du gitarra akustikoarekin.

Gorka Urbizu (Lekunberri, 1977) Berri Txarrak taldeko gitarra-jolea eta abeslaria da. Bere taldea, gaur gaurkoz, euskarazko rock-talde nagusia da. 1994an sortu zenetik, estudioko zortzi disko eta hainbat bilduma editatu ditu, eta eszenatoki askotara igo da, Euskal Herrian eta Europan ez ezik, baita Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian edo Latinoamerikan ere. Urbizu Coloradotik iritsi berria da. Hantxe pasatu du udaren zati handiena, Bill Stevenson ekoizlearen (Descendents, Black Flag…) eskutik disko berri bat grabatzen bere 'power' hirukoteko beste bi taldekideekin batera.

Izaro Andrés Zelaietak (Mallabia, 1993) hiru urte soilik daramatza musikaren munduan, baina Paradise abestiarekin agertu zenetik hazi eta hazi ari da. Beste lau musikarirekin batera taldea osatu ostean, bere lehen diskoko (Om) abestiak aurkezten aritu da azken urtean, Izaro izen artistikoarekin. Une honetan abesti berriak grabatzen ari dira. Hiru hizkuntzetan konposatzen eta abesten du: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

ROCKOMUNIKAZIOA

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos