Beñat Igerabideren bigarren diskoa, "positiboagoa"

Beñat Igerabide, disko berriarekin. / SARA SANTOS

'Gelºdialdi bakoitzean' plazaratu du eta laster Tolosa, Irun eta Donostian emango ditu zuzenekoak

FELIX IBARGUTXI

Beñat Igerabidek bigarren diskoa plazaratu du: 'Geldialdi bakoitzean'. Orain dela hiru urteko 'Orbainak' hura bezala, Adunan daukan estudioan grabatu du, Sonola estudioan. Beraz, hasi eta buka berak moldaturiko diskoa izan da, baina masterizazioa Elkar diskoetxean burutu du, Victor Sanchezekin.

Zenbait rock eta metal taldetan jardun ostean, 2011. urte inguruan kantuak bakarka sortzen hasi zen Igerabide. Gaztea irratiko maketa lehiaketako finalera iritsi zen 2013an, eta 'Orbainak' diskoa kaleratu zuen 2014ko udaberrian.

"Urte honen hasieran hasi nintzen grabatzen. Lan piloa izan da, baina lasai hartu dut", esan du musikariak diskoaren aurkezpen-ekitaldian. "Ni pop-rockaren arloan mugitu naiz beti, baina oraingoan badago funk pixka bat, folk pixka bat eta baita kantu erabat akustiko bat ere. Positibotasun asko diskoan, alaiagoa da aurrekoa baino".

Letrei dagokienez, "ausardia, kemena eta natura" omen dira gaietako batzuk. "Letrak lantzea gustatzen zait, berridatzi egiten ditut gustura gelditu arte".

Lehenengo diskoa "bakar-bakarrik" osatu omen zuen, oraingoan lagun batzuk inguratu ditu, eta taldea osatu; kide hauekin: David Etura (bateria), Matthieu Haramboure (baxua), Pello Gorrotxategi (teklatuak), eta Gorka Urra (gitarrak). Ekoizpenean ere jardun zuen Urrak, eta oraingo aurkezpen-ekitaldian honela mintzatu da: "Hemen oso musika berezia dago. Oso harro nago".

Laster hasiko da Igerabide bere taldearekin zuzenekoak ematen. Hil honen 13an, Tolosako Bonberenean, Xabi San Sebastian ere tartean; 20an, Irungo Urdanibia plazan, MEK festibalaren barruan; 27an, Tabakaleran, Kutxa Kulturren barruan; eta azaroaren 3an, Villabonan.

Oraingo diskoko abestiak ez ezik, aurreko batzuk ere tartekatuko ditu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos