Bederatzi lehen film, Zinebi First Film lehiaketan

'Não devore meu coração' filmeko irudia./
'Não devore meu coração' filmeko irudia.

Atzerritarrak dira zuzendari berriei film luzeen munduan lehen pausoak egiten lagundu nahi dien saileak parte hartuko duten lan guztiak

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10etik 17ra ospatuko du Bilbom 59. edizioa. Lanak aurkezteko epea bukatuta, 98 herrialdetatik heldutako 3.183 film jaso ditu.

Jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko 70 film jaso dituzte; gainerakoan, Espainiako Estatutik 609 film heldu dira, Frantziakotik 417, Alemaniatik 238, Brasildik 156, Mexikotik 130, AEBtik 112, Argentinatik 101, Erresuma Batutik 92, Italiatik 75, Kolonbiatik 68, Txiletik 47, Venezuelatik eta Kubatik 11na eta Uruguaitik 10.

Zuzendari berrientzako atal berezi bat ere badu. Izan eren, nazioarteko zinemagile berrien bederatzi lehen film lehiatuko dira Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren fikzio, dokumental eta animaziozko film luzeei zabalik dagoen Zinebi First Film (ZIFF) lehiaketan. Aukeratutako bederatzi filmak zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro dira, besteak beste, Locarno, Cannes, Berlin, Venezia edo Sundancetik, eta 7.000 euroko saria lortzeko lehian izango dira.

Zinebik jakinarazi duenez, film laburrak egin ondoren, film luzeen munduan lehen pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta zinemagile gazteei laguntzen jarraitu nahi du iaz abian jarri zuen lehiaketa honekin. Gainera, lan berri horien bitartez, "zinema garaikidearen panorama osatzen duten sorkuntza joera, estilo eta argumenturako materia aniztasunera hurbiltzeko aukera" eskaini nahi die ikus-entzuleek.

Zinebi First Film lehiaketaren bigarren edizioan bederatzi film luze arituko dira. Lanen ekoizpenean 11 herrialdek hartu dute parte, hain zuzen, AEB, Afganistan, Alemania, Austria, Brasil, Frantzia, Israel, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suitzak.

Zehazki, 'Gray House' (Austin Lynch eta Matthew Booth; AEB), 'Não devore meu coração' (Felipe Bragança; Brasil, Herbehereak eta Frantzia), 'Drift' (Helena Wittmann; Alemania), 'Charleston' (Andrei Cretulescu; Errumania eta Frantzia), 'Dene wos guet geit' (Cyril Schäublin; Suitza), 'Namai Ba Rahis Gomhor' (Roya Sadat; Afganistan), 'Sommerhäuser' (Sonja Maria Kröner; Alemania), 'Pigumim' (Matan Yair; Israel eta Polonia) eta 'Tehran Taboo' (Ali Soozandeh; Alemania eta Austria) lanek parte hartuko dute lehiaketan.

Aukeraketa horretan, "mundu garaikideko gizakien joan-etorrien funtsezko gaiak" aurkituko dituzte ikus-entzuleek, besteak beste, erlijioan oinarritutako lege zorrotzaren mende dauden zenbait hiritako bizimodua, nerabeen arteko maitasuna Latinoamerikako herrialde batzuetako mugetan, Atlantikoa belaontzi batean zeharkatzen duen emakume baten abentura solidarioa eta esperientzia pertsonala, edota emakume baten galera tragikoa eta senarraren eta maitalearen dolu konpartitua.

Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinemagile eta erakusle italiarrak, Alejandra Trelles Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendariak eta Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarrak osatuko dute Zinebi Firts Film saria erabakiko duen nazioarteko epaimahaia. Filmak Golem-Alhondiga zinema aretoetan eskainiko dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos