«Batzuetan guk deitu gabe hurbiltzen zaigu jazz kolorea»

Hasier Oleaga, Beñat Barandiaran, Elene Arandia, Itxaso Etxebeste eta Juantxo Zeberio Etxetxipia. / DV
Hasier Oleaga, Beñat Barandiaran, Elene Arandia, Itxaso Etxebeste eta Juantxo Zeberio Etxetxipia. / DV

'Itzulika' dabiltzan mundu eta jendeari eskaini die Tenpora taldeak bere bigarren diskoa

JUAN G. ANDRÉS DONOSTIA.

Duela lau urte ekin zion bere ibilbideari Tenpora taldeak eta 'Mundu berria' (2015) diskoaren ondoren, 'Itzulika' (2017) plazaratu dute, beren «bidaia partikularreko bigarren geltokia». Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa, melodika, teklatuak), Elene Arandia (ahotsa), Beñat Barandiaran (gitarra elektrikoa), Itsaso Etxebeste (baxua) eta Hasier Oleaga (beteria) berriz ere bildu dira hamar kanta grabatzeko. Gehienak Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoroen hitzekin. Gaur kontzertua eskainiko dute Durangoko Ahotsenean eta urtarrilaren 12an Tolosako Topic aretoan arituko dira.

Ohi bezala, Zeberiok sortutako doinu «biluziak» etxean landu ditu pianoz, Elenerekin batera. Tolosarrari, aitzitik, «talde dinamika bat sortzea» gustatzen zaio, eta lokalera sartzerakoan «hasten da benetako lana», gainontzeko taldekideen ekarpenekin hazten baitira kantak. Emaitza oparoa da benetan, baita oso anitza estilo aldetik ere. Jazza oso presente dago diskoan, baina rock progresiboa, soul, fusioa eta elektronika ukitu batzuk ere badaude. «Ez nuke esango jazz disko bat denik, nahiz eta une batzuetan jazz kolorea guk deitu gabe hurbiltzen zaigun. Konposatzean ez diogu norabide bat markatzen gure jardunari. Kantaren alde bada, berdin zaigu estiloa edo etiketa», dio pianojoleak.

Disko osoa «zipriztintzen» duen kontzeptu nagusia tituluan ageri da: «Itzulika dabiltza mundua eta jendea, beti akats berdinak errepikatzen. Aktoreak eta garaiak aldatuz doaz baina hor gaude beti gai berdinen eta tragedia berdintsuen bueltan. Gure herria ere halaxe dabilela iruditzen zait, itzulika espiral amaigabe batean, itzulika botereak jartzen dizkigun kartekin jolasten gureak balira bezala, inboluzio demokratiko izugarria bizi dugu eta ez dugu ahotsa altxatzen». Samin horren isla da 'Itzulika' abestia, Zeberiok idatzia. «Lotsa piska bat ematen zidan Cano eta Linazasoro idazle handien testuen artean nirea sartzeak, baina ikusi nuen zenbait burutazioren inguruan jarduteko hobe zela nire hitzak erabiltzea», gaineratu du.

Errefuxiatuei buruzko trilogia «minetik» sortutakoa da, «ez dira kanta erosoak»

Aurreko diskoan Mikel Laboaren 'Gure hitzak' kantaren bertsioa sartu zuten eta oraingoan, berriz, Imanolen 'Zure tristura' jazz elektriko eta goxoaren eremura eraman dute. Elene Arandiak nabarmendu duenez, gustatzen zaizkien kantak «tenporizatzea» laket dute, taldearen «zigilua edo soinua» utziz baina «errespetuz» jokatuz beti. Indar handiko eta erregistro zabaleko kantaria da tolosarra: soula, funky-a, jazza, kabareta, klasikoa, metal sinfonikoa... Guztiak ditu gustuko, baina «bereziki», musika beltza. Bere iritziz, Tenporan «ahotsa ez da nagusitzen lehen entzunaldian, xuxurlatzen edota kontatzen ari dela dirudi begi behatzailea bailitzan, baina bat-batean, ordea, oihu batean jartzen da». Hori dela eta, bere kantatzeko era «espresiboa, adierazkorra eta, era berean, espresionista» dela esango luke.

Azken hiru kantek errefuxiatuei buruzko «trilogia» bat osatzen dute. 'Lesbos'-ek Harkaitz Canoren hitzak ditu eta 'Lampedusa'-k, Karlos Linazasororenak. Diskoa ixten duen 'Argiak itzali', berriz, instrumentala da. Zeberiok oroitu duenez, «minetik sorturiko» musikak dira eta «min hori entzulean sortu behar dutela» iruditzen zaio, «ez baitira kanta erosoak». Familiarekin oporretan zegoela idatzi zituen. «Goizean konposatzen nuen eta arratsaldean, hondartzara. Bizi dugun munduaren paradoxa: jendea itsasoan hiltzen eta ni itsaso beraren bestaldean kantak sortzen eguzkiak nire azala goxoki belzten duen bitartean», adierazi du.

Ildo horretan, 'Argiak itzali' 2016ko irailaren 8an Donostian frankistak sartu zireneko 80. urteurrena oroitzeko ekitaldi baterako egin zuen eta diskorako «epilogo» ezin hobea iruditu zitzaion: «Orain 80 urte Euskal Herrian milaka pertsonek alde egin behar izan zuten diktadura bortitz batetik ihesi. Gaur albisteetan ikusten ditugun errefuxiatuak gu ginen, etsipenez laguntza eske genbiltzan Gernika suntsitzen zuten bitartean gaur Alepo bezalaxe. Gero ikasi genuen munduak nola emango zigun bizkarra, baina memoria hauskorra da batzuetan eta gaur gu gara Siria edo Iraketik datozen horiei bizkarra ematen diegunak gure errefuxiatu kuota negargarriekin, albisteak etxeko sofatik telebistan ikusten ditugun bitartean, itzulika».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos