Baterik gabeko beisbola

World Baseball &Softball Confederation-eko burua, Riccardo Fraccari, Proyecto Béisbol 5 Callejero ekima aurkezten, Higinio Vélez Cubako Beisbol Federazioko lehendakariarekin/
World Baseball &Softball Confederation-eko burua, Riccardo Fraccari, Proyecto Béisbol 5 Callejero ekima aurkezten, Higinio Vélez Cubako Beisbol Federazioko lehendakariarekin

Gurean oso talde gutxik jarduten dute beisbolean. Gehien bat emakumezkoak aritzen dira horren iparamerikarra dirudien kirol horren sofbol izeneko aldarean. Kuban arras ezberdina da egoera: beisbola joko nazionala da eta orain arras kontent daude lau izkina deituriko (eta belaunaldi batez galdutako) modalitatea berreskuratu dutelako

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Kubako Juventud rebelde egunkariko abenduaren 3ko azken orrialdean Jape izengoitiaz sinatzen duen kazetariak ¡Al rescate! artikulua plazaratu zuen. Harro, harroxko kasik, paper kaskarrean inprimaturiko lerrotan jakinarazten zuen Nazioarteko Beisbol eta Sofboleko Konfederazioko Ricardo Fraccari presidenteak Karibeko uharte ederrean aspaldian pitén izenaz ezagutzen zuten beisbol modalitate herrikoia, kalekoa aintzat hartu nahi dutela adierazi ziola Gramma egunkari ofizialeko Héctor Villar idazleari.

Jape bezala zientoka kubatarrak poz pozean agertu dira notizia entzuterakoan, irakurtzerakoan. Are gehiago baieztatu dutenean Fraccari jauna txantxetan ez zegoela. Konfederazioak (WBSC da ingelesezko bere izena) Beisball 5 deituriko kirola jorratu nahi du mundu zabalean. Eta Beisbol 5 hori pitén zoragarriaren eboluzioa baino ez da. World Baseball & Softball Confederationen usteetan, modalitate honek jendea sorginduko du ohiko beisbola baino askoz dinamikoagoa delako, jokatzeko ez direlako behar eremu zabalegiak eta kaleko kirol guztiek duten xarma berezia (pentsa ezazue Brooklyneko plazatxoetan jokatzen den saskibaloiaz, gure plaza pilotalekuetan suertatze  diren partida lehiatsuez eta Brasilgo espaloietan, baloia oinari itsasirik, aritzen diren etorkizunezko crack-z) dariolako. Are gehiago, WSBCko buruzagien esanetan, Beisbol 5 delakoa datozen urtetako beisbol handiarentzako jokalari finen errobi emankorra izango da, munduan zehar ezagun bihurtuko du Tokioko Joku Olinpikoak eta gero olinpikoa izan nahi duen baseball hori bera.

Baina zer da pitén hori? Kuban Lau iskin deitzen zioten ere. Deitzen diote berriro egunotan. Kale lehia sutsu honetan, inolako tresnarik gabe (ez baterik, ez eskularrurik, ez kaskorik, ez gorputz edo hanketako babesgarririk) aritzen dira bat-bateko jokalariak. Non? Bi kaleren arteko elkargunean (hortik beste izena, lau iskin). Joan den mendean La Habanan, Santiagon, Cienfuegosen edo San Antonio de los Bañosen zalaparta ikaragarria sortzen zen jokalariak pitenerako biltzen zirenero. Bidegurutzearen aldameneko karrikak eta balkoiak lepo ziren ikuslez. Nork, zeinek irabaziko deman jarduten zuten askok. Beste hamaika, kexu, pilotak askotan leihoetan barne sartzen zirelako etxetako apaindura hauskorrak txikituz. Gaur ere, piténaren berpiztearen kontra azaldu dira batzuk. Beldur dira piteneroak bueltatzen badira kaletara galduko dutela leihoetan telebista bakean ikusteko aukera, irratia lasai entzuteko beta, liburu bat intimitate isilean irakurtzeko parada Beste askok, ordea, elkar besarkatzen dute pasa garai zoriontsuak itzuli direlakoan. Oroimin gazi-gozoaz gogoratzen dute iragan hurbil batean pilota poltsikoan zutela ateratzen zirela etxetik. Beti izaten zelako la  iskin eder bat sortzeko aitzakia. Inon. Inoiz.

Pasa azaroan izan ziren Beisbol 5 modalitatearen estreinako partida ofizialak. La Habanako auzoetan, kale askotako gurutze-bideetan. Baita Muinoko Kolosoa deituriko estadio ospe handikoan ere. Berrikuntzen artean, bat oso garrantzitsua: emakumezkoen zein gizonezkoen taldeakizan ziren. Baina baita estreinakoz hainbat talde misto ere. Arrakasta egundokoa izan zuen lehendabiziko proba honek. Bai jendearen artean bai erakutsitako beisbol mailaren aldetik. Partidetan filmaturiko jokaldirik ikusgarrienetarikoak bidali dituzte Nazioarteko Komite Olinpikora beisbola herrikoia eta espektakularra izan daitekeela frogatu asmotan. Noizko Komitearen erantzuna? Igual 2024rako. Pariseko Jokoetarako.

Hastear den 2018ko urrian Buenos Aireseko Gaztediaren Joko Olinpikoetan izango dira hainbat eta hainbat erakusketa partida. Aurreradoa, zuhur, beisbola diziplina olinpiko bihurtzeko estrategia. Berpiztu da bai pitén Kubako karriketan baina oraindik erantzunik gabeko galdera egiten dute irakurleek Juventud rebelde egunkarian: non erosiko dira gomazko pilota beharrezkoak? Izango al dira beisbol ofizialarentzakoak bezain garestiak ala frontenisekoak baino merkexeagoak? Ez ahaztu Kuban gaudela. Dirua ez da sobran izkinetan.

Bukatzeko, hona hemen Gipuzkoako sofboleko taldeak: Orioko BateBizkorrak, Atlético San Sebastián, Sofbol K.E eta Rentoks Sofbol. Bada ere gogotsu dabilen beisboleko bat: Marineros de Donostia. Ea noiz Lau iskin misto bat Gipuzkoako gurutze-bide batean…

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos