Hasi da Bastiddan Finalerako azken etapa luze eta malkartsua

Oihana Iguaran, mikroaren aurrean, Leitzan jokatu zen final laurdenean./GARI GARAIALDE/XDZ
Oihana Iguaran, mikroaren aurrean, Leitzan jokatu zen final laurdenean. / GARI GARAIALDE/XDZ

Bidea orain hasiko duten 2013ko finalistak kenduta, final laurdenetatik 9 emakume eta 9 gizonezko iritsi dira azkenaurreko fasera. Orain lau urte 14 gizonezko eta 4 emakume izan ziren

M. IMAZ

Hasi da estutzen 2017ko Txapelketa Nagusiko finaleraino daraman bidea. Larunbat honetan Bastidan hasiko den bigarren fasean, hurrengo asteetan jokatuko diren zazpi finalaurrekoek osatzen dutenean alegia, 24 bertsolarirentzat dago bakarrik tokia. Fase hori amaitutakoan, azken urratsean, zazpi baino ez dira igaroko irteerako muturrean BEC-eko oholtza daukan inbutuaren tutuan barrena. Han izango dute, zain, orain lau urte lortutako txapelari esker final batetik bestera zuzenean igaro den Amets Arzallus.

Mekanikaren aldetik oso antzekoak izan dira azkeneko Txapelketa Nagusiak, baina bakoitzak izan du bere puntua. Belaunaldi aldaketa halakotan, aurreneko emakume txapelduna honakotan... 2017koan, fase goiztiar honetan bederen, aipatzeko modukoa izan da bertsolari emakumeen ekarpen indartsua. Lekuko, zenbakiak; kantitate soila adierazten dutenak zein jardunaren maila neurtzen dutenak. Kopuruari erreparatuta, 2013ko finaletik zuzenean 2017ko finalaurrekoetara heldu direnak kenduta -orduko zortzikotetik, Unai Iturriaga da, berak hala erabakita, falta den bakarra-, gizonezko bezainbeste emakumezko dira final laurdenetan egindako lanari esker sailkatu direnak, emakumezko bezainbeste gizonezko. 9nako berdinketa. Oihana Iguaran, Alaia Martin, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Miren Artetxe. Hauekin batera, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Jon Martin, Etxahun Lekue, Jon Maia, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika.

Den-denak, baita aurreko Txapelketan finalista izandako 6 bertsolariak ere (Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza) hutsetik abiatuko dira. Final laurdenetan lortutako puntuak honezkero ezabatuta gelditu badira ere, adierazgarria da haatik ikustea6 final laurdenetako 4 bertsolari emakumezkoek irabazi dituztela (Alaia Martinek, Oihana Iguaranek, Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek), eta bi bertsolari gizonezkok (Jon Martinek eta Etxahun Lekuek). 18 sailkatuak lortutako puntuen arabera zerrendatuz gero, 4 aurrenekoak emakumezkoak dira; Oihana Iguaran, Alaia Martin, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal, hurrenkera horretantxe.

2013an oso bestelakoa izan zen punta-puntako bertsolaritzaren erretratua. Final laurden denak gizonezkoek irabazi zituzten (Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Jon Martin, Julio Soto eta Etxahun Lekuek) eta 4 emakumezkok baino ez zuten egin bigarren faserako urratsa: Jone Uriak, Alaia Martinek, Amaia Agirrek eta Nerea Elustondok. 18koa osatu zuten Jexux Mari Irazuk, Xabier Silveirak, Unai Agirrek, Beñat Lizasok, Jokin Urangak, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Odei Barrosok eta Fredi Paiak. Nabarmena da aldea. Kasualitatea? Akaso bai. Txapelketak aurrera egin ahala ikusiko da.

Abiapuntua, Araban

Larunbat honetan hasiko da bidea argitzen Bastidan. Bertako kiroldegian jokatuko da aurreneko finalaurrekoa, 17:00etatik aurrera. Gainerakoetan bezala, 6 bertsolari igoko dira oholtzara: Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina. Aurkezlea, berriz, Inazio Usarralde izango da, eta saioarekin batera bestelako ekimen osagarriak antolatu dituzte herrian: kantu poteoa, haurrentzako emanaldia eta inguruko upategietara bisita.

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren bueltako finalaurrekora. Bastidakoaren ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Irun, Maule-Lextarre eta Durango. Badira bi, Irungoa eta Durangokoa, hiru emakumezko eta hiru gizonezko aurrez aurre jarriko dituztenak. Aurreneko lau saioetatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. Amurrio, Donibane Lohizune eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko saioak.

Sarrerak hasi dira dagoeneko urritzen. Datorren asteazkenean, azaroak 1, Irunen jokatuko den saiorako sarrerak amaitu dira. Azken sarrerak Irungo Turismo bulegoan daude salgai, eta egunean bertan ez da leihatilarik irekiko. Gainerako saioetarako, ohi denez, hemen eros daitezke.

Hasieratik Txapelketaren jarraipen bikaina egiten ari den bertsoa.eus atarian ez ezik, saioa zuzenean eskainiko da ETB4en, arratsaldeko 16:50etatik aurrera Aitzol Barandiaranek eta Manex Agirrek kontatuko dute Bastidan gertatzen den guztia. Bestalde, bertsoaldi onenak ETB1eko 'Hitzetik hortzera' saioan entzun ahal izango dira, igandean 15:00etan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos