Borrar
Cabo da Cruz-eko neskak, arraunean EFE
‘Bantxa’-tik ‘Libia’-raino

‘Bantxa’-tik ‘Libia’-raino

Traineru batzuek izen gardena daukate, herriaren patroiarena, adibidez. Beste izen batzuek zer pentsatua ematen dute

Félix Ibargutxi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 10 de septiembre 2017, 11:28

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Arraun-taldeek ez ezik, traineruek ere beren izena daukate. Batzuk oso aspaldiko izenak dira, beste batzuk berri-berriak, eta berriak izanagatik bitxiak. Batzuk bakarrik komentatuko ditut.

‘Bantxa’ (Donostia)

Klubak ontzi berria erosi zuen iaz bere mutilentzat. Arraunlarien artean bozketa egin zen izena aukeratzeko, eta boto gehien honek jaso zuen. Lehorreko jendeak ezagutzen ez duen hitza da ‘bantxa’. Jose Angel Peñak, Donostiako portuko marinel erretiratuak, kontatu didana: «Santa Klara atzean dagoen gune bati esan ohi zaio Bantxa. Ur azpiko arroka- -gunea da. Kontxatik begiratzen dugula, ez dago Ondarretako aldean, baizik Aquarium aldera, eta ez irlaren aldamenean, baizik eta ehun bat metrora. Han urak sakonera gutxiago daukanez, aparra sortzen da, eta olatuak errazago altxatzen. Horrelako tokiei, gaztelaniaz, ‘bandas’ esaten zaie».

‘Banda’ famatuena, gure inguruan, Pasaiakoa da. ‘Pikatxilla’ deitzen zaio. Berriz ere Peñaren hitzak: «Badiaren kanpoko aldean dago harrizko gune hori, ezkerraldean, Monpas aldera, lehorretik berrehun bat metrora. Kanpoko ontzi asko hondatu dira bertan. Radarrak zer edo zer markatzen du, uste dute arrain-saldoa dela, joaten dira bertara eta azpia urratu! Hondoratutako ontziak ere izan dira, nik entzun dudanez».

‘Torrekua’ (Donostia)

Traineru hau Donostiako emakumeen taldeak uretaratu du aurten. Aurretik gizonezkoek erabilitako ontzi bera da. Luis Karril (1847-1892) donostiar patroi handiaren goitizena zen ‘Torrekua’, Torrean jaioa zelako; hain zuzen ere, orain Untzi Museoa dagoen eraikineko dorrean, lehenago Itsas Kontsuletxea izandakoan.

‘Erreka’ (Pasai Donibane)

1985ean hasi zen deitura hau, eta iraun egin du. Manu Maritxalarrek, bertako arraunlari izandakoak, eman dit azalpena: «Erreka, berez, Pasai Donibaneko auzo txiki bat da, Bonantzako Santo Kristo elizaren atzean dagoena. Erreka txiki bat dago bertan, etxe gutxi dira, baina auzoak nortasuna dauka, Orion Ortzaikako auzoak daukan bezala. Nik aditu dudanez, herriaren aurrean batasuna agertzeagatik aukeratu zuten deitura hori».

‘Batelerak’ (Pasai Donibane)

On-tziari ez ezik, halaxe esaten zaie Donibaneko emakume arraunlariei. Lehengo garaietan, gizonezkoak arrantzan joaten zirenean urrutira, emakumeek sarri egiten zuten arraunean gertuko uretan, eta ‘batelerak’ esaten zi-tzaien. Lehen datu historikoa 1522. urtekoa da, eta Braulia Goienetxea izan zen Pasaiako azken batelera; 1920ko hamarkadan utzi zion lan horri. Argibide gehiago nahi izatera, hor dago Gorka Reizabalek 1989an publikatutako ‘Santos Pasajes de Remo’ liburua.

‘Libia’ (Pasai San Pedro)

Historia luzea du izen honek. Clemente Goldaratzena arotzak trainerua egin zuen sanpedrotarrentzat, eta ontzia bere iloba jaioberri baten izenarekin bataiatzea eskatu zuen. Libia Martín zen umetxo hura, Frantzian bizi izan zen denbora luzez eta duela hamabost bat urte hil zen. Hain zuzen ere, traineru harekintxe irabazi zuen Pasai San Pedrok Kontxako bere lehenengo bandera, 1917an, patroia Aita Manuel mitikoa zuela. Gero beste izen batzuk izan zituen ontziak -‘Aita Manuel’, ‘Sanpedrotarra’, ‘Aita San Pedrokua’...- baina 1989an, Andoni Inda enpresaburu eta mezenasek beste traineru bat oparitu zien sanpedrotarrei, eta ‘Libia’ moduan izendatzeko eskatu. Harrezkero izen horrekin egiten dute arraunean San Pedroko gizonek. Izen honen nondik norakoa Gorka Reizabal kazetariak publikatu zuen lehenbiziko aldiz. 1902an jaiotako Bixente Etxeberriari entzunda lortu zuen Reizabalek esklusiba.

‘Bou Bizkaia’ (Urdaibai)

1993an aukeratu zuten izen hau. Hona Josu Zabalondok, klubeko lehendakari ohiak, egindako azalpena: «Diotenez, orduan entrenatzaile zebilen Patxi Bilbaori bururatu zitzaion, eta bazeuden beste aukera batzuk: ‘Almikeko Ama’ eta ‘Eukene Deuna’, adibidez». 1937an, Francoren armadaren kontrako Matxitxakoko borrokan parte hartutako euskal ontzietako bat izan zen ‘Bizkaia’ -ezagunena ‘Nabarra’ izan zen, hondoratuta gelditu zena- eta bermeotar asko ari ziren bertan; horietako bat bizirik dago gainera, Juan Azkarate, eta urtero egin diote omenaldi.

‘Mar do Con’ (Tiran)

Pontevedrako Tiran herriko auzo bat da O Con. Hantxe dago arraun-elkartearen egoitza, baita Moañako udalerriko kai nagusia ere. ‘Mar do Con’ esamoldearekin, arraunlariek entrenamenduak egin ohi dituzten zonaldea adierazi nahi izan dute. Gainera, hantxe dago Moañako udalerriko hondartza bakarra bandera urdina daukana.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios