«Badaude indar fisikoa eskatzen duten piezak»

Santiago Banda, aste honetan Foru Aldundiaren jauregiko ate nagusian. /F.I.
Santiago Banda, aste honetan Foru Aldundiaren jauregiko ate nagusian. / F.I.
Santiago Banda

Zumaiarra da eta bere herriko elizan joko du hilaren 23an, II. Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia dela eta

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Santiago Banda (Zumaia, 1980) organo-jotzailea da eta Donostiako kontserbatorioko irakaslea. Hain zuzen ere, gaur hasiko da, Mutrikuko elizako joaldiarekin, II. Flysch Nazioarteko Organo Jaialdia, eta Santiago Banda antolaketa-lanetan jardun da. Berak ere joko du, uztailaren 23an bere herrian, Zumaian.

-Non egin zenituen organoko ikasketak?

-Donostiako Kontserbatorioan hasi nintzen, eta gero Stuttgartera joan nintzen, Alemaniara. Organo aldetik munduko kontserbatorio onenetariko bat da. Pentsa, kontserbatorioan bertan hamaika organo dituzte! Auditoriumean daukatena lau teklatukoa da, ia-ia Donostiako Artzain Onaren katedralekoa bezalakoa. Kontserbatorio hori zoratzeko modukoa da!

-Orain Donostian egoitza berria egin dute Musikenerako. Han ba al dago organorik?

-Organoko ikasketak eskaintzen ditu, bai, baina ez dago instrumenturik. Egin zuten proiektua organo bat jartzeko, baina oraingoz ez da gauzatu.

-Hemen ikasten ari zinela, non egiten zenituen joaldiak?

-Toki askotan. Zumaiakoa naiz eta Zumaiako organoa ere jo izan nuen. Eduki izan ditut hango giltzak, organoan praktikatzeko. Gero Getariako organista izan nintzen.

-Herriko organista ofiziala izan al zara inoiz?

-Ez. Zortez, Zumaian lau jotzaile izan gara. Nik praktikatu izan dut bertan, eta badago mezetako organista, badago koruko organista eta badago beste bat meza txikietan jo-tzen duena. Kointzidentzia polita izan da: Zumaian lau organista, eta laurak ikasketadunak.

-Zuk aurten egin al duzu joaldirik Gipuzkoako elizaren batean?

-Ez. Eta Euskal Herrian ere ez dut aurten joaldirik izan. Baina iaz bai; sarri deitzen didate Bilboko orkestra sinfonikoarekin jotzeko. Jo izan dut Euskadiko orkestra sinfonikoarekin ere.

-Zure organo kuttuna, sentimentalki, zein da?

-Sentimentalki, nire herrikoa, Zumaiakoa. Oso polita da, oso ondo egina dago, benetan, ez nire herrikoa delako. Hark baditu anaia handi ba-tzuk, Bergarako San Pedrokoa eta Tolosako Santa Mariakoa, denak Stoltz anaiek eginak. Abizen alemana da, baina hauek frantsesak ziren, eta, nolabait esateko, Cavaillé-Collen konpetentzia.

-Debako organoa, berriz, oso da berria, 2009an egin baitu G. Grenzing enpresak. Horrelako organoak aspaldiko haiek bezain onak al dira?

-Kontuan izan behar da organoa egiten duenaren trebetasuna. Baina bada beste alderdi bat, eta zera da: badakigu tutuek, zahartu egiten direnean, beste soinu bat egiten dutela. Soinu berezi bat egiten dute, eta hain zuzen ere hori da organo berriek ezin dutena egin.

-Beraz, tutu zaharrek kalitate gehiago daukate.

-Hori diote zientzialari batzuek. Baina egia den... ezin jakin. Egia da, bestalde, lehengo organogile haiek lan oso ona egin nahi izaten zutela beti. Organo berri batzuek xarma daukate, beste batzuek ez, eta ez dakit zertan datzan; norberaren kimika-arazoa ere izan liteke.

-II. Flysch Nazioarteko Organo Jaialdian joko duzu, uztailaren 23an zeure herrian, Zumaian, eta tronpeta--jole batekin: Enrique Abello palentziarra. Nolatan?

-Beti pentsatu behar da zein den organo bakoitzarekin ondoen ezkontzen den errepertorioa. Adibidez, Getaria oso toki berezia, han ez baitago aldarerik, eta orduan primerako tokia da gospeleko kontzertuak emateko. Iaz, Getarian organoa eta goi-mailako joskintza uztartu genituen, eta orduan nik jo nuen.

-Zer errepertorio joko duzu Zumaian?

-Nahastua izango da. Adibidez, Bach-en ‘Brandenburgoren bigarren kon-tzertua’. Ziur aski ez dugu osoa egingo. Orkestrarako bertsioa joko dugu, nik organoari dagokion partea, eta Abellok tronpetari dagokiona. Kontzertu oso-oso zaila izango da. Zumaiako organo honekin soinu asko atera daiteke, hankarekin ere jo daitekeelako. Hiru teklatu ditu: bi eskuentzat, bestea hankentzat.

-Organista ona izateko indar fisikoa beharko da, ezta?

-Bai, hala da. Pieza zail batzuk badaude benetan indar fisikoa eska-tzen dutenak. Aspalditik egiten dut pilates, eta eskerrak. Ondo datorkit, batez ere hankekin lan handia egin behar denean.

-Esadazu konpositore batzuk , alde horretatik asko eskatzen dutenak.

-Bach, adibidez. Konpositore esijente da, bai fisikoaren aldetik bai buruari dagokionez. Erromantikoen artetik, Wibor. Eta Dupré eta Liszt ere hor daude. Batzuetan hain ezagun ez diren konpositore batzuen lanak ere jotzen ditut, adibidez Joseph Bonnet izeneko konpositore frantziarraren ‘Kontzerturako bariazioak’, nahiko zailak direnak.

-Eman dezagun Zumaian kontzertua egiteko esan dizutela, publiko ‘normal’ batentzat, eta errepertorioa osatzeko erabateko askatasuna daukazula. Zer joko zenuke?

-Galdera zaila da. Lehen, ahaztu egin zait, pieza oso zail bat etorri zait gogora. Mozartek idatzi zituen konposizio gutxi batzuk organo mekanikorako; hau da, organoak berak jotzen zituen. Horien tartean badaude bi fantasia, nahiko zailak, eta bat bereziki zaila. Hura ikasi egin nuen eta Alemaniako irakasleari erakutsi nion. Esan zidan: pozik egon zaitezke, zeren hau da organorako pieza zailenetako bat. Ahazten dudanean eta berriz ere ikasten hasten hasten naizenean, esaten dut: ene bada, hau lana! Pieza hori, lehen aldiz, Jose Manuel Azkueri entzun nion, Azkoitian. Kontzertu zoragarria izan zen. Txoratuta gelditu nintzen eta saiatu eta saiatu, azkenean ikasi nuen. Gainera, jendeari asko gustatzen zaion pieza da.

-Kanpotik begiratuta, organistak musikari ‘bereziak’ zarete. Zuen artean harreman handiak dituzue, kluba osatzen duzue?

-Badakizu harremanak nolakoak izaten diren: batzuetan onak, beste ba-tzuetan txarrak. Ez gara asko, elkar ezagutzen ditugu eta normalean harreman onak daude, ez bakarrik Gipuzkoa mailan, baita estatu mailan ere.

-Organista gazteak zenbat zarete hemen Gipuzkoan?

-Hamabost bat. Ni aurten irakasle jardun naiz Donostiako Kontserbatorioan, eta eduki ditut organoko ikasle gazte pare bat. Umeek ezin dute organoarekin hasi, aurretik klabezin edo pianoa ikasten hasi behar dute. Gero, hamahiru edo hamalau urterekin hasi daitezke organoan esertzen. Dena dela, datorren urtean organo osagarria irakasten hasiko naiz; alegia, badaude ikasle batzuk beste instrumenturen bat ikasten ari direnak -normalean pianoa-, baina hautazko instrumentu moduan organoa hartu dutenak. Gutxika-gutxika etorriko dira organista berriak.

-Gipuzkoan bertan, organoak, hain ezberdinak izanda, zuentzat nekosoa izango da, adibidez, Ataungo organoan jotzea.

-Bai, Donostiako Santa Mariakoak hiru teklatu ditu eskuentzat, eta bat hankentzat. Ataungoak, berriz, bat bakarra du, eta pedalik gabekoa da ia-ia. Santa Mariakoa XIX. mendekoa da, eta harekin orduko piezak jo behar dira. Ataungoa XVIII. mendekoa da, eta harentzat pentsatutako piezak jo behar dituzu Ataunen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos