Auzolanaren miraria Santa Engrazian

Auzolan-taldeko kide batzuk, aldamenean konpondutako erlojua dutela.
Auzolan-taldeko kide batzuk, aldamenean konpondutako erlojua dutela. / JON EGIGUREN

Bihar festa handia egingo da Aizarnako ermita horretan, erlojuaren konponketa ospatzeko

FELIX IBARGUTXI Donostia

Festa handia egingo da igande honetan Aizarnako Santa Engraziako ermitan, ospatzeko auzolanean egin diren zaharberritze lanak eta, batez ere, erloju zaharraren konponketa.

Goizeko 10:30ean jendeari ongi etorria egingo zio, txalaparta, txistulari eta trikitilariekin. 11:00etan, meza izango da, Aizarnako koruarekin, eta ondoren zaharberritzearen sustatzaileen hitzak: Xabier Alvarez Yeregui (koordinatzailea), Zestoako alkatea eta Elizaren ordezkaria. Erlojua bistaratuko da eta, amaitzeko, eskainiko da, txalaparta, txistulari, trikitilari eta dantzariekin alaituta.

Santa Engraziako ermitak badu altxor berezi bat. Orain dela ehun urte pasa, erloju bikain bat kokatu zuten ermitan inguruko herritarrek. Zumaiako Ieregitarrek jarria da, erlojuak berak garbi adierazten duen moduan: 'Yeregui y Cia Constructores Zumaya. Año 1914'

Ieregitarrak erlojugintzan aritu ziren diesel motorgintzan hasi aurretik. Badirudi Aizarnako erloju hori, muntatu zituztenetan azkenetakoa dela. Ehun urtean hor aritu da ingurukoei orduak zuzen adierazten. Garai hartako erlojuen berezitasunak ditu. Hiru atal nagusi ageri zaizkio: mugimendu atala edo erloju beraren muina; soinu atala edo kanpaihotsen eragilea; eta hirugarrena, kanpai-hots berezien (matutia, angelusa...) eragilea. Lehen bi atalak martxan ezagutu dituzte herritarrek eta askotan entzun dituzte orduen, orduen errepikapenen eta ordu erdien kanpai-hotsak. Inor ez da gogoratzen hirugarren atala inoiz martxan izan denik, baina erlojua, berez, horretarako ere prestatua dago; seguru asko, inoiz joko zuen.

Erloju zaintzaileak

Hasieratik, Santa Engrazia bentako Joxemari Azpeitia Odriozola 'Santangrazizarra' (1896-1986) arduratu zen erlojua zaindu eta burdinazko pisuak jasotzeaz; bi egunetik behin joaten omen zen ermitara erlojuari pisuak jasotzeko giltzari ematera. Santangrazizarrak 1980 inguru arte jarraitu zuen erlojuaren zainketa lanetan, biloba alboan zuela, harik eta Zestoara, alabaren etxera, jaitsi zen arte.

Hala, erlojua gelditu egin zen giltza emateko laguna falta zuelako. Orduan, Erramun Etxaide 'Legoia' zestoarrak, 1980ko hamarkadan, geldirik zegoen Santa Engraziako erlojua berriro martxan jarri zuen. Horretarako, giltza emateko sistema elektrikoa jarri zion erlojuari, hainbat lagunen laguntzarekin. Lehen automatizazioa izan zen hura. Ordutik aurrera inork ez zeukan Santa Engraziara igo beharrik erlojuari giltza ematera. Dena dela, Erramunek hainbat urtetan jarraitu zuen ermitara igotzen, mantentze-lanak egin eta erlojua zaintzera.

Erramuni ezina etorri zitzaionean, Joxemari Azpeitia Rementeriak egin izan ditu erlojuaren zaintze lanak, aitonaren bideari jarraituz. Orain dela urte batzuk, Joxemari Azpeitia Rementeria eta Xabier Alvarez Yeregui harremanetan jarri ziren, erlojua ondo ez zebilela eta.

Xabier eta Joxemari pare bat aldiz edo saiatu ziren Santa Engraziako erlojuaren arazo elektrikoak konpontzen. Baina azkenean, erlojuari zaharberritze sakon bat komeni zitzaiola ikusi zuten.

Horrela, hainbat lagunekin harremanetan jarri ondoren, Xabier Alvarezek, Yeregui Elkartearen izenean, Santa Engraziako erlojua auzolanean berritzeko asmoa aurkeztu zuen Zestoako udaletxean, 2016ko uztailaren 26an.

Yeregui Elkarteak proiektua aurkeztu eta zenbait burubideren ondoren, proiektuan parte hartzeko prest zegoen hainbat lagun harremanetan jarri ziren 2016ko irailean. Halaxe, erlojua auzolanean konpontzeko lanak egingo zituen lantaldea osatu zen: dozena bat lagun, partaide gehienak jubilatuak. Lantaldearen egoitza Lasaon kokatu zen. Hantxe egin dira erlojuaren konpontze-lanak. Irailaren 16an, erloju zaharra eta gainerako trepetak Lasaora jaitsi ziren traktorean. Horrela, dena prest gelditu zen lanean hasteko.

Lantaldea ia egunero biltzen zen goizetan, eta erlojua berehala gelditu zen piezaz pieza erabat askatuta. Erlojuaren osagai guztiak garbitu, txukundu, konpondu eta berriro muntatu, horiexek izan ziren eginkizun nagusiak. Lan horiek guztiak auzolanean egin dira, lantaldea musu-truk aritu da.

Aurtengo urte hasieran erlojua bera berritzea erabat amaituta gelditu zen. Erlojuaren funtzionamendurako ezinbestekoa zen koadro elektriko/elektroniko berria jartzea falta zen, bigarren automatizazioa moldatzeko. Horrela, koadro berria itsatsi zaio erlojuari ekainean.

Erlojua dagoeneko ermitan kokatuta dago. Aurrerantzean, kristalez inguratutako itxitura izango du. Hartara, ermitara joaten direnek hura bertatik bertara ikusiko dute martxan.

Hasieran, erlojua zaharberritzea izan behar zuena, pixkanaka lan zabalagoa bilakatu da. Adibidez, erlojua desmuntatu eta Lasaora jaisten hasitakoan garbi ikusi zen ermitako bidea berritu beharra zegoela. Gero beste lanak sortu dira. Horrela, kanpandorre inguruan hainbat lan egin dira: kanpaia jotzeko euskarri berria, tona bat inguru pisatzen duen kanpaiaren euskarria indartu eta teilatu zatia berritu. Bestalde, ermita bera eta erlojuaren sistema elektriko/elektroniko berria babesteko tximistorratza jartzea ere ezinbesteko lana izan da.

Ermita barruan ere hainbat lan egin dira: garbiketa orokorra, irudiak txukuntzea eta sarrerako atea bernizatzea, adibidez.

Más

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos