«Autobusean kantatzen baduzu, jendeak esango du: a zer eroa!»

Thierry Biscary, Kalakan taldeko kide izandakoa, aste honetan Donostiako Miramar jauregi ondoan/Michelena
Thierry Biscary, Kalakan taldeko kide izandakoa, aste honetan Donostiako Miramar jauregi ondoan / Michelena

Herri-kantagintzari buruzko ikastaroa emango du Donostiako Lugaritz kultur etxean. Badago oraindik izen emateko aukera

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Thierry Biscary (Anhauze, 1976) Kalakan taldean jardun zen, Jamixel Bereau y Xan Errotabeherekin batera. Iaz alde egin zuen, besteak beste gauza berriak egin nahi zituelako, eta orain Donostiako Antiguan bizi da.

-Nik uste dut herri-musikaren inguruko filosofia bat agertuko duzula ikastaro horretan, ezta?

-Atzeko aldean badago filosofia bat, baina gauza zehatzak egingo ditugu. Ni sortu naizen tokian badago manera bat kantu tradizionala bizitzeko, eta horrek egiten du talka beste kultura batekin, gaur egun nagusi den beste kultura horrekin. Nik bizi izan dudan kantu-molde hori, adibidez Hegoaldean ez da hainbeste ikusten. Nik Hegoaldean ikusten dudana da jendeak disfrutatzen duela, baina hitzak eskuetan duela, edo telefono mugikorrean, eta beharbada kantuak ez ditu ikasiko gogoz.

-Zu Baxenafarroako herri txiki batekoa zara, Anhauzekoa. Han kanturako ingurune ‘natural’ bat ezagutuko zenuen, nolabai esateko.

-Bai, hori da. Kantuan egiten zen, aditzen zen...

-Eta adinekoen gazteagoenganako transmisioak ondo funtzionatuko zuen.

-Nire belaunaldiari dagokionez, Anhauzen gehiengo batek ez zuen kantatzen, baina bai, egiten zen familietan, egiten zen egun berezi batzuetan... Ostatuetan kantatuko genuen, baina baita eskolan eta autobusetan ere... Bazeuden mementoak eta ez zegoen lotsarik. Gaur egun, kantatzen baduzu autobidean jendeak begiratuko dizu eta esango du: a zer zoroa! Guk kantatzen genuen, besterik gabe, eta ez ginen epaituak. Baina ez ginen ohartzen, egia errateko. Badakizu, Obelix bezala: barnean zaude, odolean daramazu. Beste gauza bat, niretzat garrantzitsua, eta Donostiako ikastaro honetan azaldu nahi dudana: niretzat, kantua komunitate baten adierazpena da, baditugu toki eta modu berri batzuk asmatzeko kantuarentzat, eta hori komunitate batek egiten ahal du bakarrik.

-Beraz, gerora konturatu zinen bizi zinela ekosistema berezi batean. Eta eskolan? Han ba al zegoen kantu-usainik?

-Bai, adibidez nire musika-irakasleak bazeukan gustua kantuarentzat. Adibidez, bera izan lehen aldikoz baloratu ninduena. Esan zidan ongi kantatzen nuela eta segitu behar nuela.

-Zer da Lugaritz kultur etxean transmititu nahi duzuna? Kantatu ere egingo duzue taldean?

-Ariketa sinple batzuk nahi ditut egin: ahotsa probatu espazio desberdinetan, ozentasun desberdina duten tokietan; kantatzeko era desberdinak probatu, kantatzea hitz egitea bezalakoa baita azken batean. Emozionalki nola zauden, noren aurrean zauden, ez duzu berdin kantatzen kantu bera. Ni konturatu nintzen nire kantagintza zentzua galtzen ari zela: norentzat kantatu, noiz eta non kantatu... Adibidez, ikusten duzu norbait musika jotzen toki zaratatsu batean, eta esaten duzu: nola liteke, oso zaila izan behar du horrela jotzea! Edo beste adibide bat: jai-egun batean, txosna irekita dago eta zuk behar duzu hor kantatu. Ezin dugu hori onartu!

-Zarata nagusitzen baita.

-Bai, kantariak eduki behar du eskubidea esateko: nik hor ez dut kantatuko! Ez da gauza konfliktibo bat, baizik eta denen onurarako, bai entzuleentzat eta bai antolatzaileentzat. Esaten ari naizen hau, hain zuzen, Kalakanekook antolatu genuen antolatzaileekin. Azaltzen genien: txosnen inguruan ez, elizan bai; eta ez fededuna naizelako, baizik eta bagenekielako hor jendeak entzungo zigula, ondo iritsiko zitzaiola gure kanta.

-Bestela, zu irakasle ari zara nonbaiten?

-Ez. Hanka bat daukat Hendaian, hor produkzio-etxe txiki bat baitaukat. Emeki-emeki, ari dira lanak ateratzen; Senpereko dantza-konpainia batentzat jardun naiz lanean. Eta beste hanka musika munduan daukat: adibidez, Labèque ahizpa piano-jotzaileekin elkarlana egin dut. Haiendako euskal konpositoreen partiturak aztertu ditut eta programa bat osatu, hasi ia Erdi Arokoekin eta beste garai batzuetakoekin segituz.

-Hasiak al dira emanaldiak?

-Aurre-emanaldi batzuk egin ditugu, Suitzan, Alemanian, Frantzian... eta datorren urtean hasiko gara Euskal Herrian. ‘Haika mutil’ eman dugu, adibidez; kanpoan oso ezaguna da.

-Ez dakit ‘Haika mutil’ hau oso ondo ulertzen den Hegoaldean. Kantaren letra, alegia.

-Esanahi aldetik badu parte ilun bat, bai. Zaila egiten zait sinestea bakarrik dela nagusiaren eta bere mutilaren arteko hizketaldia.

-Donostiako ikastaroaz hitz egin dezagun berriz ere.

-Datorren jendearen arabera antolatuko dut. Lehenengo ikusi nolako jendea den... Eta baliteke ikastaro-bukaerarako ikuskizun bat diseinatzea. Nahi nuke... erakusteko hor biltzen diren partaideek benetan badutela espiritu bat.

-Azken galdera, espero izatekoa: nolaz utzi zenuen iaz Kalakan taldea?

-Arrazoi nagusia gauza oso konkretu bat izan da: umetxo bat daukat, eta hori ez da oso bateragarria Kalakaneko birekin, bidaiekin. Gainera, bazegoen nekadura bat, eta gauza berriak egiteko gogoa. Kalakenekin segitu ezkero, hori ezin da. Ni sentitzen nintzen..., «preso» ez da hitza...

-Baldintzatua?

-Hori, baldintzatua! Nahi nuen probatu kantu soila, jendearengandik gertu, eta Kalakanek proposatzen zuena beste gauza bat zen: kontzertua, ikuskizun landua

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos