‘Auñapedia’ ere hor dago

Bernardo Estornés (1907-1999), 2007 urteko argazkian, atzean entziklopedia duela. / MICHELENA

Eusko Ikaskuntzak kudeatzen du Estornések sortutako datu-base handi hura. Orain diseinu eta egitura berriak ditu webguneak

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Joera daukagu bilaketak egiten hasi eta segituan Wikipediara jotzekoa. Baina gogora dezagun Auñamendi Eusko Entziklopediaren webgunea ere hor dagoela, Euskal Herriarekin lotutako edukiak bilatzeko oso aproposa. Lehen paperezko entziklopedia zen hura interneten dago orain, eta lehengo aldean zabalago, jantziago. Eusko Ikaskuntzak (EI) kudeatzen du datu-base handi hori eta diseinu eta egitura berriak eman dizkio aurten. Hemendik aurrera EIren helbide elektronikoan egongo da, eta nabigatu nahi duena sar dadila hemen: aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus

Etapa berri bat bizi du Auñamendik. 1996an, hitzarmena sinatu zuten Eusko Ikaskuntzak (Gregorio Monrealek) eta Auñamendi argitaletxeak (Bernardo Estornések), ordu arte plazaratutako material guztia eskaneatzeko. Handik bi urtera, beste hitzarmen bat izenpetu zuten, entziklopediaren eguneratze-prozesuari ekiteko. Kontuan izan behar da lehenbiziko paperezko liburukia 1970ean kaleratu zela.

Gero, 2000-2005 epean, Auñamendiko lehengo lantaldeak gaurkotze lan handia egin zuen, Idoia Estornésen zuzendaritzaren pean. Paperezko azken liburukia 2008an plazaratu zen.

Handik aurrera, paperezko entziklopediatik zetozen materialei Eusko Ikaskuntzaren (EI) funtsa dokumentalak gehitu zitzaizkien. Eta EIk berak hartu zuen entziklopedia digital berriaren gidaritza. Bukatu zen Estornéstarren etapa.

2010ean agerraldi jendetsua egin zuen Eusko Ikaskuntzak Gasteizen, 'Auñamendi Eusko Entziklopedia digitala' aurkezteko. EIren izenean, proiektuaren gidari izandako Iñaki Martinez de Luna eta Arantza Cuesta mintzatu ziren batik bat. Adierazi zutenez, Estornéstarren entziklopediako artikuluak eta EIren funtsa zabalak bat eginda joango ziren handik aurrera.

Beraz, EIk urte dezente darama entziklopedia birtuala eguneratzen eta material berriak sortzen. Beti izango da zer egina, informazioaren jarioak ez baitu etenik.

Gehien kontsultatzen diren edukiak biografiak eta toponimia (toki-izenak) omen dira. Bizirik dauden pertsonen biografiek lan handia eragiten dute. Nahikoa da sartu-irten batzuk egitea ikusteko zenbaiten biografiak berritu baten beharrean daudela.

«Ikusgarritasuna lortu dugu diseinu berriarekin, baina multimedia baliabide erakargarri eta osagarriak gehitzen ahalegintzen ari gara ere. Nabarmenak dira azken urteetan gehitu diren mikrobideoak, esate baterako», adierazi du aste honetan EIko bozeramale batek.

Bestalde, diseinu berriaren bitartez 'Nabarmenak' atala erantsi diote webguneari. «Oso interesgarria iruditu zaigu atal hau sortzea, gure erabiltzaileei gai jakin baten inguruan abiapuntu izan ahal diren eta ikuspegi orokor bat eskaini ahal dieten edukiak elkartu eta irakurtzera gonbidatzea». Alor hauetako edukiak eskaintzen dira 'Nabarmenak' delakoan: artearen historia Euskal Herrian; antropologia, etnografia eta folklorea; euskal literatura; emakumeak; hezkuntza Euskal Herrian; eta Euskal Herriko museoak.

Gaur egun, entziklopediaren lantaldearen muina hiru pertsonak osatzen dute. Alde batetik, proiektuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona bat dago, urteroko plangintza lantzen duena eta edukien lanketa koordinatzen duena. Bera da egileekin –artikuluak idazten dituztenekin– dagoen harremana zaintzen duena. Harekin batera, lan horiek gauzatzen laguntzen duen bigarren pertsona bat dago. Azkenik, informatikari batek diseinu zein bestelako lanetan dauden beharrak gauzatzen ditu.

Duela urte gutxi arte, gaztelania hutseko datu-basea zen hau. Baina hasiak dira eduki batzuk euskarara itzultzen, eta beste batzuk euskaraz sortzen. Adibidez, arte, historia eta antropologiako (folklorea, mitologia...) artikulu berri batzuk sortu dira euskaraz. Orain euskarazko edukien por-tzentajea %4,93koa da, hau da, 5.921 artikulu guztira. Horietatik batzuk euskaraz daude soilik, beste batzuk euskaraz eta gazteleraz.

Bestalde, webgunean gonbidapen hau agertzen da behin eta berriz: «Parte hartu! Bidali zure artikulua». Hasi omen dira kolaborazio batzuk jasotzen.

Historia zaila

Webgunean, goiko aldean, esaldi hau agertzen da: Bernardo Estornés Lasa Funtsa. Era honetara, Eusko Ikaskuntzak argi uzten du zein izan zen entziklopediaren sortzailea. Bernardok 1970ean kaleratu zuen 'Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco' haren lehenengo tomoa. Errepublika garaian ere izan zuen horrelako zerbait abiarazteko asmoa, baina 1936ko gerraren ondorioz Txilera joan zen ihesi, eta 1958ra arte ez zen Euskal Herrira itzuli. Beste garai batzuk ziren, dirurik ez zegoen lantalde zabal bat osatzeko eta urte asko (1969tik 2008ra) behar izan zituen paperezko edizioa bukatzeko.

Harpidedunen bidez atera zen aurrera. Urte onenetan (1970-90 epean) ia-ia 20.000 harpidedun edukitzera iritsi zen. Gainera, kolaboratzaile asko zituen musutruk materialak bidaltzen zizkiotenak, hala nola prentsako errekorteak, argazkiak, gida-liburuak eta errekordatorioak.

Bernardo izan zen aita intelektuala, baina entziklopediaren hasiera beretik hantxe jardun zuen Idoia Estornés alabak. 'Cómo pudo pasarnos esto' autobiografia-liburuan (280. orritik aurrera) argibide asko eskaintzen ditu historialari honek.

Etengabeko pirateria jasan izan zuen entziklopediak. Idoia Estornésen epaia: «Denek erabiltzen zuten gure entziklopedia eta inork ez zuen gero iturria aipatzen. Ez pentsa, orain ere badaude autoreak uste dutenak entziklopedietako artikuluak erabili ezkero ez dagoela aipamenik ipini beharrik».

Pirateria franko eta aitorpen gutxi: «Kritikak, kritika ofizialak nahiz bestelakoak, ezikusia egin zuen bi hamarkadatan zehar. Harpidedunek eta kulturaren militanteek baino ez zuten laudatu. Askoz geroago hasi zen han eta hemen aipatzen, azkeneko tomoak ateratzen ari ziren garaian».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos