Augustin Zubikarai bekaren XVII. edizioa deitu dute

Orain arte argitaratutako azken lan saritua Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' da. / DV

Eleberri-proiektuak irailaren 30a baino lehenago bidali behar dira, saria Elkarrekin batera antolatzen duen Ondarroako Udalera

Aurreneko bederatzi edizioetan nobela laburrentzako lehiaketa izan zen arren, 2010 urteaz geroztik nobelak sortzeko beka da Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak “euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz” antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. 2017ko deialdia, XVII. Edizioari dagokiona, egin berri dute, proiektuak bidaltzeko epea irailaren 30era arte dagoela zabalik.

Deialdi honetara eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Partehartzaile bakoitzak, emailez atxikitako dokumentuetan, aurkeztu behar du landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab… Idazlanaren lagina edo erakusgarria ere bigali behar du, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena. Horiekin batera joan behar dute egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. Mezua bidali behar da mrey@ondarroa.eus helbidera.

Proposamen guztiak jasotakoan, Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2017ko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Iazko edizioa Katixa Agirrek irabazi zuen, ‘Amek ez dute idazten’ proiektuarekin. Udazken honetan helduko da liburudendetara.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos