Atsedenik ez sormenaren lurraldean

Ate irekiera 10:20era aurreratu da aurten, Kukai taldeko Martxel Rodriguez dantzariak prestatutako ikuskizuna hartzeko./
Ate irekiera 10:20era aurreratu da aurten, Kukai taldeko Martxel Rodriguez dantzariak prestatutako ikuskizuna hartzeko.

Hurrengo egunek ekarriko dutenaren bidetik, egitarau oparoa egongo da lehenengo egunean Azoka osatzen duten gune guztietan

52 urteko baten esperientzia eta jaioberriaren indarra ditu aurten Durangoko Azokak, edizioz edizio ikasitakoa urtero berritzen baita, Landakoko ateak ireki orduko. Aurreneko egunak, abenduaren 6 honek, badu berariazko protokoloa: ateak zabaltzea; inaugurazio ekitaldia; gunez guneko jardunaren hasiera... Hala ere, segituan hartzen du bost eguneko kultur maratoi bilakatzen den martxa Durangoko Azokak, saltokietan zein gainerako espazioetan.

Egitaraua

Ate irekiera zertxobait aurreratu da aurten, 10:20era, Kukai taldeko Martxel Rodriguez dantzariak prestatutako ikuskizuna hartzeko. Rodriguezek Kukai dantza taldean parte hartzen du Oskara ikuskizunean eta azken Max sarietan dantzari onenaren sarirako nominatua izan da. Une horretatik aurrera, ez da aspertzeko eta atseden hartzeko tarterik sormenaren lurraldean: 240 stand, 400 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango kulturzale eta euskaltzaleentzat; 120 kazetari baino gehiago akreditatu Azokaren jarraipena Landakotik egiteko; bisiten zain dagoen webgune etengabe egunerakoa; sare sozialak eta pil-pilean...

Abenduaren 6an ekitaldi ugari egongo dira Azokako gune guztietan. Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 11:00etan Jose Antonio Sistiaga aurtengo kartelaren egileak bere bi lan aurkeztuko ditu: 'Impresiones en la alta atmosfera' eta 'Paisaje Inquietante-Nocturno'. 13:00etan, Estitxuri buruzko dokumentala proiektatuko da.

Areto Nagusian hainbat aurkezpen interesgarri egongo dira. 16:30ean, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 30 urteko ibilbidearen inguruko solasaldia egingo dute. Kabi@n goiz eta arratsaldez bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen Gamer Gela hitzaldi multzoa egongo da. Saguganbaran, kantu jolasak, ipuin kontaketak eta aurkezpenak egongo dira; adibidez, 18:00etan Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak Mokotxiki aurkeztuko dute.

Ahotsenean, maratoiari hasiera emango diote. Zuzenekoen karpan, 11:00etatik 20:00ak arte: Rafa Rueda, Perlata, Beñat Igerabide, Maider Zabalegi... Solasaldietan, Miren Gaztañaga, Yogurinha Borova, Fito Rodriguez, Silvia Federici, Jule Goikoetxea...

Szenatokian, emanaldi berezia izango dute 18:00etatik aurrera: Lauaxeta eta Lorcaren istorioak hizpide dituen Ele! antzezlana. Sarrerak 10 euroan eskura daitezke. Azkenik, gaua Plateruenan amaituko da, Governors taldearen eskutik, 22:30etik. Arrasatearrek ZERO euren lan berria aurkeztuko dute. Aipatutako ekitaldiez gain, beste hamaika jarduera egongo dira Azokako espazio guztietan. Honekin batera duzue egitaraua.

Horrez gain, Durangoko Azokak hirugarren urtez doako autobus-zerbitzua antolatu du Iurretako aparkalekuetatik Landako Guneraino, bisitariei erraztasunak emateko asmoz. Euskotrenek ere zerbitzu bereziak izango ditu Bilbotik Durangoraino.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos