Euskal kultura garaikidea loratzear da Bilbon

Ezkerretik eskuinera, Patxo Telleria, Txomin Heguy eta Xabier Zeberio./LORALDIA
Ezkerretik eskuinera, Patxo Telleria, Txomin Heguy eta Xabier Zeberio. / LORALDIA

'Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara' antzezlanak emango dio hasiera datorren astean Loraldia Festibalaren laugarren edizi0ari

Martxoaren 5etik 26ra, Bilboko 20 aretotan eskainiko diren 33 ikuskizunek euskal kultura garaikidea zertan den erakutsiko dute, Loraldia Festibalaren eskutik. Asko lehen aldiz emango dira. Propio sortutakorik ere izango da. Beste inon ikusiko ez denik ere bai. 2014. urtean euskarazko kultura diziplina guztiak aintzat hartzeko asmoarekin abian jarritako ekimena asko handitu da, alegia, eta 100dik gora sortzaileren lanak aurkeztuko ditu aurten.

Áurtengo festibalerako aukeratu den lema 'Lau sormen-haizetara' da, Loraldian gertatuko denaren erakusle . Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira: teatroa, dantza, musika, literatura, zinema eta bertsolaritzaz gain, gastronomiak eta arteak lekua izango dute. Aurkezpenean antolatzaileen ordezkari Imanol Agirrek azaldu zuenez, "Bilbok kanpora begiratzen du maiz azkenaldian, baina laugarren Loraldiak barrura begiratzeko tenorea aldarrikatu nahi du. Geuriari eutsi. Gugandik abiatu. Euskara jalgi hadi Bilbora eta mundura".

Abbadia eta Mazo

Loraldia berezia da, bere zabaltasunean pareko gutxi dauzkan jaialdia, XIX. mendean euskal kultura bizkortzen lagundu zuten Lore Jokoak gogoan izanda sortu zena. Eta Lore Jokoez aritzean, ezinbestekoa da festibalarekin lotura estua duen Anton Abbadia (Dublin, 1810-Paris, 1897) aipatzea eta gogoan izatea, 2015eko aurreneko edizioan egin zuten bezala. Orduko hartan, Aitor Mazo aktoreak egin zuen Anton Abbadiarena, Patxo Telleriak idatzitako bakarrizketan oinarrituta.

Handik gutxira joan zen Aitor Mazo, baina Abbadia bueltan da, jaialdiaren laugarren edizioan Patxo Telleriaren testua berreskuratu baitute, moldaketaren batzuk eginda. Oraingo honetan Txomin Heguy aktore lapurtarraren ardura izango da Abbadia zientzialari, bidaiari eta kultur eragilea berpiztea. Hiru musikarirekin batera ariko da Heguy Arriaga Antzokian, martxoaren 7an, 19:00etan. Bigarren saio bat egingo da 20:30ean, aurrenekoa amaitutakoan.

"XXI. mendeko Lore Joko modernoak antolatu nahi izan ditugu eta antzezlan hau Loraldia Festibalak sustatutako ekoizpena da, Chimères Antzerki Taldea eta Metrokoadroka Sormen Laborategiarekin elkarlanean. Patxo Telleriaren istorioa eta Arriaga Antzokiko babesa dira elkarlanaren beste bi zutabe", azaldu dute. Metrokoadroka Sormen Laborategiko Oier Guillanek zuzendu du ikuskizuna, non "aktore, musikari eta publikoak espazio berdina partekatuko duten, pertsonaiak transmititu nahi duena hurbilago sentiaraziz". Musikak berebiziko garrantzia du, Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris edota Zuberoako doinuek lagunduko baitute Abbadia bere bidaia ugarietan. Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea) eta Alaia Phillips Ducau (boza) izango dira bidaia musikal horren arduradunak.

Martxoaren 7ko ikuskizunak ekarriko du nolabait aurtengo Loraldiaren hasiera, baina programazioa astelehenean abiatuko da. Egun horretan egingo da 'Gure imaginarioa kantagintzaren bitartez. Hitzen Ahairea. Zeri kantatzen diogun euskaldunok?' mintegi/ikastaro musikatua. Gotzon Barandiaran idazlearen eta Rafa Rueda musikariaren eskutik bina orduko lau saio egingo dira martxoaren 5, 12, 19 eta 26an.

Martxoaren 6an, berriz, Xabier Amurizak 'Neska bat leku inposiblean' eleberria aurkeztuko du. Oraingoz azkena duen lan horretan kontatzen du orain dela 50 urte Zamorako apaiz-kartzelan preso zeudenek, ihes egiteko asmoz, eraiki zuten tunelaren historia. Elementu fantastiko bat eransten dio egileak: neska bat sartzen da ezkutuan, kanpotik kartzela barrura, zulogileei beren ihes ahaleginean laguntzera.

Martxoaren 8an, Mallabian jaio eta Donostian bizi den Izaro -"gaurko euskal musikagintzaren loraldiaren lorerik nabarmenetako bat"- dela dio egitatarauak, izango da protagonista, 'Eason' diskoa aurkeztuko baitu Arriagan, Iker Lauroba, Ane Bastida eta Oriol Flores lagun dituela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos