Urretabizkaia: "Uste nuen ez nuela irabaziko, liburuak ukitzen duen gaiagatik"

Idazleak, irabazle suertatu diren liburuen azalen irudiekin

Asier Serrano eta Fernando Aranburuk ere Euskadi Literatura saria jaso dute. Gaztelaniazko Saiakera, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa Sariak azaroan emango dituzte ezagutzera

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura sarietako lehen hiru irabazleak eman ditu aditzera. Asier Serrano Euskarazko Literaturan, 'Linbotarrak' lanari esker, Arantxa Urretabizkaia Euskarazko Saiakeran, 'Bidean ikasia' obrarekin, eta Fernando Aranburu Gaztelaniazko Literaturan, 'Patria' lanari esker.

Oso ibilbide luzeko idazlea da Urretabizkaia, baina lehenengo aldia da Urretabizkaiak Euskadri literatur saria irabazten duena. "Nik nahi nuen sari hau irabazi, badakit oso gauza dotorea dela esatea sariek ez dutela garrantzirik, baina nahi nuen, bai. Behin baino gehiagotan izan naiz Euskadi sarietako finalista, eta oraingoan uste nuen ez nuela irabaziko gaiagatik", adierazi du Arantxa Urretabizkaiak saria jakinarazi eta handik gutxira.

Jakina denez, Hondarribiko alardean emakumeen parte-hartzeari buruzko liburua da 'Bertan ikasia'. Urretabizkaia Jaizkibel konpainiaren sortzaileetako bat izan zen, duela hogei urte, eta horregatik pertsona seinalatua izan da, hitzaren bi adieretan esanda.

Gatazka handia eta latza egon da Hondarribian alardea dela eta. 'Bertan ikasia'-n, urteetan ikusitakoak eta sufritutakoak kontatu ditu Urretabizkaiak. Liburuak badu kronikatik eta baita fikziotik ere. "Ni kazetari ere banaiz, eta egin nezakeen kaztetari-lana, baina hartara besteek egiten dutena eta esaten dutena baino ezingo nuen paperera ekarri. Besteek zer pentsatzen duten, hori ere islatu nahi nuen, eta horregatik jo dut fikziora".

Sariketako epaimahaiaren aburuz, liburuan ez da gorrotorik agertzen edo sumatzen, eta idazlea bat dator: "Nik es dut inoiz gorrotorik sentitu eta nigandik ez da horrelakorik aterako". Badaki '3 Mariak' eleberriarekin finalista izan zela, eta susmoa dauka 'Zuri-beltzeko argazkiak' eta 'Koaderno gorria' epaimahaiaren eztabaiden azken fasera iritsi zirela.

Literatura egiten jarraitzen du. "Normalean, liburu bat bukatu orduko argi izaten dut hurrengoa nondik nora joango den, baina oraingoan ez dakit zer esani. Hori bai, fikzioa izango da, erabateko fikzioa".

Gasteizko Ignacio Aldecoa liburutegian egindako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eman dituzte ezagutzera hiru modalitate horietako iurabazleen izenak. Agerraldian Asier Serrano eta Urretabizkaia izan dira, eta esker ona agertu dute sariengatik.

Euskadi Literatura sarien gainontzeko lau irabazleak bi aste barru emango dira aditzera: Gaztelaniazko Saiakera, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa. Sariak azaroaren 13an banatuko dira, Bilboko Azkuna Zentroan izango den ekitaldi batean.

Zupiriak Euskadi Literatura sarien helburuak gogoratu ditu: "Gure sortzaileek egiten duten lan ona aitortzeaz gain, sari hauek lan hori ikusgai egiten laguntzen dute. Sari hauek jaso dituztenen zerrendak argi erakusten du gure sortzaileen talentua, baina gure kulturak, aitortzaz gain, agerikotasuna ere behar du, kulturak ikusgaitasun politikak ere behar ditu".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos