Partida ezinezkoa: St. Pauli vs SS Lazio

Erromako SS Lazio taldearen jarraitzaileak, joan den ostegunean, Nizaren kontrako partidan./MAURIZIO BRAMBATTI/EFE
Erromako SS Lazio taldearen jarraitzaileak, joan den ostegunean, Nizaren kontrako partidan. / MAURIZIO BRAMBATTI/EFE

Sekula ikusiko ez dugun partida irudikatuko dugu lerro hauetan: Erromako faxista guztien taldea den Società Sportiva Lazioren eta Hanburgoko auzo gorriko Sankt Pauli von 1910ren artekoa

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ostegunean Laziok Niza gainditu zuen Europa Leaguen. Igande honetan Udineseren kontra jardutea tokatu zaio Italiako Serie A izeneko Ligan. Hilaren 18an, aldiz, etsai nagutsitzat duen Associazione Sportiva Romarekin neurtuko da, biek partekatzen duten Stadio Olimpico di Roman, biak baitira talde erromatarrak. Topaketa/estropezu hori 'Derby di Roma'-tzat da ezaguna. Oraingoan Lazio izango da talde bisitaria eta, ohikoa denez, arrisku-maila altuko partidatzat jo du poliziak.

Larunbatean jokatu zuen bere partida Sankt Paulik. FC Union Berlinen aurka. Sankt Paulik, egun, ez du Europako Ligan jokatzen, Alemaniako Bundesligan baizik. Bigarren mailan. Ez dabil gaizki, bosgarren postuan dugu. Gorriak ikusi izan ditu Hanburgoko talde maitatuak fundatu zutenetik baina, jo ta ke irabazi arte, nola edo hala, hor dirau. Harro, errebelde, ezkertiar. Kasik 23.000 bazkide ditu eta munduan zehar 280 lagunarte.

Printzipioz, ezinezkoa izango da noizbait Lazioren eta Sankt Pauliren arteko partida izatea. Eta ez Europako bi herrialde desberdinetakoak direlako. Hori gutxieneko kontua da, existitzen baitira Kontinente osoko taldeak biltzen dituzten txapelketak. Kontua da, momentuz, Sankt Paulik ez duela ez aurrekonturik, ez indarrik, ez bere mailako irabazle izateko moduko talderik ere. Beraz, ziurrenik aurten ez da lehendabiziko mailara igoko. Eta igoko balitz ere, ezingo lituzke Bayern, Dortmund edo Schalke04 bezalako erraldoiak gainditu, eta ez litzateke Europa Leaguen edo Championesen sartuko.

Baina bada beste zerbait Lazioren eta Sankt Pauliren arteko partida ezinezko bihurtzen duena. Kontu moral bat da, politikoa, ideologikoa: Lazio futbol talde faxista da. Fa-xis-ta, bai. Gauza jakina da munduko futbol talde guztietan zale biolentoak, muturreko eskuindarrak, sexistak, arrazistak, xenofoboak daudela. Baina Lazioren kasua ezberdina da oso. Faxista da bere istoriaren aldetik, zale gehienen aldetik. Hainbat jokalariren aldetik inkluso. Lazio-Faszio binomioak ederki funtzionatu izan du beti. Hasieratik. 1900 urtean taldea fundatu zutenek Erroma Imperialaren koloreak, arranoaren ikurra eta beso altxaturikoaren agurra aukeratu zituzten sinbolo. Hitlerren zerbitzari leial eta Francoren laguna zen momentu haientantxe, Benito Musolinik Lazioren zaletzat aldarrikatu zuen bere burua.

Betidanik entzun dira estadioan 'Duce, Duce' oihuak. Betidanik ikusi dira harmailetan svastikadun banderak. Balkanetako sarraskiaren garai ilun haietan, Lazioko hainbat bazkidek Arkanen Tigreen Ohorezko Lagunartea eratu zuten. Belgradoko Izar Gorria Futbol Taldeko 20 bazkidek 1990ean sorturiko banda paramilitar basatia izan zen Arkanen Tigreen hazia.

Goiko argazkian, St. Pauli taldearen jarraitzaileak 2006 urteko argazkian. Erdikoan, azalpenik behar ez duten banderak Lazioren jarraitzaileen eskuetan, 2005ean. Behekoan, urten hartan bertan, orduan Lazioko jokalari zen Paolo di Canio harmailetako lagunei agur faxista luzatzen. / DAVID HECKER (AFP)/ GIUSEPPE CALZUOLA (AP)/ / ETORE FERRARI

Laziotarrek ez dute jokalari beltzik, judutarrik, latinorik onartzen. Che Guevararen tatuaia zuen bati, ezabatzeko edo bederen estaltzeko exijitu zioten mehatxu artean. 'Auschwitz duzue aberri eta labeak etxe' bezalako esaldiekin hartzen dituzte lehiakideak estadioan. Eta 70 hamarkadan zaleek miresten zuten Giorgio Chinaglia buruzagiak pistola zeraman igandero gerrikoan. Alde/ihes egin behar izan zuen Estatu Batuetara eta han kartzelan bukatu zuen, Mafiarekin ibili baitzen negozioetan…

Biancaazurrien azkenaurreko zorigaiztoko burutaldia, bazterrak harrotu dituena, konzentrazio esparruetan hil zen Ana Frank idazle gaztearen portreta hartu eta Erroma taldeko eslatikoarekin jaztea izan da. Europa osoa altxatu da kontra eta Lazioko presidenteak zin egin du hemendik aurrera klubak 200 bazkide eramango dituela urtero Auschwitzera bisitan. Horrore hura zer izan zen jakin dezaken. Ez du ezertarako balioko (seguru selfiak egingo dituztela bertan hainbatek) baina…

Sankt Pauliren historia justu kontrakoa da. Hanburgoko Portuko langileek fundatua, bandera pirata dute ikurra eta marroi kolorekoa elastikoa. Izan ere, garai hartan ohial marroiak ziren merkeenak eta horiek erabili behar izan zituzten uniformerako dirurik gabeko langile haiek. Koloreari eutsi diote harro urteetan zehar. Munduan kasik ez da beste talderik marroiez jantzia.

Europako futbol zelai ia guztietan muturreko eskuindarren erresuma bihurtu ziren garaietan, Sankt Pauli auzoko Millerntor hura aterpe hartu zuten Hanburgoko rock zaleek, aldamenetako etxe hutsak okupatzen zituzten horiek, talde antifaxistek, anarkistek, ekologistek eta borroka guztietan trebatutako langileek. Laburbilduz, hooliganekin zerikusirik ez zuten horiek guztiak ziren (dira oraindino eta beti) Sankt Pauliren bazkide/zale/lagun/laguntzaile/bultzatzaile guztiak. Zientoka punk musikarik hartu zuten bandera eta kultuzko taldea bilakatu zen planeta osoan zehar. Elastiko Sankt Paulikoa denda alternatiboetan saltzen da eta egun, bere zaleek errefuxiatuen aldeko kanpaina guztietan, arrazismoaren eta sexismoaren aurkako denetan parte hartzen darraite, fin. Xakean jarduten duten bitartean, xakea baita Sankt Pauliren beste jarduera ezinbestekoa.

Historian zehar ez dira izan eta ez dira futbol talde ezkertiar eta libre asko, baina omenezko aipamena egin behar diogu Socrates jokalari paregabearen eraginpean eta Brasilgo diktadura gogorreko egunetan autogestionatu zen Corinthians famatuari. Democracia Corinthiana deitu zioten jokalariek aldagelan gertatzen ari zen giza mugimendu hari. Sao Paulo hiria nolabait, neurri batean aldatu zuena.

Omenezko aipua ere Videla diktadorearen garaietan Argentinako Selekzioaren hainbat kideri. Militarrek ezin izan zituzten atxilotu herriko heroiak zirelako baina haietako askok senideak zituzten tortura ikaragarrien etxea izan zen Escuela de Mecanica de la Armada oihartzun malapartatuko hartan…Gutako askoren ametsetan, Sankt Paulik irabaziko luke (irabaziko du) beti Lazioren kontrako partida ezinezko hori

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos