Artzeren konbertsioa

Joxan Artze, orain lauzpabost urte./JUANTXO EGAÑA
Joxan Artze, orain lauzpabost urte. / JUANTXO EGAÑA

Berrogeitaka urte zituela Jaungoikoa besarkatu zuen Joxan Artze zendu berriak. Handik aurrera espiritualitatea txertatu zuen olerkietan

FELIX IBARGUTXI

Berrogeitaka urte zituela, sinestun bihurtu zen Joxan Artze (Usurbil, 1939-2018). Jainkoagan sinesten hasi zen eta handik aurrerako olerki asko eta asko espiritualitatez zipriztinduak egin zituen. Zenbaitetan kristau kutsuko espiritualitatea zen, beste batzuetan zen erlijiokoa, edo Ekialdekoa behintzat.

Areago: uko egin zion ordura arteko poesigintzari. 2104ko elkarrizketan honela azaldu zion Berria egunkariari: "Bihotz-berritu nintzenean, saldu gabe geratzen zitzaizkidan liburu guztiak erre egin nituen, ez zitzaidalako zintzoa iruditzen ordutik gehiago ados ez nengoen zenbait testu jendartean zabaltzea, nahiz eta jakin hori eginik dirua irabazteko aukera galduko nuela, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste editoreei bezala, liburu bakoitzetik ehun ale erosi behar baitzizkidan, liburutegiak hornitzeko".

Kontuan izan behar da bere lehenengo liburuan, 1969ko 'Isturitzetik Tolosan barru' hartan, halako fedegabetasun-aitorpen ironiko bat egin zuela poema batean:

Gizakumea=kristaua

euskalduna=fededuna

kontuz!!!

bestela,

gure asaba zaharrak

hasarretuko dira

"Ni Usurbilgo San Estebanen ezkondu nintzen eta geroztik noizean behin joan izan naiz hara mezatara -adierazi digu salletar izandako gizon batek-. Joan naizen guztietan han ikusten nuen Joxan, estasi batean askotan, Orduen Liturgiako Liburua irakurtzen bestetan. Eta denbora asko ematen zuen elizan, meza aurretik eta baita ondoren ere. Gero, handik atera eta bere furgonetaren ondoan hamaiketakoa egiten zuen lasai-lasai. Hori da, behintzat, nik dudan irudia".

"Mundu azkendun batetik mundu azkengabe batera bizitzera pasatu nintzen", esan zuen konbertsioaz

Hain zuzen ere, urteurreneko meza hurrengo astean izango da, hilak 28, goizeko 9:30ean San Estebango ermitan; berak hainbeste maite zuen tokian. Artze maiz azaltzen zen elizkizunetara, baina ez zen bereziki inplikatu parrokiako bizitzan.

Arantzazuko frantziskotarrekin eta Lazkaoko beneditarrekin kolaboratu zuen. Arantzazuko fraideen 'Erromesaren poema' bildumako hainbat kasetetan ageri da Artze eta baita Lazkaoko fraideen 'Belarritik bihotzera' grabaketan ere. Azken horretan Bibliaren hainbat pasarte errezitatzen ditu Joxanek.

Hogeita hamar urtez, Aste Santua Lazkaoko beneditarren komentuan eman zuen. Juan Jose Agirre beneditarrak ongi daki Artzeren berri: "Guregana etortzen zen, bertan ostatu hartu eta elizkizunetan parte hartzen zuen. Guk egin ohi ditugun otoitz guztiak egiten zituen. Eta larunbat santuko elizkizuneko irakurketa berak egiten zuen, Genesikoa, kreazioari buruzkoa, luze askoa. Oso ondo irakurtzen zuen, deklamazioa ere eginez. Nik badakit Joxanek egunero breviarioa ibiltzen zuela - 'Orduen liturgia' eskuliburua- eta otoitz egiten zuela ordu jakin horietan. Iazko Aste Santuan ez zitzaigun etorri. Deitu zigun esateko ebakuntza egin berria ziotela eta ez zela inora joateko gauza".

Artze hil delarik, komunikabideok behin eta berriz publikatu dugu Artzeren harako olerki ezagun hura:

Iturri zaharretik edaten dut,

ur berria edaten,

beti berri den ura,

betiko iturri zaharretik

Logikoa da pentsatzea esaldi honen atzean Biblia dagoela. Poetak esaldi famatu hau bere liburu baten kontrazalean publikatu zuen, 'Ortzia lorez, lurra izarrez' delakoan.

Bi aro

Lehengo astean, Artze hil eta hurrengo egunean egunkari honetan agertu zen argazki handian bazegoen xehetasun adierazgarri bat. Joxan etxean ageri zen, aurrean ohol zabal batean olerkiak zituela, zabal-zabal eginda. Paretan liburu batzuk, eta aldamenean, atril moduko batean, liburukote bat, zabalik; ez da Biblia, elizetan egon ohi den Irakurgaien Liburua baizik, Bibliako zatiez osatua, noski. Elizkizunetan horko zatiak irakurri ohi dira.

Artzek horren maite zuen San Estebango ermita.
Artzek horren maite zuen San Estebango ermita.

Artzeren obra poetikoa aztertzean bi aro bereizten dituzte adituek. Batetik, 'Isturitzetik Tolosan barru' (1969), 'Laino guztien azpitik' (1973), 'Eta sasi guztien gainetik' (1973) eta 'Bide bazterrean hi eta ni kantari' (1979). Hauek Har-tzabal ezizenez sinatu zituen.

Bestetik, konbertsio erlijiosoaren osteko produkzioa dugu, Hartzut goitizenaren pean ondua: 'Ortzia lorez, lurra izarrez' (1987), 'Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona' (1988), 'Mundua gizonarentzat eginda da, baina ez gizona munduarentzat' (1998), 'Oihana auhenka' (2001), 'Bizitzaren atea dukegu heriotza' (2013), 'Heriotzaren ataria dugu bizitza' (2013).

1999an egunkari honetantxe publikatutako elkarrizketa batean honela mintzatu zen: "Hartzabal sinatzen nuen garaia horizontalki bizi izandako garaia da. Munduan bakarrik bizitzea izan zen. Har tzut, berriz, zutik bizitzea da, beste dimentsio bat. Mundu bat bizitzetik mundu guztiak bizitzera pasatzea izan da. Mundu azkendun batetik mundu azkengabe batera bizitzera pasatzea, alegia".

1987ko 'Ortzia lorez, lurra izarrez' hartako biraketa erradikala era honetara deskribatu zuen Jon Kortazar literatur kritikariak: "Bestetik, gaurko zibilizazioari egindako kritika zeharo bortitza da. Laizismoak, kontsumo-gizarteak, eta askatasun sexualak, Artzeren luma-gezi ironikoaren ziztada hartzen dute zenbait pasartetan".

Moral askatzailea

2000. urtean Koldo Izagirrek 'XX. mendeko poesia kaierak' bilduma plazaratu zuen, eta Artzeri eskainitako alean honela deskribatu zuen usurbildarraren aldaketa errotikoa: "'Ortzia lorez, lurra izarrez' liburu mardulean J.A. Artzek giltzerdi egiten du bere poesiagintzan. Alienazioaren denuntziaz haratago jo nahi du, moral askatzaile bat proposatzen du nitasun espiritual batetik kaos antolatu honi aurka egiteko baino, gainditzeko. (...) Lehen zeukan espazioaren eta soinuaren ardura berberaz, orain J.A. Artze abiatua da formaren liberaziotik barnearen liberaziora".

Konbertsio ondorengo Artze berriak gaitzetsi egin zuen bere lehen urteetako poesiagintza. Ezaguna da Laboaren kanta hura, Joxanen letra daukana:

Nere ama hil zait

lanak itota.

Lanaren amoreagatik

hil zait

zertarako dan bizitza

jakitera ititxi gabe.

izeba ere hil da

era berdinean

hil da izeba

Geroago, Mikel Asurmendi kazetariari aitorpen hau egin zion: "Hogeita sei urterekin egindako olerkia da hori. Orduan, amaren lanerako gogo hura gaizki ulertzen nuen, geroztik ulertu nuen ordea. (...) Gero, urteak pasa diren arabera, ikusi dut gure amak eta izebak ere bazekitela zertan ari ziren. Gauzak ausartegiak esaten nuen poema horretan".

Azkeneko bi liburuak 2013an eman zituen argitara: 'Bizitzaren atea dukegu heriotza' eta 'Heriotzaren ataria dugu bizitza'. Haietan pasarte erlijiosoak ugari dira, eta tarteka otoitz tankerako olerkiak ere badaude:

"Eder zait, Jauna, zure erantzuna, / zure ixiltasuna, / zure Hitzak gure artean kantatu diguna; / hitzik argitsuenak baino argitzenago baikaitu / zure Ixiltasunaz baizik mintzo ez zaigun Hitzak".

Eta beste poema honetan Jainkoa sentitzeko moduaz mintzo da:

"Jainkoa ez dugu ikusten, / ez esan ohi dugun bezala, / urruti dagoelako, / hurbil dugulako baizik... / Urruti ikusten dugu, oso urruti, / horren urruti gabiltzalako gu geure barrutik, / hurbil dugun guztitik".

Maitasunari egindako kantu handitzat ere har daitezke azkeneko liburuok. Halako batean honela dio:

"Zain dezagun maitasuna / loreetan ederrena bada ederra bezain minbera baita". Eta beste orrialde batean: "Maitatzen hasi arte / ez gara zinez bizitzen hasten, o, ez!"

Heriotza sarri izan zuen gogoetagai bere azken liburuotan. 2002an hil zitzaion anaia Jexux, eta handik gutxira poema hau ondu zuen:

"Gure arteko maitasuna gero eta mamiagotzen zihoan, / odolez anaiak izatetik, / gegoz ere anaiak izatera iritsiak ginen: / bihotzez bihotz genituen gure kontu txiki eta haundiak.../ anaiaren heriotzean, / hasieran ez zen atsekabea baizik / nire barren guztia kiskaltzen; / atsekabe huts itsua, / besterik ez... / ondoko goiz batez, bat batean honako xuxmurra / igo zitzaidan saminaren zolatik: / 'gaizki hagoelako ongi hago! / bertan ulertu nuen / ene atsekabea ez zela atsekabe hutsa: / gaizki banengoen maite nuelako zen, / maite nuelako nengoen atsekabeturik... /banuen , beraz zertaz poztekorik / ene atsekabean".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos