Arto-hostoekin ere egin daitezke alfonbra ederrak

Artxibiko argazkian, Lola Altolagirre artoa prestatzen, horren lastoarekin alfonbrak egiteko./N. IRAOLA
Artxibiko argazkian, Lola Altolagirre artoa prestatzen, horren lastoarekin alfonbrak egiteko. / N. IRAOLA

Irailaren 10ean tailerra eskainiko du Lola Altolagirrek Igartubeitin, 'Haria galtzen' erakusketaren baitan

Ezer botatzen ez zen garaietan, artaburua babesten zuten hostoek ere bazuten erabilera; besteak beste, alfonbrak egiteko erabiltzen ziren. Banan banan hartzen ziren hostoak, eta trentza egiten zen, nahi zen luzerakoa. Gero, soka fin batekin joaten ziren juntatzen, pieza bakar eta ederra sortuz. Lola Altolagirrek urteak daramatza antzinako teknika hori lantzen, eta tailera eskainiko du irailaren 10ean Igartubeiti Baserri Museoan, parte-hartzaileek ikas dezaten nola egiten ziren alfonbrak Euskal Herrian arto-hostoak erabilita.

'Arto-hostoen alfonbra' tailerra 11:00etatik 14:00etara egingo da (informazio gehiago 943 72 29 78 eta igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean eska daiteke), eta 'Haria galtzen' erakusketa bikainaren baitako jarduera da. Ekainaren 10ean zabaldu eta urriaren 1era ikusgai dagoen erakusketak zuntza "adierazpen artistiko gisa aldarrikatzen du, ikuspuntu berrietatik, historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua ezagutzera emateko aukera ere eskainiz".

Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarretaren lanak erakusten dira. Zazpi emakume horiek, alegia, "gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian".

Artelanak baserriko askotariko guneetan erakusten dira eta uztartzen dira Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek burutzen zituzten lanekin eta zereginekin.

Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du.

Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu: hariak, baina irun gabeko zuntzak, baita ere. Horrela, zuntz hauekin sorkuntzak egiteko erabil daitezkeen teknika ezberdinak erakusten ditu: irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigintza teknikak, enfeltratuak, brodatuak, tinteak eta abar.

Erakusketan Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetako eta Gordailuan, Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan babestutako ehungintzarekin erlazionatutako piezen bilduma dago ikusgai, goruak, ezpatak eta ardatzak bezalako tresnak/lanabesak.

'Haria galtzen' erakusketa Cristina-Enean izan zen ikusgai 2016ko abenduan, 13 artisten lanekin. Igartubeitin erakusketaren ikuspegi berri bat eta berrinterpretazio bat eskaintzen da, testuinguru berri batean eta elementu berriak txertatuz.

Igartubeitin ikus daiteke asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igandeetan goizez bakarrik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos