Artez Blai ikerketa sarira lanak bidaltzeko epea astelehenean amaituko da

Euskaraz edota gaztelaniaz idatzitakoa lanak bidal daitezke, arte eszenikoen ingurukoak

Artez Blai kultur elkarteak antolatzen duen Artez Blai arte eszenikoen ikerketa sariaren 2017ko ediziora lanak aurkezteko epea datorren astelehenean bukatuko da, irailaren 25ean. Lanak posta elektronikoz bidali behar dira artez@artezblai.com helbidera, eta Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko X. Ikerketa Saria aipatu behar da mezuan.

Artez Blai elkarteak bere estatutuetan jasotzen du helburuen artean arte eszenikoen inguruko ikerkuntza eta ikasketa bultzatzea dituela, eta horren ondorioz, Artez Blai arte eszenikoen ikerketa saria antolatzen du.

Edozein egilek hartu dezake parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edota doktore tesiak aurkeztuz, betiere arte eszenikoei lotuta, hau da, genero eta estilo guztietako antzerkia, dantza, zirkua, magia eta beste edozein arte performatibo. Lanak kudeaketa, teknika edo arlo artistikoari buruzkoak izan daitezke. Egileek nahi adina testu aurkeztu ditzakete, banaka zein beste egileren baten laguntzaz eginikoak.

Euskaraz edota gaztelaniaz idatzitakoak, originalak, edozein euskarritan argitaratu gabeak (ez zatika, ezta osorik) eta argitaratzeko konpromisorik gabeak izan behar dute lanek. Doktore tesien kasuan, unibertsitateen biltegi digitaletan badaude, argi adierazi beharko da. Lanen gaia librea izango da, eta luzerari dagokionez, gutxienez 175.000 eta gehienez 450.000 karaktere izan behar dute (espazioak barne).

Lan bakoitza edonolako euskarri digitalean aurkeztu daiteke; lanak izenburua izan behar du eta egile edo egileen datuak bereizirik aurkeztu behar dira. Izenpetutako aitorpen bat erantsi behar da, lana argitaratu gabea, beste sariren baten erabakiaren zain ez dagoela, argitaratzeko konpromezurik ez duela eta egileak eskubide guztiak dituela egiaztatzen duena.

Irabazten duen lana Artezblai argitaletxearen 'Teoria eta Praktika' bilduman argitaratuko da. Irabazlea 2017ko neguan jakinaraziko da www.artezblai.com egunkari digitalean, elkartearen sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan. Irabazleak argitaletxeari emango dizkio argitaratze eskubideak eta irabazien %10 jasoko du.

Epaimahaia gutxienez hiru eta gehienez bost adituk osatuko dute, Artez Blai kultur elkarteko zuzendaritza taldeko kideren bat idazkari dela. Erabakia apelaezina izango da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos