Nork egin zuen aurreneko txilena?

Cristiano Ronaldoren marka dira txilena ikusgarriak. 2014ko argazkian, Portugaleko selekzioarekin Txekiako Michal Kadlec-en aurrean./KAI PFAFFENBACH / REUTERS
Cristiano Ronaldoren marka dira txilena ikusgarriak. 2014ko argazkian, Portugaleko selekzioarekin Txekiako Michal Kadlec-en aurrean. / KAI PFAFFENBACH / REUTERS

Cristiano Ronaldok Juventusen futbol zelaian eginiko txilena ikusgarria ez da historiako aurrena, eta ez da azkena izango, bazterrak nahastu baditu ere. Askok galdetu dute jaurtiketa horren jatorriaz. Baleike Ramon Unzaga bilbotarraren asmakizuna izatea.

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ez, Cristianorena ez da lehena izan. Onena, beharbada, bai. Lehena ez. 2006an Ronaldihnok ikaragarri bat burutu zuen gaur La Ceramica izenaz ezagutzen den Villarreal taldearen zelaian. Orain Estatu Batuetan izar moduan diharduen Zlatan Ibrahimovic liskarti eta harroxko horrek Ingalaterraren kontra markatu zuena Ronaldorena baino hobea izan zela aldarrikatu du. Ez du arrazoirik falta. Suediarrak 40 metrotatik egin zuen gola. Txilenaz. Baina egiari zor, 2013ko gol hura ez zen txilena osoa izan, erdia baizik…

Ederra oso Maradona jainkoak Napolesen lortutakoa. Maila berekoa Hugo Sánchezek Logroñesi sartu ziona. Ikaragarria Wayne Rooneyek asmatu zuena Manchester Cityren ate aurrean. Parekoa Rivaldorena Valentzian.

Ezin ahaztuzkoak bi gureak: 2011ean Malagaren kontra Real Sociedadeko Carlos Vela mexikarrak gauzatu zuena eta, hori baino ederragoa suertatu zen Antoine Griezmannena. 2013ko lorpena dugu frantziarrarena. Lyon taldearen aurka.

Izan, beste asko izan dira. Batzuk sinesgaitzak dirudite oraindik ere: Anderlechti Mexesek sartu ziona. Van Bastenena… Ingelesez ez diote txilena esaten futbol zartako horri. Ingelesez bycicle kick, 'bizikleta ostikoaz' mintzatzen dira adituak, zaletuak, esatariak. Planetako beste zenbait bazterretan, makina bat jendek aspaldiko izena darabil egun ere: artazia.

Egokia da antzinako izen hori: tijeretazo, guraize-ebakia. Arras argia. Zeharo gardena, guraize xaflak baitirudite futbolariaren zangoek errematean. Airean dago jokalaria. Gorputza paralelo du zelairekiko. Hankek guraize mugimendua egiten dute. Bizkarra emanda arerioen ateari, oinbularraz egingo du tiro atletak.

Txilena. Bycicle kick. Artaziarena. Tijeretazo. Lau izen, oso gutxitan lortzen den jaurtiketa baterako. Baina burutuz gero, bai plazera! Sortzailearentzat. Ikuslearentzat. Zaletuarentzat.

Artazi-ebakia. Ronaldorena akatsik gabea izan zen. Mugimendu bertikal-bertikala. Airean zela, 2 metro 21 zentimetroko altueran, jo zuen baloia. Baina, ez pentsa, jo aurretiko prestaketak ere oso gutxitan izan du parekorik belardian. Ikasia. Landua. Zaildua. Berdingabea: beste inork baino oinkada luzeagoz bukatu zuen gorputzaren desplazamendua. Denborari dagokionez ere berezia izan zen bere errematea, ohiko txilenak baino gehiago iraun baitzuen. Tirorako prestaketa horrek istant bat iruditu arren, nahikoa izan zuen jokalariak abiadura eta indar beharrezkoak lortu ahal izateko… Airean, horizontalean, Fosbury altuera jauzilari mitikoaren moduan salto, gol egiteko.

Baina noren asmaketa izan zen futbolaren paradoxa eder hori? Baloiaren jokoa sakon maitatzen zuen Eduardo Galeano idazlearen esanetan, izkribuetan, 1914. urtean gertatu zen. Txilen, jakina. Talcahuanako portuan. Sortzailea? Asmatzailea? Arerioaren iruzurgilea? Kulpantea?...Nor? Euskal Herrikoa izan behar. Bilbotarra, hain zuzen ere. Ramon Unzaga zuen grazia. 1806an iritsi zen Amerikara. 12 urteekin. Ikatz-mehatzetan egin zuen lan. Jenio bizi-bizikoa. Istorio batek dio partida batean kanporatu egin zutela behin. Pistola eskuan zuela zelaiaratu zen berriro, eta tiroka hasi.

Jendeak maite zuen ordea. Maite du egun ere. 2014ean eskultura bat jarri zuten haren oroimenez. Brontzezko Erramun horrek txilena egiten darrai portuan.

Ramon Unzagaren omenezko eskultura Txileko Talcahuanon.
Ramon Unzagaren omenezko eskultura Txileko Talcahuanon. / EFE

Peruko zaleak sekula ez dira ados izan guk kontatuarekin. Eurek badute beste futbolaren azti bat. Euren ustez, askoz lehenago egin zen akrobazia miresgarria zelai batean: 1892an. Akrobataren izenarekin , berriz, inor ez da akordatzen. Bai ordea lehiakideak zeintzuk ziren: marinel ingelesak. Bai, bertsio honetan ere kaian izan zen. Baina ez Txilen, Callaon baizik. Peruko zaleek ez diote ez txilena, ez bycicle kick ez artazi-ebakia deitzen. Eurentzat beti izango da chalaca.

FIFAk (Nazioarteko Futbol Federazioak) bertsio biak onartzen ditu, ez baitu nahi inolako istilurik kide diren herrialde artean. Are gehiago: hirugarren bat agertzen da Federazioko historia liburuetan. Bertan non eta Brasilen kokatzen dute estreinako txilena.

Futbolaren inguruko eztabaidek ez dute sekula santan amaierarik. Lehena nor izan zen auzitan bada, ika mika handiagoa eragiten du beste kontu batek: nork, noiz, non zabaldu zen munduko lau izkinetara? Tokian tokiko erantzunak izango dira, ez izan dudarik, baina gure ingurumariari dagokionez, badirudi 1927an Santiago hiriko Colo Colo taldea, hainbat federazioren gonbita jasota, Europaratu zela. Orduantxe, antzinako soropil haietan, erremate ikusgarriak hartu zituen , lehenbizikoz, ikusleak ustekabez.

Garaiko kontakizunen arabera, Colo Coloko kapitainak, David Arellanok askotan errematatzen zuen txilena ederraz. Tamalez, Valladoliden hil zen. Zilbor-hernia zuen. Nahi gabe, jokaldi ezusteko batean sabelaldean jo zuen Real Union Deportivako David Hornia futbolariak. 24 ordu beranduago hil zen ospitalean kapitain bikain hura.

Laburbilduz, kontu kontari darraigu txilenaz, artaziarenaz, bycicle kick, tijeretazo erremateaz futbolzaleok. Garbi ez dakigu ezer, egia da. Ezta teknikoki ere. Zeren… pase txar baten ondorioz, aurrelari batek txiripaz asmatu beharreko nola-halako errematea ba al da hala asko praktikatu eta gero buruturiko miraria? Auskalo…

Ronaldok bai. Ronaldok urte luze batez egin ditu ehunka saio Juventusen zelaian lortu zuena lortzeko. Gora Erramunek edo Deabruak berak asmaturiko txilena, chalaca, artazi-ebaki hori!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos