Aresti gogoratuko dute, 'Euskal Harria' lanaren 50. urteurrena dela eta

1969ko argazkian, ezkerretik eskuinera, Luis Villasante, Gabriel Aresti eta .Jose Azurmendi./ARESTI FAMILIA
1969ko argazkian, ezkerretik eskuinera, Luis Villasante, Gabriel Aresti eta .Jose Azurmendi. / ARESTI FAMILIA

Jardunaldi berezia antolatu nahi du Euskaltzaindiak asteazken honetarako Bilbon, Gabriel Aresti Elkartearekin batera

'Euskal Harria' poema liburuaren 50. urteurrenaren harira, Gabriel Aresti idazle bilbotarraren ibilbidea gogoratuko dute asteazken honetan, urriaren 11n, Bizkaiko hiriburuan, 'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' jardunaldiarekin. Ekitaldia Euskaltzaindiaren egoitza nagusian izango da, Plaza Barrian, eta Euskaltzaindiak Bilboko Udalarekin urtero sinatzen duen hitzarmenaren ondorioetako bat da.

Arestiren 'Euskal Harria' poema liburuak 50 urte betetzen dituenean, jardunaldi berezia antolatu nahi izan du Euskaltzaindiak, Gabriel Aresti Elkartearekin batera. Idazle eta euskaltzain bilbotarra oso ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Berrian, hala nola Xabier Kintana,Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- edo Jon Kortazar.

Horrez gain, Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian; bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu, eta idazle bilbotarrak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du aktoreak. Goiz partean, Agustin Ibarrolari gorazarre txiki bat egingo zaio, eta Susana Jodra ikerlariak Ibarrolak 'Euskal Harria' poema libururako egindako grabatuak aztertuko ditu.

Arratsaldean, 19:00etan, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia idazleen arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira. Euskadi Irratia eta Bilbo Hiria irratiek zuzenean eskainiko dute jardunaldia.

Bestalde, bien arteko lankidetza hitzarmenaren baitan, Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak sei kontzertu akustiko antolatu dituzte, Akademiaren egoitzan bertan, urrian eta azaroan. Lehena astelehenean izan zen, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelekin eta Xabi Bastidarekin; urriaren 16a La Basu eta Maisha izango dira protagonistak; urriaren 23an Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena.

Halaber, azaroan, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk joko du (6an), eta zikloa astebete beranduago bukatuko da, azaroaren 13an, Niko Etxartek eskainiko duen kontzertuarekin. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai, 5 euroan, egun berean eta Euskaltzaindiaren egoitzan bertan (agortu arte).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos