Ama, arbola naiz eta harro nago!

Apurka, kostata, hasi gara gizakiok basoak pixka bat ulertzen/AFP
Apurka, kostata, hasi gara gizakiok basoak pixka bat ulertzen / AFP

Egunotan eskola eta ikastoletan izaten diren antzezlanetan baten bati egokituko zaio arbolarena egitea eta ez dragoiarena edo neska gerlari ausartarena. Minduko denik bada, nahiz eta zuhaitz bat izateak merezi duen. Zinez, gainera

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Peter Wohlleben baso ingeniaria da. Alemaniako Eifel eskualdean ingurumena errespetu handiz, osoz maneiatutako oihan-ustiapen batean egiten du lan. Zuzendari. Asmo ikaragarria du bihotzean zein idazten dituen liburuetan eta eskaintzen dituen hitzaldi eta mahai inguruetan: Lurrari zor diogun hori bueltatzea, lurrarekin dugun zorra kitatzea, alegia. Zein ote zor hori? Hain beharrezkoak, hain ezinbestekoak diren jatorrizko Antzin Antzineko baso haiek izan daitezen berriro planeta gurean. Zioa argi eta garbi azaltzen du Obelisco argitaletxeak plazaratua, zientoka ale saldu dituen La vida de los árboles liburuaren egileak: basoko lur zati bakan batean, erraz aurkituko dituzu uretan diren gizakiak baino izaki bizidun gehiago.

Guk, gizakioi dagokigun harrokeriak bultzatuta, orain arte zera pentsatu dugu: arbolak dira mugitzen ez diren zurezko izaki horiek, hosto berde batzuk polit errematurik direnak. Ez dira mugitzen (printzipioz) eta guretzat, mugitzen ez denak ez du bizitzarik barruan barrenetan. Jakin badakigu, eskolan ikasia, munduko birikak direla baina horri ez diogu garrantzi handiegirik ematen. Izan ere, duela gutxi arte, minik ez zigun egiten Amazoniako arbolak mozten ikusteak. Mugitzen ez den horrek ez omen baitu bizitzarik bere baitan. Ezta nerbio- bukaerarik edo sentimenik ere. Azken finean, ez dute ez hitzik, ez doinurik, ez soinurik egiten. Beraz, gure buru eskeman papera eta sutako egurrerako baino ez zuten balio.

Guretzat, mugitzen ez denak ez du bizitzarik, nahiz eta badakigun zuhaitzak munduko birikak direla

Gu ergel hutsak ginen. Beste hainbat, maltzur alakoak. Bazekiten negozioetarako horren traba handia egiten zuten erraldoi isil horiek errez gero, lur kiskalia merketuko zela. Eta su ematen zieten (ematen diete) mendiei. Baziren beste batzuk ganaduak, soroek eta kanpinek basoak baino diru etekin handiagoak ematen zituztelaz ziur zeudenak. Beraz, moztu zituzten, mozten dituzte. Bat ere ez gorde gabe kasu eta leku askotan. Erraldoi horien sustrai sendoen babesa galdua, inolako toperik aurkitu gabe, hasi zen mugitzen lurra. Urak soro, kanpin, larre horietara ekarri zuena, ondorioz, herioa izan zen. Herioa tona lokatzez mozorrotua.

Apunte batzuk

Apurka, kostata hasi gara gizakiok basoak pixka bat ulertzen. Baina oraindino ikastetxeko Gabonetako antzezlanean arbolarena egitea (nahiz eta Gernikakoa bedeinkatua eta sakratua izan, nahiz eta egun, arbolak besarkatzea moda bihurtu izana) laido antzeko zerbait den. Haur bat ere ez da etxeratu 'Ama, zein ondo, arbola izango naiz!' esanez kontent garrasika.

Orain arte. Aipaturiko liburuak kontatzen duena gure egin arte. Eta zer da asumitu beharreko hori? Misterio eta kontu miragarri hamaika. Esaterako:

Basoa inurritegi antzeko super organismoa da, zuhaitzak sustraien bidez daude konektatuta. Are gehiago, are harrigarriagoak dira orain arte arbolei jaramonik egin ez diegunentzat: konexio horien bitartez, beraienak ez diren espezienak bereiz ditzakete. Baita bere kideak direnenak ere.

Oihanean bada izugarrizko konpetentzia. Era berean, adiskidetasun harremanak sortzen dira eta gerta liteke arbola batek bere adarrekin aldamenekoa babestea

Ba omen (agian omen hori kendu beharko genuke) dakite elkarrekin askoz hobe funtzionatzen dutela, elkarrekin sortzen dutelako tokiko giro orekatua. Arbola bakoitza garrantzitsua da basoko komunitatean. Hori ere ederki asko dakite eta ondorioz arbola bat ere ez da bakardadean hazten, bizi, koskortzen edo hiltzen. Gaixo diren horiei behar dituzten mantenugaiak, elikagaiak ematen dizkie oihaneko komunitateak

Naturaren beste espazioetan bezala, oihanean bada izugarrizko konpetentzia. Bizirik iraun ahal izateko. Baina era berean, adiskidetasun harremanak sortzen dira eta gerta liteke arbola batek bere adarrak aldamenekoari min edo traba egin ez diezaiotela kontrolatzea.

Hazi hitza, koskortu hitza erabili izan dugu. Ba ote da gurasoen eta seme alaben arteko harreman antzekorik zuhaiztietan? Bai horixe. Eta oraingoan ere, erroak dira bideak, zubiak, tutu komunikatzaileak. Haien bitartez daude kontaktuan, harremanetan eta arbola amak beharrezkoak dituzten azukrea eta beste nutrienteak bidaltzen dizkie horrela.

Sabai itxia

Sorpresa are handigoa hartuko duzue jarraian doakizuena irakurtzean. Basoetan izan ohi diren sabai lodi, trinko, tapituak baditu xede batzuk eta ez da gutxienekoa arbola txikien hazkuntza babestea. Eguzkiaren argiaren %3a baino ez da pasatzen hosto eta adarretan zehar, eta horrela arbola txikiak ez dira hazten behar baino azkarrago.

Guk oraindino ez dakiguna zientziak badaki. Zuhaitzek ikasteko gaitasuna badute baina zientzialariek elkarri egiten dioten galderak oraindik ez du erantzunik: Non eta nola gordetzen dute ikasi duten hori? Nola eskuratzen dute jakinduri hori behar duten aldiro?

Eguzkiaren argiaren %3a baino ez da pasatzen hosto eta adarretan zehar, eta horrela arbola txikiak ez dira hazten behar baino azkarrago

Ez, ez dute berba egiten. Baina hitzik ez izateak ez du esan nahi komunikatzeko ezgai direnik. Usain substantziak askatuz arriskua hurbil dela abisatzen diote elkarri. Eta defentsarako prestatzen dira pozoiak barreiatuz. Badira beste abisu motak: elektrikoak! Sustraietan zehar? Baita onddoen konexioak erabiliz ere. Arbolentzat, onddo horiek gure nerbio-sistemaren antzeko zerbait lirateke.

Kurioso, laborantzako landareak gorrak eta mutuak dira egun. Horrexegatik gutxi egin dezakete seko kaltetuko dituzten zomorroen kontra.

Egunotan lehorteak daude leku askotan. Kexu al dira arbolak? Bai. Ultrasoinuak erabiliz Suitzan egindako ikerketen arabera, urik ez bada, garrasi egiten dute beldurrez eta erne.

Bai, ama arbola izango naiz ikastolan eta harro nago!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos