Antzerki eta disko ekoizpenean du euskarak presentzia handiena

Bi hilabete barru, Landakon ikusiko da nola joan den 2017. urtea. /MORQUECHO
Bi hilabete barru, Landakon ikusiko da nola joan den 2017. urtea. / MORQUECHO

Bi arlo horietan %70etik gorako pisua du, eta %50 ingurukoa argitalpenetan eta ikus-entzunezko ekoizpenean

Ekoizpenaren aldetik euskarak ekarpen handia egiten dio EAEko kulturgintzari. Kulturaren Euskal Behatokiak argitaratu duen 'Arte eta Kultura Industriak Estatistika' lanaren azken datuen arabera, antzerki eta disko ekoizpenetan duen pisua %72,6 eta %80,5ekoa da, hurrenez hurren. Ikus-entzunezko ekoizpenaren erdia da (%50,7), EiTB kontuan hartuz gero, eta argitalpen ekoizpenaren %51,4. Programazio eszenikoari dagokionez, EAEn programatutako hamar ikuskizunetatik lau euskaraz dira (%40,6).

629 eragileren informazioa hartu da kontuan lana egiteko. Azterlanaren arabera, EAEko kultur sarearen "suspertze dinamika bat" sumatzen da aurreko txostenarekin alderatuta, diru sarreren eta gastuen balantzea positiboa baita eta enpleguak gora egin baitu. Estatistika hau bi urtean behin egiten da eta EAEko kultur eskaintza dinamizatzen duten eragile pribatu zein publikoen informazioa eskaintzen du. Azken txostenean aditzera eman diren datuei dagokienez, iaz egin zen landa lana (eragileek 2015eko datuak eman zituzten), eta 2017an datuak aztertu, garbitu eta ustiatu egin dira.

Bestalde, datu berrien arabera, emakumeek kultur sektoreetako enpleguen multzoan duten pisua nahiko orekatua da, baina alde handiak daude emakumeen eta gizonen artean dituzten postuei erreparatuz gero. Emakumeek arteetako eta kultur industrietako enpleguen multzoan duten pisua %47 da. Liburuaren eta ikus arteen sektoreetan du emakumeak presentziarik handiena: esparru horietako hamar langiletatik sei emakumeak dira.

Hala ere, emakumeen funtzio profesionalaren azterketak datu esanguratsuak erakusten ditu; nagusi dira kudeaketa eta administrazioa postuetan (%69,9) eta gizonak baino gutxiago teknikari eta zuzendari profiletan (%43,8 eta %37,1).

Suspertze dinamika

Azterlanak titulartasun pribatuko agenteen nagusitasuna islatu du, halaber, nahiz eta eragileetatik jasotako informaziotik beherako joera bat igarri. Era berean, estatistikak jaso du eragile pribatuen nagusitasunak (%57,7) ez daukala proportzionalki egokitu beharko litzaiokeen pisua: eragile publiko eta pribatuen diru sarreren bolumena 175 milioi euro inguru da (%48,2 pribatuen kasuan). Enpleguari dagokionez, titulartasun pribatua duten agenteek langileen %51,5 biltzen dute.

Aurreko 'Arte eta Kultura Industriak Estatistika' lanarekin alderatuta (2015ean argitaratuta, 2014an landa lana egin ondoren 2013ko datuekin), azken emaitzek erakutsi dute kultur sarearen "suspertze dinamika bat" nabaritzen dela. Eragileek eskainitako datuen arabera, agente sarea %3,5 hazi da (23 eragile gehiago) eta 2015eko gastuen eta diru sarreren balantzea positiboa da, 6,2 milioi euroko emaitzarekin. Azken datu honek aldaketa argia erakusten du aurrekoarekin alderatuta, balantzea negatiboa izan zen eta. Enpleguari dagokionez, langileen %5eko gehikuntza islatzen da azken datuetan, 138,5 enplegu gehiago izanik.

Egoera lurralde historikoen arabera aztertuta, eragileen kontzentrazioa antzematen da Bizkaian, baita haren pisu ekonomikorena eta enplegu arloko pisuarena ere (diru sarreren guztizkoaren %65,2 eta %61,5, hurrenez hurren). Alabaina, lurralde bakoitzaren pisu demografikoa kontuan hartuz gero, datuak bestelakoak dira: kultur sarearen 100.000 biztanleko ratioa handiagoa da Gipuzkoan (35,5), Bizkaian (26,5) eta Araban (23,3) baino.

Bestalde, azken estatistikaren datuek erakusten dute EAEko artista eta sortzaileen pisua argi eta garbi nagusi dela kultur ekoizpenean eta kultur programazioan: antzezpen eszenikoen %56tik ikus arteen erakusketen %67,1erainoko tartea hartzen du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos