Antzerki klasikoan inspiratutako programazioa nagusi Erriberrin

'Hamlet', Alfonso Zurroren arabera./
'Hamlet', Alfonso Zurroren arabera.

Uztailaren 20tik abuztuaren 4ra bitartean ospatuko da jaialdiaren 19. edizioa

Euskal Herriko antzerki jaialdirik garrantzitsuenetakoa da Erriberrikoa. Nafarroako herri historiko horretan egiten den antzerkiaren inguruko topaketak ez dio euskarari tarte handirik eskaintzen, hori ere egia da, baina antzerkizale askorentzat ezinbesteko hitzordua da.

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurtengo edizioa, hemeretzigarrena, uztailaren 20tik abuztuaren 4ra bitartean egingo da. Aukera zabala dago, beraz, egitaraua aztertu eta, handik urruti egotekotan, ihesalditxo bat egiteko. Aurkezpenean Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Dori López Juríok eta Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis Jiménezek adierazi zutenez, «antzerkiaren festa bihurtzeko xedearekin» antolatu dute jaialdia. «Antzerki klasikoan inspiratutako programazioaren aldeko apustua egin du aurten, garai eta joera eszeniko guztietara irekitzeko eta nortasun propioa duen nazioarteko erreferentziazko jaialdi bihurtzeko asmoz, Europako zein Latinoamerikako egile eta taldeei tartea eskainiz», nabarmendu zuten.

Jaialdiko zuzendari artistikoak gaineratu zuenez, «taldeei edo proiektuei baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen diot publikoari. Honen arabera hautatzen ditut kulturarako sarbide handiagoa nahiz kontzientzia eta gogoeta kritikoaren ikuspegitik obrarekiko eta eszenaratzearekiko bat-egite handiagoa eskaintzen dizkiguten proposamen eszenikoak».

Ikuskizun nagusiak

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, Erriberriko Antzerki Jaialdiak zuzendari gonbidatu bat izanen du 19. edizio honetan: Alfonso Zurro, antzerkigilea, eszena-zuzendaria eta Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolako zuzendaritza eszenikoko irakaslea. Bere lanaren zati handi bat Sevillako Teatro de la Jácara taldearekin egin du eta Caín Club Teatro konpainiaren sortzailekidea da.

Zurrok ongi bereizitako bi proposamen aurkeztuko ditu La Cavako agertokian antzerki programazioa hasi eta bukatzeko, hurrenez hurren: batetik, bere azken sorkuntza, 'Luces de Bohemia' (1924), 98ko Belaunaldiko antzerkigilerik nabarmenenetakotzat jotzen den Ramón María del Valle Inclán idazlearena; eta bestetik, sari gehien ekarri dizkion lana, 'Hamlet' (1599), William Shakespearerena. Bata zein bestea El Teatro Clásico de Sevilla taldeko produkzioak dira.

Horrez gain, Erriberriko ikusleak Mexikoko 1910eko iraultzetara abiatuko dira Los Colochos konpainia mexikarraren 'Mendoza' ikuskizunarekin. 'La Fiesta del Viejo' taularatuko duen Índigo Producciones konpainia argentinarrarekin, Jaialdia familia barruko betiko gatazka eta traizioetara abiatuko da.

Frantzia ongi ordezkatuta egonen da bi egile handiren eskutik. Batetik, 'Marivaux', Thomas Jolly zuzendari gaztearen gidaritzapean. Espainian eskainiko duen lehenengo ikuskizun honetan, La Piccola Familia izeneko konpainiaren laguntzaz, 'Arlequin poli par l'amour' (1720) antzezlana eskainiko du frantsesez, baina gaztelaniaz azpidatzita. Thomas Jolly Avignongo Jaialditik etorriko da zuzen-zuzenean Erriberrira.

Bestetik, Molière eta 'Tartufo, el impostor' (1664) gaztelaniaz entzuteko aukera izanen da Madrilgo Venezia Teatro konpainiarekin. Hauxe izango da Pedro Víllorak landutako bertsio honen azken funtzioa.

Gaztela eta Leondik, Antzerki Klasikoaren Konpainia Nazioanalarekiko (CNTC) koprodukzioan, Nao d'amores Espainiako antzerkiaren jatorrietara bidaiatu da Torres Naharroren 'Comedia Aquilana' (1485) obrarekin. Ana Zamorak zuzendu du Espainiako antzerkigintzako lehen obra erromantikoa.

Miguel de Cervantes idazleak ere merezi duen lekua izanen du Erriberrin, Lauretzi Producciones taldeak 6 eta 80 urte bitarteko publiko guzti-guztientzat prestatu duen 'El hermano de Sancho' izenburuko jolas eszeniko, bisual eta soinudunarekin. La Cavan, Sara Caleroren 'Fandango Street' dantza flamenkoko ikuskizunaz bukatuko da jaialdia.

La Cavatik kanpo, jaialdiak Errege Jauregiko zenbait areto eta Erriberriko hainbat esparru publiko hartuko ditu, José Padillak iazko edizioko 'Poetica Teatral' zikloaren barnean eta 'On Kixote' liburuko Marcela artzainaren pertsonaiaren bakarrizketan oinarrituta sortu duen 'Gris/Mar' ikuskizunaren bi emanaldi eskaintzeko eta nafar taldeen beste lau proposamen taularatzeko, 'Egile espainiarrei buruz, koblakariengandik 98ko belaunaldiraino' lemapean: 'La Trovairitz', Montse Zabalza eta Peio Otanorena; 'Como las cenizas por el fuego', Iralei Teatro taldearena; 'Polvo serán… mas polvo enamorado', La Nave Teatrorena; eta 'Tres tristes tigresas', Atikusena.

Edizio honetan, jaialdiak bi antzerki-esperientzietan parte harzteko aukera emanen die publikoari eta Erriberriko biztanleei. Bata, 'Negua', Iparraldeko dantzak eta erritualak Erriberriko landa eremuko inauterietako maskarekin eta dantzekin lotuta eskainiko dituen kaleko ikuskizuna; eta bestea, 'Vecindarios', Candelita clownak landutako egoitzako lana, zein, aitonak irakatsitako poesiekin eta istorioekin liluratuta, Pirinioez bestaldetik etorriko baita astebetez, Erriberrin beste auzokide bat balitz bezala finkatzeko asmoz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos