Greziar fenomenoa

34 zenbakiarekin, larunbatean Los Angeles Lakers-en aurkako norgehiagokan. Lonzo Ball eta Kyle Kuzma ditu aurreak. Kronikek diotenez, berak eraman zituen Bucks-ak 98-90 garaipenera./TANNEN MAURY/EFE
34 zenbakiarekin, larunbatean Los Angeles Lakers-en aurkako norgehiagokan. Lonzo Ball eta Kyle Kuzma ditu aurreak. Kronikek diotenez, berak eraman zituen Bucks-ak 98-90 garaipenera. / TANNEN MAURY/EFE

Giannis Antetokounmpo du grazia eta hauxek dira bere neurriak: 211 zentimetroko altuera eta 221ko beso-hedadura. 27 zentimetrokoak zituen eskuak 19urterekin. NBAko Milwaukee Bucks saskibaloi heroia ('miraria') da

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Badu komikietako superheroi bati ederki asko legokiokeen goitizena: 'The Alphabet' ('Alfabetoa'). 'The Greek Freak' (Greziar fenomenoa) ere deitzen diote. Aragoi aldean, 'aragoiar magikoa' izendatu zuten 18 urte zituelarik, orduantxe Zaragozako CAI taldeko kirol zuzendaria zen Willy Villarrek fitxatu zuelako. Hala ere, partida bat ere ez zuen inoiz jokatu Ebro ibaiaren ondoan

Antzinako Greziako heroienaren parekoa den istoria du Antetokounmpok. Paperik gabe Atenasera iritsi ziren Nigeriako etorkinak ditu gurasoak. Txikia zela, Thanasis anaia nagusiarekin jardun zuen kaleetan saltzaile, familiak bizirik iraun zezan ahaleginetan. 17 urteekin Greziako bigarren mailako Filathlitikos taldearekin ekin zion jokatzeari. Bere estraineko denboraldian, partidako 9,5 puntu, 5 errebote eta 1,4 asistenzia lortzen zituen.

Bideo baten bitartez ezagutu zuen Willy Villarrek. Ikusitakoak ahoa bete hortz utzi eta segituan Greziarako bidea hartu zuen, saskibaloiko mirari hura benetakoa ote zen baieztatu ahal izateko. Urte gutxiren bueltan, kirol zuzendariak aitortu zuen Giannisen jokatzeko manerak gorputza dardaraz jarri ziola: "Aingeruek baloia botako bazuten, Giannisek bezala botako zuketen. Atleta hutsa zen. Denekin juntatzen zen primeran eta zutoin baxuan ederki jokatzen zuen". CAIko ordezkariak presidenteari deitu eta berehala, segundo bat ere galdu gabe fitxa zezan eskatu zion, otoi. Eskatu/exijitu.

Giannisek lau urteko kontratua sinatu zuen zaragozarrekin, baina Greziako denboraldia bukatu orduko, Milwaukee Bucks-eko ordezkari-ehiztariek 'drafteatu' zuten Antetokounmpo. 400.000 euro pagatu zioten CAIri eta beltz greziarrak talde estatubatuarraren elastiko berdea jantzi zuen, Zaragozara arrimatu ere egin gabe.

Baina, zer demontre da 'draft' hori? Ipar Amerikako herrialdeetako (baita Australiakoek ere) kirol taldeek daukaten eskubide/abantaila harrigarria munduko beste ligetako jokalariak aukeratzeko… Oraindik ez da asmatu CAI bezalako taldeak defendituko lituzkeen legezko tresna europarrik.

2014ko argazkian, Greziako selekzioarekin 'hegan', Senegalen aurkako partida batean.
2014ko argazkian, Greziako selekzioarekin 'hegan', Senegalen aurkako partida batean. / AFP

Olimpoko antzinako heroien tankera, itxura eta neurriak dituen paperik gabeko gurasoen semea beti akordatzen da Bartzelona, Madril, Estudiantes, Baskonia, RetaBet Bilbao Basket eta GBCren kontra jarduteko beta izan zuela behin, baina jakin badaki egun, NBAko izar disdiratsuena dela. LeBron James baino handiagoa? Bai eta ez. Ez, LeBron erabateko erregea delako. Bai, duela hilabete eskas hasi zen hango Ligan Giannisek 31 saskiratze dituelako partidako eta LeBronek, berriz, 29,1. Bai Jamesek 32 urte dituelako eta Giannisek 23. Are gehiago, bere hobetze prozesua, bere bilakaera, egundokoak dira. Ez bakarrik estatistiketan, baizik eta bere jokatzeko era heterodoxoagatik, sailkagaitz bihurtzen duten berezko manera horiek direla eta. Beste saskibaloiko erraldoi baten iritziz, Kobe Bryanten ustez alegia, faraoi batena dirudien izena duen jokalari hau NBAko urrengo Most Valuable Player (kirolari guztien artean baliotsuena) izango da.

Lesionaturik zegoela-eta, aurtengo Eurobasketen ez zuen jokatzerik izan Greziako selekzioan, baina hainbat elkarrizketatan ederki asko ageri du ez dela ahazten ez gurasoek utzi behar izan zuten aberri urrutikoaz, ez haien sufrikazioez, ez kaleetan egiten duen hotzaz, ezta jaio zen lurraldeaz ere, Olinpo mendia bizileku zuten heroien lurralde horretaz.

Legendaren oinarriak jartzearekin batera, kirol zientzialariek bere gorputzaren dohainak aztertzen dituzte harriduraz: aldakak omen ditu izugarri egokiak hegaletara aisde eta eroso mugitzeko, abiadura handiz. Giharrak, berriz, koiperik gabeak... Ondorioz, indar ikaragarria sortzen dute azkar asko. Olinpoko XXI mendeko heroiak Milwaukeen dihardu. Margoan. Zutoin baxuan. Saskirantz hegan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos