Animazio eta bikoizketa tailerrak egingo dituzte Donostiako Principe zinema aretoan

Haur talde bat bikoizketa tailerrean/Usoz
Haur talde bat bikoizketa tailerrean / Usoz

Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, Zineuskadirekin elkarlanean, umeentzako tailerrak antolatu ditu euskal hiriburuetan aste honetarako

DV

Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak (EZAE) bat egin du Zineuskadi elkarteak eta EiTBk sustatutako Zinegabonak kanpainarekin, eta animazio eta bikoizketa tailerrak zein proiekzioak eskainiko ditu Donostiako Principe, Bilboko Golem Alhondiga eta Laudio Top zinema aretoetan. Haurrek zinema euskaraz ikusten eta egiten gozatzea helburu du egitasmoak, eta igandera arte egingo da.

EZAEk jakinarazi duenez, jarduera guztiak goizeko 11:30ean hasiko dira, ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta euro bateko prezioa. EZAEren aretoez gain, Euskal Herriko beste hiru zinema areetok parte hartuko dute Zinegabonak kanpainan: EiTBren Multibox aretoak, Iruñeko Golem Baionak eta Urruñako Itsas-Mendi zinema aretoak.

Urteko azken egunetan burutuko diren jardueren artean, animazioaren eta bikoizketaren munduak barrutik ezagutzeko aukera eskainiko duten eta bereziki haur eta gaztetxoei zuzenduak egongo diren bi tailer egingo dira.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleek antolatutako marrazki bizidunen tailerrean, "stop motion" teknikak ematen dituen aukerak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, "light-painting" bidez egindako animazioak gauzatuz. Prestakuntza praktikoa lantzeko, haur eta gaztetxoek linterna eraman beharko dute, eta zazpi urtetik beherakoek heldu batekin etortzea gomendatzen da.

Bestalde, Binahi agentziako profesionalek tailerra eskainiko dute film baten bikoizketa nola egiten den irakasteko. Gainera, Zinema Euskaraz katalogoko pelikula bateko eszena baten bikoizketan parte hartuko dute gaztetxoek.

Azkenik, asteburuan animaziozko filmen proiekzioaren txanda helduko da. Abenduaren 30ean eta 31n, EZAEko hiru aretoetan sei pelikula ikusi ahal izango dira: "Ozzy", "Orm Elurretako Erresuman", "Zikoinak", "Albert", "Pan" eta "Zazpigarren Ipotxa". Sarrerak salgai daude zinema aretoen leihatiletan eta SADE zinemen eta Golem Alhondigaren webguneetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos