Ander Lipusen antzezlan berria, orain Donostian

Patricia Urrutia eta Ander Lipus. / MIKEL FRAILE

'Hozkailua' adiskidetasunari buruzko obra da eta bi aktore ditu oholtza gainean

DV

‘Hozkailua’ eskainiko du Huts antzerki-taldeak ostegun honetan, ostiralean eta larunbatean, Victoria Eugeniako Club Aretoan, gaueko 9etan.

Unai Iturriagaren testu baten gainean eraikitako antzezlana da. Bi aktore agertzen dira oholtzan, Ander Lipus eta Patricia Urrutia, zuzendari-lanak Manex Fuchsek egin dituelarik.

Sinopsi hau zabaldu du taldeak: «Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londresetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea». Obrak badu absurdo-ukiturik, Ander Lipus aktorearen lanetan ohikoa den bezala.

Ander Lipusek adierazi duenez, «adiskidetasuna da antzezlanaren muina. Hiru lagunok kolegak izan ziren, Lonsresen ibili ziren punk mugimendua gustukoa zutelako, eta orain, urte asko pasa direlarik, Maite eta Karlosek gogoeta egiten dute orain zer den beren bizitza».

'Road movie'-tzat ere hartu omen daiteke antzezlana. «Antzezlan hau pentsatzean, Sam Shepard-en dramaturgiaz orotu ginen, Estatu Batuetako mendebaldeaz –eta gure mendebaldea Bardeak izango lirateke, ezta?–, 'Paris-Texas' filmaz...», esan du Lipusek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos