Ameslarien amets txakurra

AEBtara hjaurtzaroan iritsitako migratzaileen eskubideak babesten ditu DACA programak/EFE
AEBtara hjaurtzaroan iritsitako migratzaileen eskubideak babesten ditu DACA programak / EFE

‘Dreamers’ deitzen diete Estatu Batuetan. Ameslariak. Haurrak, gaztetxoak zirela hara joan ziren. Paperik gabe, baimenik gabe. Bizitza berri bati ekin zioten. 18 urte bete orduko euren lege egoera aldatzen da. Zer gertatzen da beraiekin? Deserrituko dituzte? Obamak ezetz esan zuen. Trumpek baietz dio

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Duela astebete, New Yorkeko 59. Kalea eta Bosgarren Etorbidearen artean den plazan zientoka ameslari bildu ziren eta Trump Dorrearen aurrean geldiarazi lo egiten ez duen hiri horretako zirkulazioa. Oihuka ari ziren. Eta ederra ziren euren leloak: Ez dut paperik, ez dut beldurrik!; Hemen gaude eta ez gara joango.

Polizia hor zegoen, jakina. Eta Poliziak 34 ameslari atxilotu zituen. Haien artean, Bernie Sanders hautagaiaren aldeko kanpainan jo eta ke aritu zen Erika Andiola borrokalari fina, etorkinen alde milaka aldiz agertu dena. Erikak polizia-etxean giltzapetua izan baino lehen mezu bat bidali zion Donald Trump presidenteari: Herrialde honetatik bota nahi gaituzu. Oker zaude. Ez gara estreinako ameslariak. Estatu Batuak dreamersek sortuak dira. Gure gurasoak ameslariak izan ziren. Baita herri honetara Mayflower itsasontzian iritsi ziren lehendabiziko horiek ere. Oker zaude, presidente jauna. Asko dugu hemen egiteko, asko herrialde honi emateko. Ez gara inora joango. Ez dugu paperik, ez. Are gutxiago beldurrik.

Kontua da Obama Etxe Zurian izan zen garaietan DACA izeneko legea martxan jarri zela. DACAK ingelesez esan nahi du, gutxigorabehera, Haurtzaroan Iritsitako Horien Aldeko Gerotutako Ekintza. DACA horren nondik norakoa honelakoxea da: 18 urte betetzen zutelarik haurrak zirela Estatu Batuetan iritsi ziren horiek nolabaiteko luzapena lortzen zuten. Bi urtetan behin berrituko zena. Luzapen horri esker lan egiteko paperak eta kotxea gidatzeko agiria eskuratzea errez asko izango zuten. Eta dute oraindino. Are gehiago, erbesteratu zorian izanez gero, lege horren ezarpenak frenatu egingo zuen (frenatzen du, oraindino) salaketa, prozedura.

DACAren onuraduna izan ahal izateko gazte horiek aurrekari penalik ez zutela frogatu behar zuten. Frogatu ere 16 urte bete baino lehen iritsi zirela Estatu Batuetara. Baita Bigarren Mailako Hezkuntzan edo Unibertsitatean zeudela ere. Ez zen panazea ikaragarria. Hutsune handiak zituen eta kasu mingarrienetan (baita surrealistenetan ere) gurasoak deportatu izanak eta seme alabak herrialdean jarraitu ahal izatea suertatu zen. Baina haurtzaroan zein nerabezaroan Arizonan zein New Yorken edo Floridan bizi izan diren 787.580 gazterentzat izan zen onuragarria Obamaren eta Partidu Demokrataren erabaki hori.

Alta, kontu jakina da Barackek egindako guztia deseustatzea dela Trumpen desiorik handiena. Euskadiko Osasungintza eredu, hainbat eta hainbati segurantza soziala eskeini zion Obama Care ekimena suntsitzen zazpi ahaleginak egin eta gero (alferrik), orain DACA du helburu Melanieren senarrak. Ez du murriztu nahi zeharo ezabatu baizik.

Zer esan nahi du horrek? 685.000 gizaki deserriratu arriskuan daudela. Kontuan harturik haietako %91a lanean dagoela eta 91 horretako kopuru handi batek beste askorentzako lanpostuak sortu dituela, baita enpresa berriak ere, ikerketa frankoren arabera, Trumpen azken aurreko barrabaskeriak 460.300 milioi dolarreko galera ekarriko lioke (10 urtetan) Estatu Batuetako Barne Produktu Gordinari. Eta ez da bakarrik diru arazoa. Baita kalitatearena. Ameslari hauek sortzen ari diren enpresak ez dira hala-moduzkoak. Izan ere, teknologian adituak dira asko eta asko, zerga-aholkulariak beste pila eta artisau eta sortzaile benetakoak besteak. DACA martxan jarri zenetik izugarri hobetu da gehien bat Mexikotik, El Salvadorretik, Hondurasetik eta Guatemalatik (ez ahaztu herrialde horiek direla, hain zuzen ere, non bestearen bizitzak, zureak ere, gutxien balio duen lekuak) etorri ziren horien bizi kalitatea. Soldatak, adibidez, 10.29$ ordukotik 17,46ra igo dira.

Baina zer dauka Trumpek ameslarien kontra? Auskalo. Sekulan existitu ez den amerikar garbiaren bila eta dabil, amerikarra izateak zertan datzan jakin gabe. Ondorioz, berak sortu duen irudi honetan sartzen ez den oro kanporatu nahi du. Okerrago ere, ze kasu honetan bahi hartu dituelako ameslari horiek. Mexikoko agintariei luzatu dien proposamenak ez du ez hanka ez buru: Dreamers horiek salbatu nahi badute, trukean, Latinoamerikako herrialde horiek Donaldek eraiki nahi duen harresi ditxoso hori pagatu behar izango dute.

Presidenteak bazterrak horrela astindu ondoren, haserre bizian agertu dira zientoka hamaika sareetan eta hedabideetan. Eta ez bakarrik Latinoamerikako lur horietan. Baita Silicon Valleyen ere. Microsoft, IBM, Apple, Google edo Amazon bezalako enpresa erraldoiek sinatu berri dute adierazpen duin eta gogorra. Adierazi diote Presidenteari, jende gazte, prest, dohatsu hori guztia galtzeak arriskuan jarriko lukeela Estatu Batuetako etorkizuna. Beldurtu (bide, omen) dute Etxe Zurian bizi den hori Trumpek irailaren 3an idatziriko txioa (Kongresu kideok egizue, azkar egin beharrekoa DACA dela eta!) jan behar izan zuen ostegunean eta honako hau eskribitu: datozen sei hilabeteetan, bederen, ez duzue zertan kezkatu beharrik, ameslariak. No action!

Baina mehatxuak bertan darrai. Sei hilabete ez da ezer zure bizitza, zure ametsak hari harian badira. Paperik ez, beldurrik ez!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos