Amaia Hennebuttek egingo du Nekatoeneako idazle egonaldia

Amaia Hennebutte. / Xan Aire-EFE

«Haur poesia aldarrikatu, asmatu eta plazaratu» nahi du udazkenean Hendaiako etxe ederrean eleberri bat idatzi nahi duen irakasle eta sortzaile lapurtarrak

Dezente izan dira saioa egin dutenak, eta bakar bat hautatua: Amaia Hennebutte lapurtarra. Berau izango da udazkenean Nekatoenea etxean idazketari eta sorkuntzari emandako egonaldia egingo duena. 2017ko urria eta azaroaren artean lau astez izango da Hendaiako etxean, Abadiako Eremuan, haur eta gazteei zuzenduriko eleberri bat idazteko xedearekin.

Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Idazleen Elkarteak eta NEKaTOENEa, Euskal Itsasbazterreko IEZIren sorkuntza arloa denak, antolatzen duten deialdia zazpigarren ediziora iritsi da aurten eta, aurrekoetan bezala, aukera eman dio idazle bati idazketan murgiltzeko, etxeak eskaintzen sosegua baliatuz.

Amaia Hennebuttek adierazi du "haur poesia aldarrikatu, asmatu eta plazaratu" nahi duela. Lehendik ere makina bat liburu argitaratutakoa da, batez ere Ipar Euskal Herriko argitaletxeen eskutik, irakaskuntza eta publiko gazteari zuzendutako denetariko sorkuntza uztartzen dituen Hennebutte. Ez da gainera espresiobide bakar batera mugatzen, berdin lantzen baititu marrazkia, antzerkia, soinua, testuak, jokoak...

Honela aurkeztu du EKEk, bere hautaketaren berri emateko prestatutako oharrean: "Lanbidez irakasle, idazle, ikusgarri-sortzaile, marrazkilari, hitzen malabarista ere ... haurrengandik gertu izan dena eta sinesten duena txikienek ere poesia merezi dutela, ongi barneratzeko gai direla. Liburu andana argitaratua eta Euskal Herriko zoko guzietan hainbat ikusgarri eskaintzen duena".

Lehen urratsa eman dugu, hautaketarena, beste idazleren artean Amaiaren proposamenak kalitate eta fineziaz betea dela frogatu du. Hautaketa egin ondotik, Amaia etorriko zaigu bisitan uda honetan elkarrekin udazkeneko data zehatzak finka ditzagun. Urria eta azaroaren artean lau asteko egonaldia egingo du Abadiako Eremuan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos