Amadeus kamioi eta kaminoetan

Milos Formanen 'Amadeus' filmeko irudia, Mozart lanean irudikatzen duena. / DV

Auzoz auzo dabil Erroman Opera Etxeak atondutako kamioi handi bat. Barruan Don Giovanni, Leporello, Elvira, Ana eta Komendadorea doaz. Opera taularatzeko beharrezkoak diren gailu eta tramankulu guztiak ere bai

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Wolfgang Amadeus Mozarten bizitza eta heriotza kontatzen duen Milos Formanen pelikula ahaztezineko eszena batean, 'Txirula Magikoa'-ren emanaldi bat jartzen da irudietan. Estreinakoa. Horren masonikoa, horren libertatearen aldekoa, horren ederra den opera hori ez zen estrenatu antzoki eder, dotore, luxuzko batean, arras herrikoia zen Freihaus-Theater auf den Wieden baizik. Freihaus hitzak, berez, erdigunetik kanpo, hiritarturik ez ziren eremuetan sortutako eraikinak adierazten ditu. Zer motako erakinak? Dirudunek sekulan erosiko ez lituzketen etxeak, emakumeak prezio onean lor zitezkeen txabolak eta garagardo beroa eskaintzen zuten tabernak. Hiritar duinak ez ziren haraino arrimatzen. Hiritar duin horiek, beraz, ez zuten Gauaren Erreginaren etorreraren berri izan, 'Txirula Magikoa' han estrenatu bait zen. Frei Haus Antzokiaren jabea zen Emanuel Schikanederrek ekoiztu zuen opera. Baita libretoa idatzi ere.

'Txirula Magikoa' ez zen estreinatu antzoki eder, dotore eta luxuzko batean, arras herrikoia zen areto batean baizik

'Amadeus' filmak hori guztia irudikatzen du. Papageno eta Papagena kantari ari direla, zilindro antza zuen antzokiko palkoetan bezero-ikusleek kantuz, txaloz, ohiuz eta edaten jarraitzen zuten antzezpena. Denak kontent, denak gustura, Wolfgang Amadeus ederki ezagutzen zutelako. Kide, lagun eta, haiek bezala, pobre, beti eskasian ibiltzen diren horietakoa. Hala ere ez pentsa, nahiz eta kantuz eta traguz, jakin jakin zuten Txirula artelan parekaezina zela. Horrexegatik jo zuten txalo zaparrada. Amaieran? Ez, nahi zuten une guztietan.

Denboraren poderioz, ohiturak aldatu ziren. Utzi egin zioten garagardo etxeetan operak antzezteari. Erreleboa hartu zieten garagardotegiei La Fenicen. La Scalan. New Yorkeko METen. Bordeleko eta Pariseko Opera Etxeetan. Londreseko Covent Gardenen. Berlingo Ezkipeko Staatoperrean. Bayreuthen, Salzburgon. Vienakoan. Aire librean inoiz ez? Bai, uda partean: Veronan zein Erromako Caracalla bainu erromatarretan. Baina aipaturiko leku horietan beti serio, beti zintzo, beti zuhur jokatu behar dute ikusleek. barrerik ez, zerbeza toparik ez eta txaloak, berriz, egokiak diren uneetan. Beste instant guztietan ixil egon behar da. Orain arte… 2017ko uda arte.

'Txirula magikoa'-ren egokitzapena, 2012ko Musika Hamabostaldian. / USOZ

Erromako Opera Etxeak erabaki ausart, fin eta sendoa hartu du; Wolfgang Amadeus Mozarten 'Don Giovanni' eramango ditu aurten zazpi muinoetako hiriko ertzetan dauden aldirietara. Traste guztiak, emankizun baterako beharrezkoak diren tresnak, gehi kantariak eta musikariak sartu dituzte kamioi erraldoian eta, esaterako, Tor Tre Trestera joan dira. XX.menderaren erdira arte, Tor Tre Tresten soroak eta inorenak ez ziren eremuak baino besterik ez zegoen. Erroma oso urrun geratzen zen. Geografikoki. Sentimentalki ere. Egun, Erromako barrutia da. Halere, Fontana de Trevi urruti dago. Oraindik ere. Baina biztanle harroak ditu auzoak. Maite dute maite Richard Meierrek sortutako Dio Padre Misericordiosoren eliza. Maite dituzte maite garabiek suntsitu ez zituzten harri erromatar gutxi horiek. Maite dute maite esperientzia berria, operarena.

Lurrikarek gogor jotako Amatricera ere eraman du opera ibiltariak 'Don Giovanni'. / EFE

Etxetik jaitsi zituzten aulkiak. Ardo botilak. Kafe makinak. Pizzak eta paniniak. Grappa kopa asko. Eta beraientzako propio prestaturiko 'Don Giovanni'-ren bertsioa ikusi zuten. Berarientzako egokitua. Ez da gauza bera Erromako Opera Antzokian antzeztea edo kamioi baten plataforma gainean orkesta lurrean duzuela eta argiak kamioiaren kabinatik zintzilik.

Gauak ere badu eragin zuzena. Iluntasunak arropak kolore argiagoak izan ditzan eskatzen du. Baita kantarien makilajea ere. Eta ahotsak… ahotsek ez dute non errebote egiterik.

Iraupena ere moldatu behar. Hiru ordu irauten du bukaera beldugarria duen opera honek (gogoratzen zarete pelikulan nola agertzen zitzaion aitaren mamua Mozarti? Gogoan Joseph Loseyen bertsioaren amaiera izugarri hura?) Egokitu zuten. Moztu (ederki asko eta erruz). Argudioan zein musikan utzitako zauriak leundu eta 90 minutu baino gehiago ez zuen iraun Tor Tre Tresteko biztanle askok operarekin izan zuten lehendabiziko topaketa hark.

Txalo eta brabo zaparradak Erromako ertz horretako gauean. Eta Amadeusen espiritua, kontent, dagoen lekuan dagoela ere. Baina kamioiak ez zuen erdigunerako bidea hartu. Inolaz ere. Bigarren ekitaldia lurrikarak azpian harrapaturiko Amatrice herrian izan da. Duela bi aste. Hondakinen artean, opera. Oraindik tristeziaz eta pobreziaz bizirik dirauten horientzat. 'Don Giovanni'. Mozart. Opera. Haientzat. Abandonaturik sentizen diren horientzat. Kamioi baten gainean. Lur zaborraren gainean, Don Giovanni. "Là ci darem la mano, vorrei e non vorrei…"

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos