Alexis Zorbaren hitz eta egintzekin gozatzeko eta ikasteko aukera

Luis Berrizbeitia eta Xabier Mendiguren, liburuaren aurkezpenean. / ELKAR

Orain dela 60 urte hil zen Nikos Kazantzakis idazle greziarraren eleberri ezaguna euskaratu du Luis Berrizbeitia

Askorentzat, Zorba greziarra da izenburu bereko filmaren azken minutuetan Basil idazle erdi ingeles erdi greziarrak eta Zorba greziar petoak (Alan Bates eta Anthony Quinn aktoreek) Mikis Theodorakisen musika entzuten den bitartean dantzatzen duten sirtakia, deskalabruari aurre egiteko ez baitago dantza bezalakorik.

1964an estreinatutako Michael Cacoyannisen 'Zorba the Greek' filmak arrakasta handia izan zuen, eta zazpi kategoriatan izendatu zuten Oscarretarako, nahiz eta hiru baino ez zituen lortu. Gauzatu gabe gelditu zenetako bat gidoi egokitu onenaren Oscarrerako proposamena izan zen. Saria jaso izan balu, zuzendaritzaz ez ezik gidoiaz ere arduratu zen Cacoyannisek ordurako hilda zegoen Nikos Kazantzakis (1885-1957) idazlea ekarriko zuen zalantzarik gabe gogora, Basilek eta Zorbak osatzen duten bikote paregabea, horien mailari eusten zioten gainerako pertsonaiak bezala, Kazantzakisek sortu baitzituen 1946ko 'Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak' eleberrirako.

Kretan jaio eta Alemanian hil zen idazlearen heriotzaren 60. urteurrenean, Elkar argitaletxeak ekarri du Greziako literatura modernoak eman duen idazle handienetakoaren lan ezagunena euskaraz irakurtzeko aukera, Luis Berrizbeitiaren itzulpenari esker. Genero guztiak landu zituen idazle oparoa izan zen Kazantzakis. Bidaia liburuak, poema liburuak, eleberriak, antzerkia…, denetarik aurki daiteke Nobel Sariaren atarian gelditu zen idazlearen obran.

Eleberri horretarako, funtsezko gai askori buruz - maitasuna, heriotza, aberria, askatasuna, Jainkoa…- aritzeko bidea eman zion bikote arketipikoa sortu zuen. Basil kezkaz beteriko idazle gazteak eta Zorba berritsu, jakintsu eta bizizaleak, alegia, izaera, nortasun eta ikuspegi guztiz desberdinak dituzte, eta desberdintasun horietan oinarritzen da solasaldi, bakarrizketa eta sesio ugariren bidez gauzatzen doan harremana. Gozatzeko liburua da irakurlearentzat, ikasteko ere bai.

Esan bezala, azalean Zorba dantzan duen 444 orrialdeko liburua Luis Berrizbeitiak (Abadiño, 1963) euskaratu du. 'Zoperna jenerala' (Pamiela, 1987) eta 'Eremu karroinduak' (Elkar, 1992) poema liburuez gain, 2009an 'Basamortua' argitaratu zuen, 2008an Nobel saria irabazi zuen Le Clézioren 'Désert'-en itzulpena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos