Alberto Iglesiasek Ohorezko Mikeldietako bat jasoko du Zinebin

Alberto Iglesias, artxiboko argazkian./G.VILLAMIL
Alberto Iglesias, artxiboko argazkian. / G.VILLAMIL

Marco Bellocchio zinemagile italiarrak ere jasoko du sail ofizialean 32 herrialdetako 62 film lehian izango dituen zinemaldiko ikurra

Azaroaren 10ean hasiko den Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 59. edizioko hasiera ekitaldiko protagonistak Alberto Iglesias eta lehiara aurkeztu diren euskal film laburrak, Ohorezko Mikeldietako bat jasoko baitu konpositore donostiarrak. Jaialdia azaroaren 17ra arte egingo da eta sail ofizialean 32 herrialdetako 62 filmek hartuko dute parte, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehian: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean euskal zinemagileek egindako sei lan daude.

Alberto Iglesiasekin batera, Marco Bellocchio zinemagile italiarrak ere zinemaldi bilbotarraren Ohorezko Mikeldia jasoko du jaialdiaren amaiera ekitaldian, azaroaren 17an, Arriaga Antzokian. Gainera, bere lan garrantzitsuenetako batzuk proiektatuko dira jaialdian zehar. 'Per una rosa' (2017) film laburra jaialdiaren amaiera ekitaldiarako gorde dute.

Esan bezala, 62 film ariko dira lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa (22), dokumentala (21) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean euskal zinemagileek egindako sei lan daude: 'Plágan', Koldo Almandozena (dokumentala); 'Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia)', Aitor Gametxorena (dokumentala);'Lo-ibiltariak', Iñigo Salaberriarena (dokumentala); 'Areka', Begoña Vicariorena (animazioa); 'Aprieta, pero raramente ahoga', David Perez Sañudorena (fikzioa), eta 'Zacarías', Violeta Trincadorena (fikzioa). Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira guztiak.

Ernesto del Rio Zinebiren zuzendariak, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kulturako zinegotzi ordezkariak eta Luis Egiraun jaialdiaren programatzaileak Zinebi 59ren aurkezpen prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, Ivan Arguello zinemagile nikaraguarrak, Guadalupe Echevarria artistak, Renata Gasiorowska animaziozko zinemagile poloniarrak, Lola Mayo gidoilari eta ekoizleak eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiarrak osatuko dute Zinebi 59ren nazioarteko epaimahaia.

Bestalde, Silvano Agosti idazle, zinemagile eta banatzaile italiarra, Alejandra Trelles Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria eta Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarra izango dira Zinebi First Film sailaren film hoberena aukeratuko duen epaimahaikideak. Iaztik, mundu osoko zinemagileen lehen lanei eskainitako sail honetan bederatzi lan lehiatuko dira.

Halaber, lehiaketatik kanpoko 'Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama' sailak dokumental egile handien azken garaiko bederatzi ekoizpen ikusteko aukera eskainiko du, besteak beste, Wang Bing txinatarraren 'Mrs. Fang' edo Nancy Buirski estatubatuarraren 'The Rape of Recy Taylor'.

'Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi' sailari dagokionez, Zinebi 59k azken urteetan gai anitzei buruz egindako zortzi euskal lani eskainiko die arreta -sei dokumental eta bi fikzio-. Horien artean dago Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak zuzendu duten eta Zinebiren lankidetza duen 'Atrapados por la serpiente' Cancer Moon Bilboko rock taldeari buruzko proiektuaren aurkezpena.

Emanaldi berezien artean nabarmentzekoa da Bilbao Sinfonía taldeak, Arantzazu Calleja konpositore eta biolinistak eta Alvaro Segovia gitarrista eta pianistak zuzenean interpretatuko duten ikus-entzunezko poema musikatua. Zinebiren ekoizpen propioa da, eta performance izaera du. Lanaren abiapuntua Juan Ortuostek eta Javier Rebollok 1987an zuzendu zuten triptikoa da, eta Bilbok azken 30 urteetan izan dituen hirigintza, kultur eta gizarte arloko eraldaketak erakusten ditu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos