Ahozkotasuna ehuneko ehun

Sebastian Lizaso/Eli Aizpuru
Sebastian Lizaso / Eli Aizpuru

Sebastian Lizasok jantziko dio gaur txapela BECeko irabazleari

FELIX IBARGUTXIDonostia

Sebastian Lizasok jantziko txapela dio gaur BECen irabazle gertatuko den bertsolariari. Aitortza egin nahi izan dio Bertsozale Elkarteak. Iñaki Murua, elkarteko lehendakariak aste honetan adierazitakoa: «Plazaz plaza izugarrizko ekarpena egin duen bertsolaria da. Azkarra da, ondo betetzen duena plaza ez ezik, baita lagunartea ere».

1958an jaioa da. Ez du oraindik 60 urte bete, baina esan dezakegu lehengo mundutik datorren bertsolari erabat gaurkotua dela. Ahozkotasuna nagusi zen mundua ezagutu zuen umetan: gurasoek taberna zeukaten Azpeitiko Landeta auzoan, eta aita, Joxe Lizaso (1927-2009), bertsolaria zenez, beste bertsolari batzuk ere biltzen ziren bertara, hala nola Joxe Agirre ‘Oranda’ eta Imanol Lazkano, bertsotan egiten zuten noiznahi eta ekosistema horretan hazi zen Sebastian.

Hamabost urte zituela, behin Araotz aldera joan mendi ibilaldia egitera eta hantxe izan zuen hasiera ez-ofiziala. «Festak ziren eta azaldu ginen herrira. Benito Barrena hantxe zegoen bakarrik, kanturako lagunik gabe, eta nire lagunak hasi ziren esaten ni Joxe Lizasoren semea nintzela eta banekiela bertsotan. Halaxe, saioa egin nuen gizon harekin», adierazi du. Baten batek argazkia egin zuen, eta Joxe Lizasori eman. «Aitak erakutsi zidan, baina azalpenik eman gabe. Sentituko zuen zeozer, noski, baina badakizu nolako ziren garai bateko gurasoak».

«Aitak ez zuen nahi izaten, eta etxean sekula ez genuen bertsotan egin. Sekula ez»

Hasiera ofiziala hurrengo urtean izan zen, 16 urte zituela, Gabiriako Andre Mari festetan. «Urtero egiten zen eta egiten da bertso saioa, esan zidaten joateko eta joan nintzen. Uste dut kantukideak Zeberio, Argiñarena eta Itsasondoko Mujika bat zirela, horiek behintzat bai».

Arrasto ona utzi zuen Sebastianek. Laster hasi ziren deiak handik eta hemendik. «Ni soldaduska joaterako -eta 20 urte betetzeko nengoela joan nintzen- urtean ehun saio egiten nituen». Gazteentzako txapelketetan jardun gabe, iritsi zen 1982ko Txapelketa Nagusira eta finalista gertatu zen, 24 urte zituela. Ordurako eskarmentu handia hartua zuen plazarik plaza. Gero, 1986an, Euskal Herriko lortu zuen. «Nire bertsolari martxan ez zuen aparteko aldaketarik eragin. Hori baino lehenago plaza asko egiten nuen, eta handik aurrera berdintsu jarraitu nuen».

1986an Euskal Herriko txapela lortu zuen, baina gerta zitekeen bestela ere. «Urte hartan gaizki ibili nintzen eztarritik. Polipoak nituen. Ebakuntza egin zidaten eta medikuak esan zidan finalera ez joateko, baina horretarakoxe nengoen ni!».

Ezagutu zituen ke eta pattar arteko bertso-saioak, eta badaki alkohola saihestu beharrekoa dela. «Alkoholak lotsagabetu egiten zaitu, baina ez dizu bertsotan ondo egiten laguntzen». Urteak dira ahotsak laguntzen diola eta urtean plaza asko egiten jarraitzen du. Bera izango da gehien egiten duenetako bat. Lizaso eta Egaña, Egaña eta Lizaso bikote sendoa izan da azkeneko 30 urte honetan. 1986ko Txapelketa Nagusikoan hasi ziren harremana estutzen eta harrezkero elkarren konplize handiak dira.

«Batzuek esan didate 'aurre-itzaia' naizela, ni izaten naizela saioari hasiera ematen diona»

Aita bertsolaria izan zuen eta seme Beñatek (Azpeitia, 1982) ere hartua du bide hori. «Aitaren azkeneko urteetan hiru-lau saio egin genituen hiru belaunaldiok. Eta ni beldurrez, aitarengatik eta semearengatik. Ez nuen ondo pasatzen. Mendexan egin genuen saio bat, beste bat Zerainen, beste bat Araotzen…».

Handia da: Lizasotarrek plazan bai, baina etxean bertsorik ez. «Etxean, elkartzen ginenean, aitak ez zuen nahi izaten, eta sekula ez genuen bertsotan egin. Sekula ez. Nik ez dakit aitak zer pentsatzen zuen nire bertso-lanaz. Ez zen gizon espresiboa».

Bada adituek azpimarratzen duten Sebastianen dohain bat: abiadura. Gizon handia da, baina bertsokera arin eta azkarrekoa. «Eta batzuek, Imanol Lazkanok-eta, esan didate ‘aurre-itzaia’ naizela, alegia, ni izaten naizela saioari hasiera ematen diona. Bai, uste dut halaxe izaten dela, baita Andoni Egañarekin jarduten naizenean ere».

Aita 2009an hil zitzaion Sebastiani. Urte batzuk lehenago, Josemari Iriondok biografia idatzi zion: ‘Nere aldiko kronika’ (Sendoa, 2001). Hona hemen liburuaren aurkezpenean seme Sebastianek aitari kantatutakoa:

Eskerrak, aita, enborrik gabe

ez da izaten adarrik.

Zuretzat eta besterentzako

ez zaizu falta indarrik.

Liburu hortan isladatzen da

pasarte polit ederrik.

Historirako geldituko da,

ez dago esan beharrik.

Zuk historia egin bai dezu

ta ez kontatu bakarrik.

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos