Agur t’erdi, ahizpak

Gal Gadot aktorea, 'Wonder Woman' filmean.

'Wonder Woman' film bikainak amazonak ekarri ditu gurera. Aro guztietan zehar, lur guztietan barna iraun duen mitoa gaurkotu du. Feminismo amazonikoaz mintzatzen da saiakera askotan, eta makina bat ikertzaileren aburuz, amazonak itzuli dira

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Wonder Woman/ Emakume Miragarria/Mujer Maravilla komiki-izakia da. 1941ean William Moulton Marston idazle, psikologo eta asmatzaileak sortua. Konpainia onean, bi emakume paregaberen laguntzaz: emaztearena (Elizabeth Holloway) eta adiskide min batena (Olive Byrne).

Jaioko ziren gero Catwoman eta beste hamaika, baina Temyscirako Diana izan zen lehenbiziko superheroia. Batmanen, Supermanen, Spidermanen pare. Leinu argikoa zen (da) Diana. Hipolita zuen ama. Aspaldiko izkribuetan agertzen da emakume txit goren honen izena ('zaldiak aske uzten dituena' esan nahi du). Amazonen erregina zuzen eta zintzoa. Mitologiaren arabera, Gerraren Jainkoa, Ares, zuen aita; Zeus maitale; Akilesen kontra gogor jardun zuen Penthasilea ahizpa; denetan trebeena zen Antiope bere armadaren jenerala eta Herkules, ai Herkules… hiltzaile.

Planeta honetako kasik paradisua zirudien leku batean jaio zen Diana (Hipolitaren eta Zeusen alaba), Itsaso Beltzean den Themyscira irlan. Handik etorriko zen Diana gizakion mundura, gure ondoan eta gure alde borroka egitera. Maiz, sarri (sarriegi, akaso) guk geuk sortutako mamuen kontra. Guk geuk eragindako triskanzetatik gu libratzeko etorri zen Diana hainbat, hainbat, hainbat tebeotako orrialdeetan zehar. Ez zen sekula bere ospea oso handia edo distiratsua izan. Besteek lortu zuten irakurleen, zaletuen, zinemaren estima sakonagoa: Amerika Kapitainak, X-Menek, Mendekatzaileek, Jokerrek. Baina derrepentean, hona hemen Themyscirako printzesa zineman, hona takila marka guztiak hautsiz.

Patty Jenkins zuzendaria, aurtengo Wonder Con-en. / Gage Skidmore

Hona emakume batek (Patty Jenkinsek) egindako filmean. Hona hainbat eta hainbat, hainbat eta hainbat saiakeraren protagonista. Bat aipatuz gero, delizioso arras den Elisa McCauslandek kaleratutako 'Wonder Woman, el feminismo como superpoder'. Bertan, Diana bere osotasunean, bere ingurugiro mitologikoan, bere testuinguru egungoan, bere janzkeran zein ibilkeran eta jasan dituen itxuraldaketa orotan aurkitzen dugu. Diana gerlaria, Diana Circe jainkosa eta belagilearen aurka. Diana lehendabiziko sufragisten pare eta ikur. Diana egun. Diana gurea. Diana amazona guztien artean dohatsuena. Diana bere generokideek berreskuratu beharreko enblema. Diana, gizonezkoaren izua, ginonezkoaren desira ezinezkoa…

Eta paperezko hausnarketa horren atzean, gaurkotu berri den irudi hilezkorra, bere tribuarena: amazonak!

Askok pentsatzen dute gizonezkorik onartzen ez duten emakume gerlari horien mitoa Antigoaleko Grezian sortua dela. Eta hala da, jakina. Baita, ordea, beste munduetakoa ere. Greziarrak (gizakiak zein jainkoak) izan ziren haien aurrean belauniko jarri behar izan zuten lehenak.

Horrela kontzaten dute, bederen, zientoka ontzik, milaka horma irudik, ezin konta ahala diren bertsok. Izen berezia eta zehatza du amazonen aurka izandako/galdutako gudak islatzen dituen arteak: amazonomakia.

Errespetu, errezelo, lilura eta gorroto handiz egiten zieten aurre soldaduek arkuarekin trebe eta zaldiz aise ibiltzen ziren emakumeei, gizonezkoen beharrik ez zuten haiei. Horrexegatik, amazonomakiako grabatu eta pinturetan amazonak ez dira agertzen gizaki moduan baizik eta parekorik ez duten beste kreatura gaindiezinen antzaz. Esaterako… zentauroak bailiren bezala.

Beldurrik gabe zihoazen borrokara amazonak.

Baina esandakoa, emakume fier horien mitoa (errealitatea, agian?) munduko lau kantoietan zabaldu zen. Plinio historiagile erromatarraren esanetan, berariek asmatu zuten gero armada guztiek erabiliko zuten arma: gerra aizkora. Cristobal Colonek eta Hernán Cortesek Espainara bidalitako gutunetan amazonen berri eman zuten eta begitazio horiek direla eta Nilok, Yangtsek eta Mississipik baino ur gehiago daraman ibai amerikarrak du duen izena. Ipar Europako tradizio guztietan walkiriak agertzen dira eta inork ezin du ahaztu Wagnerrek sorturiko Walkirien Kabalkada, gero Coppolak 'Apocalypse Now' filmean bikain oso erabili zuena.

Baina dena ez da mitologia: Frantziako Iraultzaren garaian Thérése de Méricourt borrokalariak (amazona eskarlata deitzen zioten iraultzakideek), Bastilla konkistatu beharreko momentuan, emakumezko armada bat sortu eta borrokarako entrenatu zuen. Nola zuen izena kale erregimendu honek? Phalange d'amazones.

Mendeak joan, mendeak etorri. Estatu Batuetako Gerra Zibila eta gero, hainbat emakume beltz eguneroko bizitza latzari aurre egiteko elkartu ziren fier eta balent. Izena? Colored Amazons.

Garai berean, Bachofen antropologoak honela definitu zuen amazonen izana: Ahizpatasun Protokomunista Militarra.

Gaur, bada ordua berdefinitzeko XXI. mendeko amazonia berria, ze amazonak, Patty Jenkins zuzendaria, Gal Gabot, Robin Wright eta Connie Nielsen aktore emakumeak lagun dituztelarik; Elisa McCausland saiakeragilearen eta bere konplize anitzen konpainia dutela, itzuli dira gurera. Eta, antza, hemen geratuko dira betikotz. Zelatan. Armetan. Zaindari. Entrenatzaile, Andre eta jabe. Denak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos